Euskal Herrian mugarik ez!

 

Gaur, otsailaren 14a, Lizarrietan bildu gira urtarrila erditsuan, ipar eta hego Euskal Herria lotzen dituzten zortzi pasabide hesteko deliberoa onartezinatzat jotzen baitugu.

Frantziar eta Espainiar estatuek, konplexurik gabe, Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eten egiteko duten askatasuna salagarria da. Honek, Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotzen ditu.

Erabakia, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta izan da. Nabarmentzekoa da aste honetan UPNk eta PSNk izandako jarrera lotsagarria. EHBilduk, pasabideen ixteak sortzen dituen kalte eta arazoez mintzatzeko, euroeskualdearen ezohiko eta presazko bilera bat egitea eskatzen zuen mozio bat aurkeztu dugu. UPNeko kontrako bozen eta PSNren abestentzioaren ondorioz, gure mozioa ez onartua izan.

Ez da lehen aldia Euskal Herrian horrelako egoera bat bizi dugula. Orain dela hilabete batzuk bi estatuek Euskal Herriko hainbat bide itxi zizkiguten ipar Euskal Herritik hego Euskal Herrira eta alderantziz libreki ibiltzeko eskubidea urratuz : COVID19aren pandemia edota G7ren gailurraren karietara.

Onartezina da ere, mugen bi aldeetako biztanleon egunerokoa baldintzatzea, inongo arazorik suposatuko ez balu bezala eta ez jarrera berdina izatea mugetan kokatzen diren gune komertzialekin, azken horiek irekirik mantenduz. Hori bai, bertako langileek, beraien lanpostuetara ailegatzeko, denbora bikoitza behar dute. Garbi gelditzen da zeintzuk diren agintarien lehentasunak eta zeinengatik kezkatzen diren.

Oraingoan «Terrorismoaren kontrako borroka» indartzeko argudioa erabili dute bide horiek beste behin ere mozteko. Arrazoi hori aitzakitzat hartuz, neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritarioa areagotu dira gure herrian. Gure Herria setio egoeran jarri dute. Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak dira operazio honetarako. Ez zaigu logikoa iruditzen, COVID garai honetan, hainbeste indar polizial eta militar erabiltzea erizainak eta medikuak behar ditugularik.

Euskal Herria aitzina begira jartzen den honetan, bi estatuek beste garai batera eramaten gaituzte. Atzera begira jartzen gaituzte. Terrorismoari aurre egiteko neurriak hartzen dituztela erraten dutenean, orain arte indarrean jarri dituzten eta euskal militante politikoak gogorki kolpatzeko erabili dituzten neurriak heldu zaizkigu gogora. Azkena, separatismoaren aurkako legea. Gure mugimendu politikoak, kolektibo, elkarte, alderdi politiko, sindikatu edo herritar askok bezala, behin baino gehiagotan izan du gure kezka sakona adierazteko aukera. Ondorio zuzenak edo zeharkakoak eragingo dituen lege oharra aztertzean, manipulazio politiko hutsa dela salatzea besterik ez digu uzten.

Azken finean terrorismoaren aurkako borrokaren izenean hartu izan dituzten eta hartzen dituzten neurri orok beti aplikazio zabalagoa izan dute eta gure eskubide eta askatasunak murritzea ondorio dute.

EH Bai eta EHBilduk uste dugu bi Estatuek beraien izaera uniformizatzailea sendotzeko baliatuko dutela egoera hau. Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab… eten egiten dizkigute, inposaketaren bitartez.

Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiago sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko. Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko.

0 Iruzkin