Feminizidio gehiagorik ez!

Urte berria hasi eta lau egunera, hiru izan dira frantziar estatuan egondako feminizidioak. Haserre handia eragiten duen berria da. 2021 urtean, 113 feminizidio izan dira, hots, hiru egunean behin. Eskandalagarria da ! Euskal Herrian berriz, ofizialki 5 erail dituzte.

Urte hasiera honetan nola ez gogoratu Frantziako gobernuak bere agintaldi hasieran egindako adierazpenak. Emazteek jasaten duten bortizkeriari aurre egiteko neurriak hartuko zituela iragarri zuen. Bilana egiterako orduan ohartzen gira gauza gutxi egin direla eta hartutako neurriek ez dutela egun bizi dugun errealitateari erantzuten.

Egoera honek ezin du iraun. Benetazko neurriak hartu behar dira, beren erasotzailearen aurrean emazteak babestuak izateko neurri zorrotzak plantan jarri behar dira. Ezin dugu onartu, urtarrilaren 4a garen honetan jada 3 feminizidio egon izana.

Egoera hau ez da soilik emazteen bizkar utzi behar. Jendarte osoa inplikatu behar da emazteen aurkako indarkeria desagerrarazteko. Horretarako, beharrezkoak dira ere, politika feminista edota prebentzioa sakontzeko baliabide pedagogikoak.

Aski da, emazteen aurkako indarkeriarik ez, ez hemen ez inon !

0 Comments