Philippe Elissalderen erantzuteko eskubidearen irakurketa

Joan den martxoaren 3an, Ahetzen burututako prentsaurrekoaren ostean, Ahetzeko auzapeza den Philippe Elissaldek, bere erantzun eskubidea erabili du gutun bat bidaltzeko prentsari zein EHBairi. Gardentasun osoz jokatzeko eta ideien eztabaida laguntzeko, hemen duzue ikusgai aipatutako erantzuna. Erantzun honek izan ditzazkeen pundu polemikoetan zein hauteskunde departamentalen amalgaman sartu gabe, Lurra eta Etxebizitza politikaren inguruan dugun posizioa berretsiko dugu. Tokiko Etxebizitza Programaren inguruan dugun iritzia plazaratzeko aukera izanen dugu ere laister Euskal Elkargoan.

 

Philippe Elissalderen erantzuna irakurtzean, pozten gira ikustea etxebizitza arloaz dugun diagnostikoarekin bat egiten duela, eta beraz, egoeraren larritasunaz jabetzen dela. Ahetzeko hautetsiek eta auzapez jaunak erronka honi aurre egiteko hartutako engaiamendua txalotzen dugu eta espero dugu aitzina begira hartuko diren neurriak zentzu horretan joanen direla.

 

Prentsaurrekoa baino zenbait egun lehenago, jakin genuen CDPENAF Natura, Laborantza eta Oihan Eremuen Babesteko Departamendu Batzordeak iritzi bat eman behar zuela, orain arte laborantzarentzat baliagarri zen eraikin baten erabilpena aldatzeko. Erabaki honen bidez, ahalbidetuko zuten luxuzko 10 apartamenduen egiteko egitasmoa.

 

EHBaik, aspalditik lan egiten du gure lurren zaintzaren alde. Laborariak eta kontsumitzaileak errespetatzen dituen laborantza eredua defenditu izan dugu beti eta etxebizitza duin eta eskuragarriak ahalbidetuko dituen Etxebizitza politikak aldarrikatu ere. Aipatutako neurri horiek direla eta, promotoreak gune horretan aurreikusitako proiektuak gure herrian lekurik ez dutela pentsatzera eramaten gaitu.

 

Euskal Elkargoan lantzen ari den Tokiko Etxebizitza Programan azaltzen diren xifreek, kontzientzia hartzera behartzen gaituzte. Hautetsiek, elkarteek, promotoreek, etxe egileek eta jabeek kolektiboki gogoetatu behar dugu, ohikoak diren jokabide horiei aterabideak bilatzeko. Gazteak eta ez hain gazteak, beren herritik kanpo bizitzera kondenatzen dituen merkatu librearen jokamoldea irauli behar dugu.

 

Etorkizunerako lehentasunezko lan ardatzetan kokatzen da eraikin zaharrak berritzearen erronka. Honek, hiri zentroak suspertuko lituzke, etxebizitza berriak sortuz lur eremu berriak erabili gabe. Larre Luzean egin beharko litzakeena da. Hala ere, proiektua, bertako nekazal jarduerarekin bateragarria den gogoetatu behar da, baita etxebizitzak bertan egin behar diren edo ez. Proiektuak, herritarren zein bertako laborarien beharrei erantzun behar du.

 

Aipatutako proiektua herriko etxeak bultzatzen ez duen arren, podere publikoek ausardiaz jokatu behar dute arlo horretan. Erronka horiei erantzuten jakin behar dugu eta bertako biztanleak horren esperoan dira. Tresnak badira, eta herriko etxeek -ahal den neurrian- baliatu behar dituzte, lurraren eta higiezin proiektuen kudeaketa publikoa segurtatzeko.

 

Printzipiozko oposizioa ez da gure eginmoldea. Jakina da abertzaleak, betidanik lanean aritu girela gai honen inguruan. Esan ohi dugunez, Ipar Euskal Herriko lurraren eta etxebizitzaren arazoaren aitzinean, eragile pribatu eta publiko guztiek dute erantzukizuna. Beraz, oroitarazi nahi dugu gure ateak irekiak direla, krisi honi erantzuteko konponbide zehatzak kolektiboki eraikitzeari dagokionez. Tokiko hautetsietatik parlamentariak arte zein agentziek, promotoreek eta bestelako etxe egileek, bakoitzak bere erantzukizunak hartu behar ditu.

0 Comments