«FEMINISMOTIK DENA ALDATU SISTEMA ARRAKALATU»

Emazteen eskubideen Nazioarteko egunaren bezperetan gauden honetan, EHBaik, martxoak 8 egun honen garrantzia azpimarratu nahi du.

Lehenik eta behin argitu behar da, mundu osoan zehar ezaguna den egun hau, ez dela inondik inora emaztearen besta, emazte eta gizonen berdintasuna aldarrikatzeko eguna baizik. Ez da, egun honen karietara supermerkatuek edota sistema kapitalistak baliatzen duen gisara, emazteei opariak egiteko eguna.
Honelako mezuek, gaur egungo sisteman errotuak diren mezu, usteak eta portaerak eraldatu behar direla erratera ekartzen gaitu. EHBaien, gai honen inguruan zinezko arazo bat dagoela ikusirik, aurten eta lehen aldikotz, batzorde feminista bat plantan jartzea erabaki dugu feminismotik dena aldatu eta sistema arrakalatu behar dugula pentsatzen baitugu.

Egun, horrelako egunen beharra nabarmentzen dugu berdintasunetik biziki urrun baikira oraindik. Lan banaketa arloa ikusi besterik ez da egin behar emazte eta gizonen artean dagoen desberdintasunaz jabetzeko: emazteek bataz bestean %25a baino gutxiago irabazten dute. Beste gisa batera esanda, kontsideratzen da, emazte batek, egunero, 15:40etatik goiti, urririk lan egiten duela.

Aurten, azken urteetan egon ez den faktore batetaz mintzatu behar gira eta honek agerian utzi duena aipatu ere. Izan ere, mundu osoa gogorki kolpatu duen osasun krisi baten erdian gira. Iazko konfinamenduan, lehen lerroan ari ziren langileak txalotu izan ditugu eta beharrezkoa zen. Ez dugu hori zalantzan jartzen. Aldiz, nabarmentzekoa da, lehen lerroan ziren langile horiek gehienak emazteak zirela: erizainak, supermerkatuko langileak, garbitzaileak…

Bestalde, emazte horiek dira ere lan prekarioenak eta gaizki ordainduak diren lanak dituztenak. Askotan ere, ikusten ez diren lan horiek ere bere gain hartzen dituzte. Zer esanik ez zaintzari dagokionez. Emazteak dira orohar, etxeko karga mentala eta zaintza lanak beren gan hartzera behartuak direnak. Gainera, COVID garai honetan, horietako emazte askok lana utzi behar izan dute, bestelako lan horiek burutzeko.

Krisi honek orain arte indarrean zegoen sistema honen gabeziak agerian utzi ditu baita jendartean dauden desberdintasunak ere. Izan ere, sanotasunik gabeko etxebizitzetan bizi diren pertsonek, egunero ongi elikatzeko baliabiderik ez duten familiek, migratzaileek edota kalean bizi diren pertsonek, modu gogorragoan bizi dute konfinamendua. Nola ez aipatu joak diren emazte eta haurren kasua. Konfinamendu garaian, etxeko indarkeriak, ohikoan bizi dutena baino zailago eta beldurgarriago bilakatu da. Azken pundu honi dagokionez, oroitzekoa da, Ipar Euskal Herriak xifreak beldurgarriak izan direla. Izan ere, konfinamendua aitzin, biktimen aldeko elkarte batek hilabetero 15 emazte laguntzen zituen. Konfinamendu garaian ordea, 35 emazte, hau da egunero bat.

Lerro labur hauetan idatzi erran nahi izan duguna da, emazteak direla orohar sistema honen ondorioak lehen lerroan pairatzen dituztenak: lan esparrutik hasita bizitza pribaturaino.

Hain zuzen pribatua politikoa dela berbaieztatzen dugu eta bat egiten dugu azken hilabeteetan altxatu den oldea, bortikzkeria eta eraso sexistak salatzeko. Emazteok hitza hartzen segitu behar dugu eta EHBaik, mugimendu politiko gisa, funtsezko eta egiazko neurriak hartuak izan daitezen ariko da.

Horretarako ere neurri zorrotzak bultzatu behar dira, emazteek populazioan eta jendartean duten tokiaren araberako ordezkaritza politikoa ukan dezaten, instituzio guztietan, eremu politikoan orokorki bai eta beste motako erabaki gune guztietan ere.

Badugu oraindik lan asko zinezko berdintasun maila batera iristeko eta emazteen eskubide guziak beren osotasunean onartuak izan daitezen.

Arrazoi horiek direla eta eta aurten inoiz baino gehiago sistemari arrakalak sortzeko, EHBaik datozen bi hitzorduetan parte hartzera deitzen du:
• Martxoak 6ean iraganen den Emazteen Mundu Martxa amaieran egunean.
• Martxoaren 8ean, Baionan 12:00etatik 14:00etara deitutako manifestazioan zein Pausun 16:00etan eginen den elgarretaratzean parte hartzera ere.

0 Comments