Bigarren etxebizitzak eta espekulazioa EHBAIen begi bistan !

Goizean, EHBAIeko dotzena bat militanteek, Herri Berri talde munizipalarekin batean, “prentsaurreko-ekimen” bat antolatu ginuen Donibane Lohizunen, bigarren etxebizitzen egoera salatzeko eta zenbait proposamen emaiteko.

Itsas bazterretik abiatu eta, militanteek antolatu dute bisita gidatu bat. Bigarren etxebizitzetan aditua den “Donibane Travel” agentzia faltsuak zuen itzulia antolatzen. Justuki, Donibane Lohizuneko egoera azpimarratzekoa da, etxebizitzen kasik erdia bigarren egoitzak baitira (%45). Orotarat, 6500 bizitoki badira herrian hutsak direnak bederen 8 hilabetez urtean.

Bisitan zehar, lehio gehienak hetsiak, publizitatez betetako postontziak, karrika hutsak, gure mugimendu politikoaren proposamenak garatu ditugu bigarren etxebizitzen fenomenoa geldiarazteko edo apaltzen hasteko. Donibane Lohizunen berrikitan bozkatu den zerga emendatzea bigarren etxebizitzentzat beharrezkotzat jotzen dugu, baina ez nahikoa. Arlo fiskalean, beste neurrien artean, mutazio-eskubideak (ontasun higiezinak erosterakoan ordaintzen diren zergak) bikoiztea eskatzen dugu bigarren egoitza erostean. Beste neurri bat defendiatzen duguna ere, biztanle estatutu bat plantan ezartzea. Horrekin, behartuko genuke jendea zenbait urtez bizitzea Ipar Euskal Herrian erosteko eskubidea ukan baino lehen.

Bi neurri horiek lortu behar ditugun lege aldaketen etsenpluak dira. Bainan aterabideak badira ere toki mailan, Euskal Elkargoa eta Herriko Etxeen esku direnak, etxebizitza krisiari aurre egiteko. Joan larunbatean bozkatu den Tokiko Etxebizitza Planak (TEP) anbizio eskasa du arazoa konpontzeko. Horregatik herritarren mobilizazioa inoiz baino gehiago beharrezkoa izanen da neurri ausartak erdiesteko.

Ibilbide osoan, eskuorriak banatu dira eta “HUTSA” afixak kolatu dira bigarren etxebizitzen lehio hetsien gainean. Bisita gidatua bukatu zen Santa Barbara gainean dagoen bigarren etxebizitzaren aitzinean, nun militanteek banderola bat zabaldu zuten heldu den azaroaren 20an mugimendu politiko, sindikal eta elkarte ainitzek antolatzen duten manifestaldirat deitzeko.

0 Comments