AHTrik ez hemen, ez inun!

Joan den larunbatean iragandako Euskal Elkargoaren plenarioan, elkargoko hautetsiak, AHT proiektuaren inguruan zuten iritzia plazaretu zuten.

Egondako eztabaida luze eta aberasgarriei esker, bakoitzaren iritzi eta argumentuak entzun ahal izan genituen. Hiriburuko auzapeza den Alain Iriart, hitza hartu zuen lehena izan zen. Proiektu honen historikoa azaldu ondotik, honako hau nabarmendu zuen: «  Frantziako trenbide sarea, gezurraren zurrunbiloak arrapatua da eta trenbideak ez dira saturatuak. Xifreak manipulatuak izan dira proiektua inposatzeko asmoz ». Urruñako axuanta den Pantxo Tellier-ek bere aldetik, argumentu hori indartu zuen eta aldekoen iritziak baliogabetzen dituen azterketak gogora ekarri zituen.

Urruñako auzapeza den Filipe Aramendi izan zen hitza hartu zuen hurrengoa. Azken honek, herritarren nahia errespetatu behar zela azpimarratu zuen: « CADE-k bere momentuan galdeketa bat egin zuen eta ni auzapez gisa, herritar horien iritzia defenditzen dut eta proiektuaren kontra posizionatzen naiz ».

Bukatzeko, Izurako auzapeza eta 2×2 bidearen kontra aktiboki aritu zen Daniel Olzomendik, proiektu honek herri guziak ukitzen dituela adierazi zuen. « Herri gisa erantzun behar dugu eta kaltegarria den proiektu honen aurka garela kolektiboki erran ».

Hitzartzeen ondotik bozketara pasa ziren eta emaitzek argiki azaldu zuten proiektuak duen sustengu eza (144boz kontra, 41 alde eta 18 abstentzio).

Joan den ostegunean, Departamenduak, proiektua eta bere finantzamenduaren alde (54 milioi euro) egin zuen. Noski, EHBaiko kontseilu departamentariak diren Annie Poveda eta Iker Elizaldek kontra bozkatu zuten.

Bozka horien ostean, erran genezake Ipar Euskal Herriak proiektu honekiko duen jarrera ezagutzera eman duela. Euskal Elkargoak, Departamenduak ez bezala, euskal herritarren nahia hobekien defenditzen duen egitura da eta ez du lanjerosa eta zentzugabea den proiektu honen alde egiten.

Proiektuaren egingarritasuna aztertzen duten egiturei ulertarazi behar diegu proiektu honek ez duela segidarik izan behar eta hori, mobilizazio kolektiboari esker lortuko dugu. Gainera, kostu gutxiago duen aterabideak badira: deia existitzen diren trenbideak berrituz eta gure eguneroko bizian baliagarri izanen diren treinak martxan emanez.

0 Comments