Le temps presse! Ion, Jakes eta Unai gurekin!

Larunbatean, preso politikoen askatasuna aldarri duen hitzordu nagusia dugu Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionan dugu hitzordua arratsaldeko 15:00etan. Hego Euskal Herrian aldiz, mobilizazio deszentralizatuak deitu dituzte. Hitzordu desberdinak badira ere, helburu bera dute : Parise eta Madrileri zuzendu, Euskal Herrian jendarte zibilaren eskutik abiatutako bake prozesuaren aldeko urratsak egin ditzaten, euskal preso politikoen etxeratze bide orrian urrats positiboak emanez, azken iheslari eta preso politikoa etxeratu arte.

Aurten, 32 urte beteko dira Jakes Esnal, Unai eta Ion Kepa Parot kartzelan direla. 32 urte beren etxetik eta herritik kanpo direla. Azken urte hauetan, anitzak izan dira aske egoteko egindako eskaerak eta denak ezeztatuak izan zaizkie hurrenez hurren. Urrian, urte bat bete zen Xistor Haranburu kartzelatik atera zela. Horrek, askatze prozesuaren bide luzearen lehen urrats bat izanen zela espero genuen. Baina maleruski ez da hala izan eta egun, blokeo egoera baten aitzinean girela konstatatzen dugu.

Anitzak izan dira ere, euskal jendartearen gehiengo politiko eta sozialak egindako urratsak bake prozesu honen alde. Armagabetzetik hasita eta ETA erakundearen desegiterarte. Urrats horiek, helburu bakar batekin burutu dira beti, Euskal Herrian bake justu eta iraunkor bat lortzearen alde.
Baina prozesu hori ezin da aldebakarrekoa izan eta Parise eta Madrilek, Euskal Herriko ahotsa entzun eta kondutan hartu behar dute.

Madrilek bere aldetik, azken hilabeteetan presoen hurbiltzearen aldeko urratsak egin dituela nabarmentzekoa bada ere, ezin dugu ukatu bidea oraindik luzea izanen dela. Frantziar gobernuak aldiz, lehen urratsak egin ostean blokeo egoera batean sartu da.
Gaurkoan eta larunbateko manifestazioaren harira, berretsi nahi dugu badela garaia euskal preso politiko guziak aske eta libre egon daitezen, beren herrian lagun eta familia artean. Behar beharrezkoa da, bake prozesuaren bidean, preso diren militante guziek askatasuna lor dezaten.

EHBai beti egon da lehen lerroan aldarri horren alde eta gaurkoan errepikatu nahi dugu lanean segituko dugula azken presoa etxeratu arte. Hori dela eta, Bake Bideak eta Bakegileak abiatutako desobedentzia bidera batzen gira.
Bide luze horretan lehen hitzordua dugu larunbatean eta bertan presente izanen girela azpimarratu nahi dugu. Bide batez, euskal herriko jendarte guziari zuzentzen gira eta fase honetan gurekin batera lehen lerroan egotera deitzen ditugu.

Bada garaia, le temps presse, euskal preso eta iheslari politikoak etxera !

0 Comments