Euskarak egiten gaitu herri

Gaur, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Gaurko eguna, ospakizun eguna bada ere, gure aburuz, egunero da euskararen eguna. Aske eta libre euskaraz lan eta bizitzeko eguna.

Baina gaurko egunak, euskararen aldarriak entzungai diren egun honetan, ezin ditugu alde batera utzi, euskararen erabilpena bera edota erakaskuntzan pairatzen ditugun oztopoak. Gaur egun oraindik, azterketak euskaraz pasatzeko borrokatzen ari dira ipar Euskal Herriko kolegio eta lizeotan.

Urte luzeak dira, ikasleek azterketak -brebeta eta baxoa-, euskaraz pasatzeko aldarria lau haizetara hedatzen dutela. Urteen poderioz eta aitzina eramandako mobilizazioei esker, gai batzuk euskaraz pasatzeko eskubidea irabazi da. Baina, oraindik ere, oztopo eta urradura ainitz jasotzen ditu euskarak. Zentzu horretan eta azterketak euskaraz pasatzeko aldarria ozen entzuteko, mobilizazio bat antolatuko da Bordalen abenduaren 10an. Guk EHBai gisa eta, gure ikasleek beren azterketak urte luzeetan ikasten duten hizkuntza berean pasatzeko aldarria defenditzen dugulako, mobilizazioa sustengatu eta bertaratzeko deialdia luzatzen dugu.

Baina maleruski, euskarak ez ditu soilik hezkuntza arloan oztopoak pairatzen. Joan den apirilaren 8an, Molac legea bozkatu zen Frantziako Asanblada Nazionalean. Baina, frantses gobernamenduak jarritako oztopo guzien ondorioz, Kontseilu Konstituzionalak helegitea pausatu zuen. Erabaki horrek, haserre handia eragin zuen euskal jendartean eta mobilizazio iturri izan zen.

Euskarak, eta orohar hizkuntza gutxitu guziek, estatu juridiko berezi bat behar dute bizirauteko.
Gaurkoan ere, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu, egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei : euskaldunak, elkarteak, erakasleak, ikasleak… Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez.

0 Comments