Elkargoko eztabaiden ulertzeko…

Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, Elkargo Kontseilua 33 aldiz bildu da. Elkargo hautetsia ez izanagatik, bilkura horiek segitu ditut Unibertsitateko anfiteatroko azken lerroetarik, edo, nola gerta, Lauga gelako harmailetarik edo Elkarteen Etxeko kadira batetik. Haatik martxoaren 20ko Elkargo Kontseilua etxetik jarraitu nuen. Kontseiluak internet sarean hedatzea gauza ona bada ere (hau Batera plataformak bultzatu zuen Euskal Herri iparraldearen kudeaketarako Auditaren gomendioetan agertu zen), hautetsi batzuek modu mugatuko funtzionamenduan arazo bat agerrarazi dute.

Alabaina, otsaileko Kontseiluaren gibelatzeak haserrea piztu zuen, izurritearen tokiko datuak maila apalenean zirelakoan. Eta geroztik jakin zenean hautetsien erdiak baizik ez zuela bilkuran parte hartzen ahalko, eta besteek ahalordea egin beharko zutela, azken hauek hitza hartzeko baimenik ukan gabe bilkura sarean behatzera behartuz, ez zen orduan ere giroa lasaitu.

Azkenean, herri ttipi anitz, ordezkari bakarra izanki, ez ziren ordezkatuak Elkargo Kontseiluko gelan. Batzuk presentzian eta besteak interneten bidez: erabaki horiek oposizioen baita emazte hautetsien kaltetan ere izan dira, emazteak ez direlarik jadanik aski ordezkatuak.

Baina Kontseilu hortarik oroz gainetik gogoan atxikiko dutana da talde politikoetaz izan zen eztabaida. Elkargoa plantan emateko lehen hiru urteen buruan, politika publikoen mamian modu zehatzagoan sartzen gara orain. Instituzioaren geroa jarriko eta aldatuko duen urratsa dugu hau, urrats ezin saihestuzkoa, baita desiragarria ere. Estatus Bereziko Herri Elkargoaren aldarrikapenaren ondotik, herri elkargo baten formako EPCI-aren hautsi-mautsia onartu genuen. Baina gurea ez da Elkargo arrunta: 158 herri, 10 herrialde polo, 232 elkargoko hautetsi, 21 politika publiko, 1200 langile… Gure hautuaren paradoxetariko bat da hau. Euskal Elkargoan, beste elkargoei konparatuz, dena desberdin da. Halere bide hori genuen hautatu, besteak beste « zuzenbide komunean » sarrarazten gintuelako, eta beste eskualdeetan dituzten galdeak sortzen zizkigulako.

Talde politikoak
Hain zuzen, azken Elkargo Kontseiluan aipatu genuen talde politikoen agertzeaz, holakoak badira aspaldi anitz Elkargotan. Baina eztabaida hortan halako bat gehien egin zidana hauxe izan zen: iduri zuen hautetsi batzuei (aitzineko agintaldian hor ziren zenbait barne) orduan zitzaiela agertzen haizu zela talde politikoak Elkargo Kontseiluan sortzea. Arau hori 2017ko araudietan zegoen jadanik, funtsean legeak agintzen duelako.

Galdera hau ere badut bestalde : hautetsi batzuek diote Euskal Elkargoko talde politikoak liratekela Departamenduan, Akitania Berrian edota Frantses Legebiltzarrean ezagutzen ditugun berdin-berdinak. Asmaezina da hau garbiki. Beste instituzio horietan, taldeak osatzen dituzte eta haien indar harremanetik da gobernua sortzen. Euskal Elkargoan aldiz, hautatu dugun gobernantza itunak dio argi eta garbi instantziek beren bidezkotasuna lurraldean dutela oinarritzen, hori baita herri elkargoaren berezitasuna.

Ondorioz, ez da xuxen erratea talde politikoek nahitaez gehiengo/oposizio eskema sortuko dutela. Elkargoko hautetsiek bidezkotasuna iturri desberdinetarik daukate. Beren herriaren ordezkari, batzuetan lurralde polo baten bozeramaileak ere izan behar dute, edo talde tematiko batek sortu proiektua defendatu.

Baina hautu garrantzitsuak egiteko unean, izan etxebizitza arloan, hirigintzan, zerbitzu eta ekipamenduetan, aurrekontuetan ala zerga arloan, hipokrita litzateke kontsideratzea proiektu politikoa, defendatzen dugun jendarte-eredua, edota gure instituzioaren epe luzerako bilakaera ez direla besteak beste gure hausnarketaren sarbide izanen.

Eta, gauden leial, gaur egun zein hautetsi gai ote da hamarnaka aipagairen deskodetzeko aste bat barne, eta beste herrietako informazioen biltzeko bozkatu beharko duen proiektua ezagutzeko gisan? Bakarrik talde antolaketak du hori ahalbidetzen.

Garapen Kontseiluarentzat egin genuen gisan, baita Herrien Biltzarrarentzat, Gobernantza Itunarentzat eta beste dispositibo batzuentzat ere, Euskal Hirigune Elkargoak bere funtzionamendu eredua oraino asmatzekoa du, erakunde orotan bezala hobegarria izanen dena.

Segur nago Elkargo Kontseiluko talde politikoen antolaketa mota bat aztertu daitekela.

Anartean, apirilaren 10eko larunbatean, bigarren aldikotz, bakarrik hautetsien erdia deituko dute zuzenean eztabaidatzera besteak beste Tokiko Hirigintza Planaz eta aurrekontuaz.

Nik bilkura etxetik jarraituko dut …

0 Comments