2007an, Ipar Euskal Herriko hiru alderdi abertzaleak ziren Batasuna, Abertzalen Batasuna eta Eusko Alkartasunak EHBai koalizioa sortu zuten. Orduz geroztik, EHBai-ek antolaketa eredu desberdinak ezagutu ditu: 2014eko abenduan, koaliziotik mugimendura pasatzeko urratsa gainditu genuen eta iaz, alderdi politiko baten izaera hartu ere. Sorreran, hauteskundeei begirako mugimendu bat izatea bagenuen oinarri, gaur egun, hauteskundeetatik haratago doan alderdi bat garela esan genezake. Hauteskudeak gure barne bizitzaren parte garrantzitsuenerikoa izanik ere, bestelako jarduera batzuk ere lantzen ditugu. Izaera desberdinak ezagutu ditugun arren, hiru ardatz nagusitan oinarritu izan gira beti: Abertzaletasuna, ikuspegi ezkertiarra eta ekologismoa.
Ezkertiar gisa, gizarte justuagoa defenditzen dugu, berdintasuna eta elkartasunean oinarritua, lanaren eta aberastasunen banaketa segurtatzen duena. Gure ekintza guzietan, lehentasuna izan behar da gizon eta emazteen egoera. Bide beretik azpimarratu nahi dugu, gure aburuz, ekonomiaren helburua ez dela hazkundea edozoin preziotan izatea baina, gizaki bakotxaren ongi-izatea. Hortarako, konkurentzia logikatik atera behar gira – herrien artean, ekonomien eta lagunen artean – herritarren parte hartzea lehenesteko. Partekatze eta elkartasun logika batean oinarritzen gira – lehen pausu batean – zerbitzu publikoen garapenean ontasun guzientzat (ura, energia…) eta beharrentzat (etxebizitza…)
Abertzale bezala eta nazio bat garela aldarrikatzen dugun heinean, gure helburua, Euskal Herriaren burujabetza lortzea da. XXI. mendeko Europan, Euskal Herriak, bere etorkizun politikoa, ekonomikoa, kulturala zein soziala askatasunez erabakitzeko eskubidea izan dezan nahi dugu. Alabaina, arrazoi historiko, linguistiko eta politikoengatik, zazpi herrialdeetan hedatua den Euskal Herriak errealitate nazional ezberdindua osatzen duela baieztatzen dugu. Euskal nazioaren aldarrikapen hau integrazio eta elkartasun printzipioak ditu oinarri. Izan ere, Euskal nazioa Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun guzien artean eraiki behar dugun destinu amankomuneko komunitate gisa ulertzen dugu.
Hainbat argi gorri jada piztuak daudenean – klima aldaketa, kutxadura kimikoak, lurren higadura, lur eremuen kontsumo arriskutsua – ezin dugu onartu, gure bizi ingurumenaren suntsiketak aitzina segitzeak. Izan ere, gure arbasoen eskutik eratortzen zaigun Herriari begira senditu dugu beti erantzunkizun bat, eta hori ez kontserbatibismo baten izanean, baizik eta geroari begirako ardura baten izenean. Globalizazioa eta mundializazio garai honetan, bertakoak diren zirkuitu laburrak defenditzen ditugu. Subsidiaritate printzipioak nagusitu behar dira ondasun naturalak mantendu nahi baditugu. Beroketa klimatikoak ez du 2°-en langa gainditu behar. Norbanakoen eta erabaki publikoen erronka nagusia izan behar du.