Demokrazia

Espainiako Auzitegi Gorenak “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean. Argi dago, erabaki honen atzean erabaki politiko bat dagoela.

Auzitegi Gorenaren erabakiak ez du Bateragune auziarekin bakarrik zerikusia. Ez da soilik 5 euskal herritar, ezkerreko 5 independentistari eragiten dien erabaki bat. Erabaki horrek ez du soilik gure herriko ezker subiranistarekin eta independentismoarekin zerikusia. Hau askoz haratago doa. Gorenak astelehenean hartutako erabakia demokraziaren, Justiziaren eta zentzuaren aurkako erasoa da.

Espainiako agintariek ezin dute onartu herri honek eta euskal gizarteak bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egitea. Ezin dute onartu jendarte sozialagoak eta ekonomikoki bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko ezker subiranistak egindako ekarpena. Azken 10 urte hauetan, ezker soberanista indartu da, eragin politikoa handituz. Helburu bakarra dago: gero eta indartsuago eta eragin politiko handiagoa duen ezker soberanistaren lidergoa kriminalizatzea.

Gaur euskal ezker subiranista izan da baina bihar demokrazia defendatzen duen edonor izan daiteke. Espainiako eskuinak eta beren proiektu autoritarioa gelditzea nahi duen edozein herritar izan daiteke.

Inoiz desagertu ez den Espainia autoritario horretako kideek oso argi dute zer egin behar duten beren ideia politikoak mehatxatuta ikusten dituztenean, eta ez dute zalantzan jartzen beren tresna politiko eta judizial guztiak erabiltzea; tresna militarrak martxan jartzearekin ere mehatxatzen dute. Guk ere argi izan behar dugu. Gure tresnarik indartsuena printzipio demokratikoetan sinesten duten pertsona guztien batasuna eta indarra izan behar da.

Erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa emateko helburuarekin mobilizatu gira gaur ipar Euskal Herrian ere.

0 Iruzkin