EHBai eta EHBilduk, ipar eta hego Euskal Herria lotzen dituzten bideak berriz irekitzea eskatzen dugu

Gaur martxoaren 1a, EHBai eta EHBilduk, joan den urtarrila hasieraz geroztik Pirineo Atlantikoetako prefetak -Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta-, ipar eta hego Euskal Herria lotzen dituen zortzi pasabideak ixteko hartutako erabakiaz ihardoki nahi dugu.
«Terrorismoaren aurkako borroka» indartzeko argudioa aitzakitzat hartuz, joan den urtarrilaren 14az geroztik Euskal Herria zatitu dute, konplexurik gabe, Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatuz eta libreki ibiltzeko askatasuna oztopatuz. Honek, Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotu ditu.
Erabakia onartezinatzat jo genuen lehen momentutik, nazio eta herri bezala bizitzeko eskubidea urratua izan zitzaigulako.

Gaur, erabaki hau noiz arte indarrean utziko duten galdetzera gatoz. Izan ere, dekretua bederen otsaila bukaera arte indarrean egonen zela adierazia izan zitzaigun. Gaur, martxoko lehen egun honetan, delako muga bide horiek noiz arte itxiak egonen diren ez dakigu. Noiz arte ukatuko diguzue gure herrian libreki ibiltzeko eskubidea? Noiz arte utziko duzue Euskal Herrian setio egoera honetan? Noiz arte neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritario hau?

Euskal Herria aurrera begira jartzen den honetan, noiz arte behartuko gaituzue atzera begira egotea? Terrorismoari aurre egiteko neurriak hartzen direla erratean, orain arte indarrean jarriak izan diren eta euskal militante politikoak gogorki kolpatzeko erabili dituzten neurriak heldu zaizkigu gogora. Azkena, separatismoaren aurkako legea. Honelako neurrien atzean, manipulazio politiko hutsa besterik ez dagoela pentsatzera bultzatzen gaitu.

EH Bai eta EH Bilduk, Euskal Herrian Mugarik ez dagoela berresten dugu. Frantziar eta Espainiar Estatuei gure herrian libreki bizitzeko eta ibiltzeko dugun eskubidea errespetatzea exigitzen diegu. Ez dugu onartzen Euskal Herritik kanpo hartuak diren erabakiak inposatzea.

0 Comments