“Zer goitatzen da erreakzionatzeko, hil bat egotea?”

Hitz horiek duela kasik urtebete lerrokatu genituen migranteen egoeraz idazten genuelarik. Zoritxarrez, hortan gaude… Eritrear gazte bat hilik atzeman da Irunen.

Azken hilabeteetan, osasun-krisiak larriagotu egiten du jada jasanezina zen egoera bat. Terrorismoaren kontrako borrokaren izenean, Prefetak ezarritako mugen ixteak errepresio eta presio onartezina zein arriskutsua eragin du.

Pertsona migratzaileei laguntza eskaintzen duten elkarteek lan handia egiten dute, baina haien aktibitatea ere ez da errexa gaur egungo testuinguruan. Baina laguntzaileek egiten duten lan handiaz gain, instituzioek ere badute zer egin.

Orain dela hilabete bat baino gutxiago, gazte ginear bat kasik ito egin zen Bidasoan. Astelehenean gazte eritrear batek, modu bortitzean eta tragikoan bere bizi dorpeari bukaera eman dio. Erantzukizuna kolektiboa da, erantzunak araberan izan behar dira.

Etorkinei harrera hobea egiteko, tokiko instituzioek zuzenean migratzaileekin eta egunero lan egiten duten mugimendu eta elkarteekin engaiamendua hartu behar dute. Baina horrek, era berean, mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatzea behartzen du. Badu bost urte orain, Frantziar estatuak mugetan kontrolak gogortzen dituela Shengen eremua eta libreki ibiltzeko eskubidea urratuz. Momentu labur bat iraun behar zuen kontrola, epe luzera begirakoa bilakatu da. Honek, beren lehengoko biziaz ihes egiteko hautua egin duten pertsonen kontra doa, muga pasatzeko oztopoak baizik atzematen dituztelako. Kontrol horiek suposatzen duten gastu ekonomiko handiaz gain, pertsonengan ere ondorio larriak ditu. Migranteek pairatzen duten errepresio iraunkorrarekin bukatu behar dugu

Azkenik, gai hori Europa mailan landu behar da, duela gutxi “Geriza eta Migrazioa” itun berria onartu zen. Itun horrek kanporatze-politika areagotzen du, eta milioika euro mobilizatzen ditu oztopo juridiko eta fisikoak eraikitzeko. Duintasunari lehentasuna emateko ordez, oinarrizko eskubideak urratzen dira. Babesa eta elkartasuna adierazteko ordez, kanporaketak lehenesten dira.
Gure egunerokotasun pribilegiatuak eta gure jendarte indibidualistak ez digu tarterik utzi behar ahazteko egunero milaka emazte, haur eta gizonek duten guzia uzten dutela eta, beren bizia arriskuan jarriz, milaka eta milaka kilometro egiten dituztela. Ez dugu ahaztu behar 2021eko apirilaren 19an, astelehenarekin, Euskal Herrian, eritrear gazte bat iritsi zela jasaten ahal zuenaren mugara eta horren ondorioz, bere buruaz beste egitea lehenetsi duela.

0 Comments