Tokiko Etxebizitza Plana: Biztanleentzat egina

Larunbat honetan iraganen da Euskal Elkargoaren plenarioa. Gai ordenean diren 79 punduen artean, hautetsiek Tokiko Etxebizitza Planaren (TEP) inguruko bozka definitiboa eman beharko dute. Dokumentu estrategiko horrek, hemendik eta 2026era begirako norabideak finkatuko ditu bizitegien arloan.

Lehenago komunikatu ahal izan dugun bezala, lehen aldia da ipar Euskal Herriko 158 herriak barne biltzen dituen diagnostiko bat irakurri ahal izan dugula. Diagnostiko kezkagarria!

Azken aste luze hauetan, lurra eta etxebizitzaren gaia lehen lerroan da. Egoeraren larritasunaren aitzinean, alderdi, sindikatu, elkarte eta mugimendu desberdinak mahai inguruan jarri dira eta manifestaldi bat antolatuko dute heldu den azaroaren 20ean Baionan.

Botere publikoak, erronken mailan kokatu behar dira, arazoaren larritasuna ulertu behar dute eta konponbide zehatzak eta berehalakoak eman behar dituzte. Gure herrien etorkizuna jokoan da. Geroz eta nabarmenagoa da, etxebizitza duin bat lortzeko oztopoak biderkatzen direla. Gure ingurumena ahalik eta gutxien kaltetuko dituen eta bertako jendartearen mesedetara izanen diren etxebizitzak aldarrikatzen ditugu.

Ondoko urteei begira, erakitze kopuru altua mantenduz, Etxebizitza Planak baieztatzen du azken urteetan bizi izan dugun egoera bat. Den bezala aplikatua baldin bada, dokumentu horrek aurreikusten ditu eraikitze gehiago, prezioen igoerak segituko du, sozial egoitzak ez dira beharren arabera emendatuko, lur eremu gero eta gehiago eraikiko dira -laborantxa lurrak janez- eta bigarren etxebizitzen kopurua emendatuko da ere bai.

Gure iduriko, dokumentu honek -den bezala- ez du erantzuten gaur egun bizi dugun etxebizitzaren problematikari. TEP honen gauzapenean egondako anbizio eta baliabide eskasak, aurrera begira arrangura sortzen dizkigu.

Hori dela eta, gure aburuz, ezin da dokumentu honen alde bozkatu den bezala. EHBai-ren ustez, datorren larunbatean, hautetsiek bederen abstenitu egin beharko liratezke edo delibero horren aurka bozkatu.

0 Comments