EHBai, igandeko pausa egunaren alde

Urtero bezala, abenduko Euskal Elkargoko plenarioan, igandeko laneren salbuespen gehigarriak dira aipagai. Auzapezek, urtean 5 igandez irekitzeko baimena eman dezakete. Elkargoan hautetsiek salbuespen gehigarriak bozkatuz gero, 12 iganderarte irekitzeko baimena izan dezakete herriek.

EHBai, supermerkatu handien alde eta komertzio txikien kaltera doan salbuespen gehigarri honen kontra da.

Joan den larunbatean, abenduaren 18a, EHBaiko kide den eta Izturitzeko ordezkaria den Gilles Haran izan zen gai honekiko iritzia eman zuen bakarra :

Lehendakari jauna, Jaun, Andereak

Egun on,

Igandeko lanari buruzko eztabaida irekiko dugun momentu hau erabiliko dut nire iritzia plazaratzeko.

Nire hitzartzea laburra izanen da, eztabaida hau urtero itzultzen delako eta aurreko urteetan jada iritzi trukaketak egin direlako.

Gaur, zonbait herrik eskatutako salbuespen gehigarriak bozkatzera eramanak izanen gira. Salbuespen horiek, auzapezek onarturako salbuespenei gehitzen dira !

Zehaztu behar dugu, salbuespen gehigarri horiek herri handietan diren supermerkatu handiei aplikatzen direla batez ere. Salbuespen gehigarri horiek, urtean 5 igandetik 12 iganderarte irekitzea ahalbidetuko lukete.

Jakin badakigu gainera, delibero hori supermerkatu handien mesederako izanen dela eta komertzio txikien kalterako.

Azpimarratu behar da komertzio txiki horiek garai zailak pasatu dituztela. Krisi sanitarioaren protokolo biderkatzeek, kalte handia eragin diete. Asko izan dira lana galdu dutenak. Beste batzuk beren komertzioa hestera behartuak dira. Erran beharra dago, krisi hau bukaezina izaten ari dela.

Baina ber zentzuan, krisi honek, kontsumitzeko era aldatu du, bertakoa eta ingurumena zein kontsumitzailea errespetatzen dituen kontsumo eredua lehenetsiz.

Gisa honetako kontsumoa, inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatzen ari da !

Gaur, igandeko pausari buruz posizionatu behar gira. Ezin dugu beti lanari pentsatu, nahiz eta biziki garrantzitsua izan.

Lagun, familia, auzo… artean pasatzeko eguna izan behar duen pausa eguna defenditu behar dugu. Denbora libre hori, soziabilizatzeko erabili behar dugu eta anitzak eta desberdinak diren aktibitateak gauzatzeko.

Laburbilduz, erran genezake, igandeko pausa eguna aldarrikatzearekin batera, elkarbizitza defenditzen dugula.

Salbuespen gehigarri honen bozka, lan denboraren banaketaren kalterako da. Lan denbora orekatu batek luke langileen aisialdi denbora hobetuko. Kontutan hartzekoa da gainera, supermerkatu handiek, beren langileak egoera prekario batean jartzen dituztela nahitara, igandean lan egin dezaten. Guzti hori, egun bizi dugun zentzugabeko ekonomiaren ondorioa dira eta horrek eragin zuzena du gure herrietako komertzio txikiengan. Egoera honekin bukatu behar dugu.
Horregatik bozkatu behar dugu delibero honen kontra.

0 Comments