Separatismo legea

Osasun testuinguruak eta haren ondorio ekonomiko eta sozialek, gobernua behartu beharko lukete krisi egoera honetatik ateratzen lagunduko gaituen osasun arloko neurriak hartzen. Baina, hori egin beharrean, gobernuak, giro sekuritarioa areagotuko duen separatismo legea indarrez pasa nahi du. Hauteskunde presidentzialen bezperetan gauden honetan, eskuin muturraren bozak berreskuratzeko taktika erabiltzen du. Frantses gobernuak ez du Rassemblement National alderdiaren idei eta analisien aurka borrokatu nahi. Alderantziz, lege seguritario eta libertizidoen bitartez, ideia horiek indartu nahi ditu. Espekulaziorik egin gabe, gaur gaurkoz esan genezake, Le Pen-en alderdiak ideien bataila irabazi duela.

 

Ospitaleak eta ospitaleko langileak inplosioaren ertzean dauden honetan, geroz eta herritar gehiago dagoenean zailatasun ekonomiko handian, prekarietate handitzen denean, etxebizitza bat lortzea luxu bat denean…, gobernuak ordena eta segurtasunaren hautua egin du. Hemen ikusten dugu ikuspegi politikorik ez dagoela, baina larriago oraindik, jendartearen gehiengoaren errealitatetik deskonektatua dagoela.

 

Errepublikar baloreen inguruko legeak ez ditu gorago aipatutako problematikak ziblatzen. Izan ere, artatze eskubidea, etxebizitza bat izateko eskubidea, era guztietako bereizkeriaren aurkako borroka edota azken batean, duintasunez bizitzeko eskubidean oinarritutako lege bat beharko litzateke. Alta, balore batzuk baino gehiago, lege honek segurtasunean eta indibidualismoan oinarrituak diren jarrerak indartzen ditu. Beste gisa batera esanda, erantzun politiko, sindikal edo kultural ororen aurkako frontea izanen da. Musulmanen estigmazioaz gain, lege honek, Segurtasun Orokorraren legeak bezala, askatasun publikoak murriztea eta biztanleria gehiago kontrolatzea ekarriko du. Zerbitzu publikoetako langileak, diruz lagundutako elkarteak, hezkuntza-erakunde pribatuak edota kultura-elkarteak dira ziblatuak. Erabiltzen diren terminoak lausoak izaten dira askotan, eta interpretaziorako tartea uzten dute. Larrialdi egoeran egiaztatu diren lerratze kezkagarriak nabarmentzen dira: dagoeneko ez dira egitateak edo delituak zigortuko, ustezko asmoak baizik. Euskal Herrian eta abertzale gisa, lege paradoxiko berri honen beldur gira, bere defentsaren izenean askatasuna mugatuko duelako eta bere babesaren izenean eskubideak eta printzipioak mehatxatuko dituelako.

Enkante honek kezkatzen gaitu. Agerikoa da jendearen arreta gai horietara bideratuta den bitartean, leku gutxi uzten duela etorkizun hobeago batetara eramango gaituen gogoetak bultzatzeko. Gobernuak beldurra erabiltzen du gure askatasuna eta jendartearen arteko desberdintasunak areagotuko dituen sistema indarrez inposatzeko.

0 Comments