EHBai-ren posizioa bigarren itzuliari begira

Frantses hauteskundeko presidentzialen lehen itzulia iragan zen joan den igandean, apirilaren 10a. Testuinguru berezi eta beldurgarrian iragan den kanpaina honek, ez ditu inondik inora, egun, jendartean indarrean diren problematikak tratatu.

Gure mugimendua, beti borrokatu da eta borrokatuko da eskuin muturrak aitzinean ematen dituen ideia horien aurka. Xenofobian, bazterkerian, homofobian eta ideia identitarioetan oinarritua den Marine Le Pen-en proiektua oztopatu behar dugu. Izan karrikan edota bozka bidez. EHBaik, eskuin muturrari bozka bat ere ez ematera deitzen du.

Hala ere, azpimarratu behar dugu, eskuin muturraren ideien garatzea, azken urteetan eta urtez urte errotu eta aplikatu den politika liberalaren ondorio zuzena direla. Honek, jendartearen arteko desberdintasunak areagotu ditu prekaritatera bultzatuz eta krisi klimatikoa larrialdi egoera oraindik gehiago lanjerean eman ere.

Bigarren itzuli honetan dugun egoera, ez zaigu batere komeni. Barne mailan martxan jarri dugun prozedura baten ondorioz, EHBaik, bigarren itzuli honetarako bozka kontsignarik ez ematea deliberatu du. Bakoitzak erabakiko du nola aurre egin eskuin muturrean eta politika neoliberalean oinarrituak diren ideieri.

Hala eta guztiz ere, EHBaik, gaurdanik adierazten du heldu den gobernuarekiko izanen duen kontrakotasuna.

Orain, ekainean iraganen diren hauteskunde legegileei begira jartzen gira, nun EHBai bozka buletinak presente izanen diren ipar Euskal Herriko bozka bulego guzietan. EHBairen aldeko bozka, azken urteetan ipar Euskal Herrian eraman diren hamaika borroken alde bozkatzea izanen da: laborantza iraunkorra, klimaren aldaketaren kontrako borroka, etxebizitza eskubideen aldeko borroka…

0 Comments