BERDINEN ARTEKO EUSKAL HERRI BURUJABEA GERTURATUZ

 

Ospakizuna eta pandemia elkar oraturik ikuskatzea zaila bazaigu ere, iazko Aberri Egunaren atarian mundua astindu zuenetik urtebete igarota, EHBai eta EH Bilduk Aberri Egunaren karira igorritako Adierazpen honekin pandemia betean datorkigun bigarren Aberri Eguna ospatzeko deia luzatu nahi dizuegu euskal herritar guztiei, Euskal Herria Batera ekimen bateratuaren baitan, zaindu beharreko neurri guztiak zainduz, oraingoan baina etxeetako balkoi eta leihoetatik herriko plazetara jauzi eginez.

Pandemiaren lehen lerroan diharduten gizon-emakumeei elkartasuna adieraziz, egindako lan eskerga eskertuz urtean zehar zabaldutako adierazpenetan berretsiz, gaurkoan gure herriaren erabakitzeko eskubidean eta lurraldetasunean oinarritutako etorkizunaren aldarria azpimarratu nahi dugu. Euskal estatu independientearen eginkizuna azaleratu. Munduaren aurrean oraindik aitortua ez den herri txiki honek, krisi humano eta planetario honetan, ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen bizitza duina helburu, badu bere aletxoa eskaintzerik. 2021eko Aberri Egun honetan, Euskal Herriaren luze-zabalean, Karrantzatik Maulera, Tuteratik Pasaiara, berdinen arteko Euskal Herri Burujabea loratzeko gure borondate irmoaren deiadarra lau haizetara barreiatzera gatoz.

Asko dira urte honek utzi dizkigun ikasgaiak. Pandemiak norbanako guztiak ez ditu berdin kolpatzen, zaurgarritasuna fokuratua ageri da herri-sektore zehatzetan eta horrez gain badira herriak ere, egoera zailetan behar besteko ahalmenez jarduteko ezinduak direnak. Globalizazio kapitalistak gurean ere utzitako arrastoak gaurkotasun betekoa egiten du estatu berdinzale eta aurrerazalearen proiektu politikoa. Gainean dugun hamarkada eraldaketa eta erronka handien garaia izango dela nabarmendu dugu, desberdintasun sozial gero eta handiagoek eta krisi klimatiko larriak ezaugarrituko dutena.

Ongizate sistema eraistea helburu duen erasoaldi betean, guztion bizitzak duintzeko behar besteko politika publikoak bermatzea da, inoiz ez bezala, burujabetza eta ongizatea elkar loturik datozenaren froga garbia. Gisa berean, erabaki guneak, erabakiak gauzatu behar diren lurraldeetatik zenbat eta hurbilago egon, egoerei orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzuten zaienaren lekuko ere bada krisi hau.

Neoliberalismoa ala burujabetza, eraldaketa ala kolapsoa, horra hor XXI. mende hasiera hau ezaugarritzen duten bidegurutze nagusiak. Gure hautua burujabetza da, espainiar eta frantziar estatuen krisi sakonen abaroan, autoritarismorako eta desdemokratizaziorako joerak areagotzen direla, Euskal Herriaren independentziari bide emateko. Burujabetza finean, arauak berridazteko aukera berri bat da. Ezkerreko independentismoak tamainako erronka bizkar gainean jaso eta ibilbide zail baina aldi berean emankorra izango dena gidatzeko betebeharra du. Nork bestela guk egin ezean?

Euskal preso eta erbesteratuek bizi duten egoerari ere aipamen berezia egin nahi diogu. Espainiar eta frantses estatuek Euskal Herrian zabalduko den prozesu soberanista indargabetzeko mendekuzko gatibu izatera pasatu direnena. Are onartezinagoa da COVID19ak larriagotu duen salbuespeneko egoera, zeinean biderkatu egin diren pairatzen ari diren oinaze eta injustizia. Behoakie gure babes eta elkartasun mezurik sentikorrena.

Euskal Herriaren burujabetza/independentzia, egitasmo politiko garaikidea da, Euskal Herriak duen gaitasuna, bere herritarren eta bertako eragile ekonomiko, sozial eta politikoen elkarlanetik eratortzen da. Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena. Gaitasun eta ezagutza guztia aktibatu eta elkartasunetik euskal gizartearen zerbitzura jartzeko prozesua da hain zuzen Euskal Herri Burujaberaren eraikuntza. Heldu diezaiogun anbizioz!

0 Comments