Eskubide guziak pertsona guzientzat!

Frantziako Legebiltzarrak eta Frantses Senatuak, Immigrazio eta asilo Legea onartu berri dutela-eta, arrangura eta ezinegona adierazi nahi ditu EHBaik. 

EHBaik oroitarazi nahi du lege honek pertsona migratzaileentzat lehendik makurra zen egoera oraino gehiago bihurrituko duela. Azken hamarkadetan, frantses Estatuak bata bestearen gibeletik hartu ditu migrantzaileen eskubideak murrizteko deliberoak. Kasu honetan, zoritxarrez, jauzi kualitatibo bat egin du jatorrian frantses Gobernuak bultzatu duen legeak. Migratzaileen babes soziala (bestea beste, osasunerako eskubidea), lan egiteko zein ikasteko eskubidea edo familia batzekoa kolokan jartzen ditu lege honek, baita asiloa larriki oztopatu eta kanporaketa are errazagoei bide eman ere. Gainera, lege honek bereizketa argia egiten du Europatik heldu diren atzerritarrei eta munduko gainerateko tokietatik heldu direnei onartuko zaizkien eskubideen artean. Horra hor legearen izaera arrazistaren froga gordina. Azken hamarkadetan frantses Estatuan onarturiko legerik gogorrenaren aitzinean gara. 

Immigrazio Legearen eztabaida testuinguru politiko jakin batean ematen da: Frantses Estatuan eta Europan ere eskuin muturraren eta bere ideien hedapena gertatzen ari denean. EHBaik salatzen du frantses Estatuan faxismoaren eta arrazismoaren ideiak zein jarduera normalizatzeko alderdi politiko ezberdinek eta hedabideek hartu duten jarrera. Garai batean ultra-eskuinari ezartzen zitzaizkion harresiak gehiago ez jartzea arriskutsua eta politikoki onartezina da. Bere alderdiaren “garaipen ideologikotzat” jo du legea Marine Le Penek berak. Eskuin muturraren hainbat aldarrikapen historiko jasotzen dituen legeak nolabaiteko Macron-Le Pen akordio baten zigilua darama. Bloke neoliberala eta eskuin muturreko blokea baturik agertu dira bozka honetan. 

Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriko hainbat parlamentarik izandako jarrera deitoratu nahi dugu agiri honen bidez. Izan ere, biziki larria deritzogu Max Brisson senatariak eta Vincent Bru diputatuak legearen alde egin izanari. Florence Lasserre diputatuak abstenitzeko egin hautua ere onartezina da.

Munduko leku guzietan behar lukeen bezala, Euskal Herrian eskuin muturrari eta bere ideiei harresia jartzea baitezpadakoa dela adierazten du EHBaik. Faxismoak eta arrazismoak Euskal Herrian ez dute lekurik eta eragile guzien – sozialak, politikoak, instituzioak zein hedabideak – ardura da harresi hori jartzea. 

Euskal Herria harrera herria

Egoera honen aitzinean, argiki diogu Euskal Herria harrera herria izan behar dela. Batetik, bertan bizitzera gelditu nahi duten herritarrek bizi-proiektu bat garatzeko duten eskubidea bermatu behar da, gainerateko herritarrek dituzten eskubide, betebehar eta aukera berdintasunean. Ipar Euskal Herriko instituzioek beren esku dituzten baliabide guziak ezarri beharko lituzkete pertsonen eskubideak segurtatuak izateko eta bizi duin baten ukaiteko. 

Euskal Herria iraganbidetzat dutenek berriz, bide seguruak behar dituzte bidaia hori egin ahal izateko. Ondorioz, egun bereziki Gipuzkoa eta Lapurdi artean indarrean diren poliziaren bide-kontrolen, jazarpenaren eta neurri errepresibo guzien bukaera aldarrikatzen dugu.

Ipar Euskal Herriak ez du baliabiderik bere migrazio-politika propioak plantan ezartzeko eta ondorioz, Parisen hartzen diren erabakien eta araberako kudeaketen menpe aurkitzen gara. Lege honen onarpenarekin, eskuinaren eta eskuin muturraren erabakien ondorioak pairatu beharko ditugu, inondik inora hori ez denean Euskal Herriko indar harremanen errealitatea. Hori dela eta, gizarte, ekonomia, edo kultura garapen prozesuetan nabarmen eragiten duten migrazio-prozesuak kudeatzeko tresnak eta baliabideak galdegiten ditu EHBaik, Euskal Herrian erabakiak hartu ahal izateko. Anartean, jendarte zibilarekin batera, migratzaileei sustengua adierazi eta haien egoeraren salaketa egiten segituko dugu.

 

Migrazioen iturburura jo

Bukatzeko, beharrezkoa iruditzen migrazioen iturburuko problematikei heltzea. Sakoneko arazoa kapitalismoak ezartzen dituen botere-harremanak eta planetaren zati handi batean gertatzen den bizi-baldintzen suntsipena da. Sakoneko arazoa gerlak dira, baina baita klimari eta ekosistemei gero eta leku gehiagotan eragindako kalte izugarriak ere. Hortaz, migrazioa eragiten duten arrazoiekin bukatzea litzateke aterabiderik eraginkorrena. Pertsona orok bere jatorrizko lekuan duintasunez bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, migratzera behartua ez izateko. 

Aldiz, mundua eta botere-harremanak aldatzen ez diren bitartean, migrazioak segituko du eta emendatzeko bidean izanen da. Jendea gosetik, miseriatik, eskubide eta askatasunen urraketa masiboetatik eta klima-aldaketaren ondorioetatik ihesi iristen da eta iritsiko da etorkizunean. Migratzea eskubide bat da, iraganean ere euskal herritarrok hala egitera behartuak izan gara. Egun bizi dugun errealitate gordin honen aitzinean ezin da ezinikusiarena egin eta Euskal Herrira heldu diren edo bertatik pasatzen diren pertsona migratzaileen eskubideak osoki bermatuak izan behar dira.

0 Comments