Emmanuel Macron, Europar Batasunaren Kontseiluko Lehendakaria

Joan den urtarrilaren 1az geroztik eta 6 hilabetez, Emmanuel Macron da Europar Batasunaren Kontseiluko Lehendakaria.

Frantziako Lehendakariak bere kargualdia burujabetzaren, hazkunde ekonomikoaren eta humanismoaren ikur azpian eman du. Baina hitz eta kontzeptu horien gibelean, Emmanuel Macronek kargu hortarako daraman proiektua berriz ere europako populuen errealitatetik deskonektatua da, bere baitan hetsirik egonez eta Europar Batasunaren ganik izan ditzakegun itxaropenei ez du inola erantzuten.

Hitz emana diguten Schengen espazioaren erreformak ez du deus onik iragartzen. Burujabetzaren estakuruan, egiazko baragailuak eraiki gogo ditu Emmanuel Macronek. Mugak indartu, kontrol armatuak areagotu, gomendatzen dituzten segurtasunak eta defentsak Europar Batasunaren politikei gizatasuna are gehiago murriztuko diete. Migrazio joan-etorrien aurkako errepresioak egunero dramak eragiten dituen unean, « Europa bihozberago »-aren beharra dugu baiki.

Aipatzen ikusi nahi genukeen burujabetza da nazioena. Europaren eraikuntzak ezin ditu populuen eskubideak baztertu. Katalunia, Eskozia, Euskal Herria, Korsika, Gales… Europaren barneko beren geroaz erabaki nahi duten herrien zerrenda luzatzen ari da, haietako herritarren eskubide politikoen onarpena eskatzea bidezkoa da.

Europar Batasunaren Kontseiluak beharko lukeen burujabetza mota da burujabetza politikoa, lobbyen eraginetik ateratzea ahalbidetuko liokeena. Klima, zerga sistema edota osasun sailetako testu garrantzitsuak Europaren mahai gainera heltzen diren unean, biziki kezkagarria da ikustea Frantzia industrialariei bermatu dela Europaren lehendakaritzako kargualdia apailatzerakoan. Farmazia-laborategiak, nuklear saileko buruzagiak, digitaleko enpresa erraldoiak, horiek guziak dituzte anitz aldiz ikusi Emmanuel Macronen bide orria prestatu dutenek. Baitezpadako hazkunde ekonomikoak heldu diren hilabeteak markatuko ditu oraino.

Azpimarratzekoa da ere Frantziak hausnarketa bat eraman gogo duela kultur aniztasunaz eta eleaniztasunaren defentsaz Europan. Hau soberakina da ikusten dugularik nola hexagono barneko hizkuntza eskubideez trufatzen den Parise. Gainera, Frantziak Hizkuntza Gutituen Europako Karta ez du oraino berretsia eta berak izendatzen dituen herrialde-hizkuntzak gelditu gabe erasotzen ditu. Molac legearen inguruan 2021ean bizi izan dugun sekuentzia eta Konstituzio Kontseiluaren zentsura dugu horren iragan hurbileko adibide berria.

Ele ederrak, meza nagusiak, bisita ofizialak edo gomit besta desberdinak baino haratago, ekintza azkarrak ditugu Europako lehendakaritzaren ganik igurikatzen. Harrera ona egiten dakien populuen Europa, neurriaren parioa egiten duena eta klima-aldaketaren aurka modu engaiatuan borrokatzen dena. Biztanleria babesten duen Europa soziala eta estatuak laguntzen dituena zerga ihesaren eta prekaritatearen aurkako borrokan.

Engaiamendu azkar horiek gabe, eta kontsideratuz Emmanuel Macronek gehien bat bere berrautaketan izanen duela gogoa, paria dezakegu Europar Batasunaren Kontseiluko frantses lehendakaritza aldi bat gehiago buruzagi gutiengo baten zerbitzuko izanen dela eta biztanleen interesen aurka joanen dela.

0 Comments