Hiru migrante hil dira Donibane/Ziburu arteko geltokian

Gaur goizean, berri txar batekin esnatu gira. Trenbidean lo ziren 3 migrante hil dira trenak harrapaturik eta laugarren bat larriki zauritua da. Azken hilabeteetan errepikakorra bilakatzen ari den albiste txar bat da. Hiru migrante hil dira jada (batek bere buruaz beste eginik eta beste biak Bidasoa zeharkatzen ari zirela) eta hiru heriotz berri hauekin, orotara, sei dira Euskal Herrian hil diren migranteen kopurua.

Beren herritik ihes egiten dute bizi hobeago bat lortu nahian eta oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen. Oztopoak ainitzak izaten dira eta batzuetan maleruski, heriotza da oztoporik handiena.

Tristura eta haserre handia eragiten digu berri honek. Etorkinei harrera hobea egiteko, mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatzea behartzen du. Badu bost urte orain, Frantziar estatuak mugetan kontrolak gogortzen dituela Shengen eremua eta libreki ibiltzeko eskubidea urratuz. Momentu labur bat iraun behar zuen kontrola, epe luzera begirakoa bilakatu da. Kontrol horiek suposatzen duten gastu ekonomiko handiaz gain, pertsonengan ere ondorio larriak ditu. Migranteek pairatzen duten errepresio iraunkorrarekin bukatu behar dugu.

Egoera honek ezin du iraun. Bada garaia etorkinei zinezko harrera on bat emango dien politika bat lortzea. Beren herritik ihes egiten dute laguntza eske eta laguntza hori eman behar zaie. Euskal Herria, harrera herria da eta ez hilerria.

Adi egon gaitezen, gaur egunean zehar egon daitezkeen mobilizazioei.

0 Comments