Etxebizitza Eskubidea Denontzat : herritarrak mobilizaturik !

Larunbat honetan, azaroaren 20a, 8000 ginen Baionako karriketan, “Vivre et se loger au Pays ! Espekulazioa ez!” lemapean. Ipar Euskal Herriko biztanleek masiboki erantzun diote mobilizazio-dei horri. Hexagono mailan sekulan ikusi ez den manifestaldirik handiena etxebizitza eskubidearen alde. Apostu ausarta izan zen antolatzaileentzat bainan benetako arrakasta !

Lehenik, eskerrak eman nahi dizkiegu manifestazio handi hau antolatzen parte hartu duten eta azken hilabeteetan atsedenik gabe lan egin duten guztiei. Egun honetako arrakastan parte hartu duten 251 laguntzaileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

Baina mobilizazio horren dimentsio masiboak, batez ere, Iparraldean etxebizitza duina eta eskuragarria atzemaiteko zailtasunaren maila nabarmendu du. Askotariko profila duten 8000 pertsona horien aitzinean, ezin dugu alde batera utzi Ipar Euskal Herriko biztanleen beharrei erantzun eraginkorrak aurkitzeko beharra eta premia. Pilota, orain, hautetsien eta botere publikoen teilatuan dago, ezin baitute herritarren aldarrikapen parean elkor egon.

Azaroaren 20a Iparraldeko biztanleen kontzientzia kolektiboa eta etxebizitzaren egoerari aurre egiteko mobilizazioa markatzen dituen data historikoa da. Une garrantzitsua da, halaber, 32 erakundek hartu baitute lehen hitzordu hori elkarlanean antolatzeko ardura.

Azaroaren 20an, Etxebizitza Eskubidea Denontzat Kanpainaren etapa garrantzitsua.

Merkatu libreari eta horren ondorioei aurre egiteko manera zabalean biltzeko premia dela eta, joan den apirilean EHBaik, sindikatuak, elkarteak eta mugimendu politikoak deitu zituen gaurko mobilizazio handi horren antolatzeko.

Joan den apirilaren 10ean, Elkargoaren aitzinean, EHBAIk dei bat luzatu zuen manifa handi baten ko antolatzeko

Oroitarazi nahi dugu, joan den apirilaren 10ean, Tokiko Etxebitza Programaren (PLH delakoa) aldeko botoa eman zenean Elkargoan, 200 pertsona bildu ziren Elkargoaren egoitzaren aurrean, Etxebizitza Eskubidea Denontzat! Kanpaina aurkezteko. Kanpaina iraunkor horrek lau ardatz ditu: Herritarren ekintzen jarraipena, Instituzioen lanaren jarraipena, Etxebizitzari buruzko herri-kontsulta bat egitea, eta, azkenik, fronte zabal bat eraikitzea, azaroaren 20ko manifestazioaren koantolaketarekin hasita.

Datozen asteetan, EHBAIk segituko du lanean beste eragileekin eta nahi duten herritarrekin elkarlan gune baten antolatzeko eta ondoko urratsak elgarrekin gogoetatzeko. Eztabaida publikoan eragitea eta garaipen konkretuak lortzeko asmoa dugu, erabaki politiko ausartak erdietsiz bai toki mailan bai hexagono mailan.

“Etxebizitza eskubidea denontzat” kanpainaren bidez lortu dugu etxebizitza eskubidearen gaia berriz ere lehen lerroan ezartzen.

Hurrengo hitzordu nagusia, 2022ko apirilaren 2a, larunbatarekin izanen dugu. Egun horretan EHBAIk irekitako urte bateko kanpainari amaiera emanen diogu, “Lurra eta Etxebizitza Ipar Euskal Herrian” foroarekin. Kanpainaren balantzea egingo dugu, eta Etxebizitzari buruzko Herri Kontsultaren emaitzak publiko eginen. Azkenik, kanpainaren segida aurkeztuko dugu espekulazioaren aurkako mobilizazioarekin eta etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidearen aldarrikapenarekin segitzeko.

0 Comments