Gazteriaren kriminalizazioari ez!
Gaur goizean, jendarmeriak lau gazte atxilotu ditu Senperen, higiezin agentzietan margoketak egin izanaren akusaziopean.
Atxiloketa hauek salatzez gain, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu atxilotutako lau gazteei eta haien hurbilekoei. Berehala askatuak izan daitezen aldarrikatzen dugu. Gogoratzen dugu jada apirilean beste lau gazte atxilotu zituztela eta ondoren askatu zituztela kargurik gabe.
Frantses justiziak erabilitako metodoek badute helburu nagusi bat: gazteria beldurtu eta kriminalizatzea.
Frantses Estatuak, iraganeko errezetekin segitzen du: Euskal Herritarren gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu eta errepresioan tematzen da.
Senpereko herritarrek atxiloketa hauek salatzeko antolatu duten mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu Ipar Euskal Herriko jendartea:
Gaur, Senperen 19:00etan herriko etxe aitzinean.

Alokatze turistikoak : espekulazioa Senperen

Ekainaren 8an, asteazkenarekin, bertako militanteekin egon ginen Senperen, turismoko altzarien alokairuaren kasu adierazgarri bat nabarmentzeko. Lursail horretan, astez aste alokatutako etxe baten jabeak beste bat eraiki zuen, ber maneran alokatzen dena. Hemen bizi diren biztanleentzat eskuraezinak diren bi etxebizitza!

Kasua ez badugu kasualitatez aukeratu, tokia ere ez. Senpereko herria ez da tentsiopean den zonaldean integratua. Ez du, beraz, zonifikazio horrek herriko etxeen eskura jartzen dituen tresnak baliatzen ahal. Horien artean, bigarren etxebizitzei buruzko gainzerga edo etxe hutsei buruzko zerga berezia.

Badu orain zenbait aste galdegiten dugula prefetari, jokoaren arauak aldatzea, besteaz beste tentsiopean den eremuaren zabaltzea aipatzen dugu. Nork sinets dezake gaur egun Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 24k bakarrik dutela bizitzen tentsio bat extebizitza arloan ?

Azken egunotako adibide bat hartzeko, Korsikan, Cap Corse-ko 11 herrietako hautetsiek turismo-alokairuen aurkako borroka hastea erabaki zuten. Korsikako zonalde horrek ezin du aplikatu Ipar Euskal Herriak 2019an bozkatu zuen erabilera aldaketaren arautegia, biztanle gutxiegi dituelako. Haute Corse eremuko prefetak bere esku duen derogazio ahala aktibatu du eta 11 ebazpen izenpetu dispositiboan sartu nahi zuten 11 herriei arautegi berria baimentzeko.
Adibide hori aipatzen dugu, ongi irudikatzen duelako estatuak herritarren eta bertako hautetsien eskaerei erantzun nahi dienean, hori egiteko baliabide eraginkorrak daudela. Hori dela eta, Prefetari berriro eskatzen diogu ahal diren tresna guztiak berehala aktibatzeko, bigarren egoitzen biderkatzearen kontra jarduteko.

Errepikatu behar da behin eta berriro etxebizitza arloko eragile guzien ardura soziala zoin den. Jabeek egiten duten etxebizitzaren erabiletik, arduradun politikoak barne. Beti sustengatuko ditugu heien ardurak hartzen dituzten hautetsiak. Bai herri mailan hirigintza planak bozkatuz, bai Elkargoan konpentsazio neurriaren aldeko borroka segituko duten hautetsiekin bat egiteko prest gira. Legegileen kanpainak motibatzen gaitu deitzea herritarrak diputatu ausarten aldeko hautua egiteko. Joko arauak aldatu behar direlako holako kasurik ez gehiago gertatzeko.

Jabearekin harremanetan jarri gara azaltzeko alokairuaren arloko ekintza horiek zaildu egiten dutela bertakoentzako ostatu bat lortzea. Bi bizitokietako bat gutxienez urteko merkatura eramateko eskatuko diogu, eta horretarako dauden irtenbideak aurkeztuko dizkiogu.

 

EHBairen iritzia konpentsazioaren suspenditzearen ondoren

Iragan martxoaren 5ean, Euskal Elkargoko hautetsien %95ak, konpentsatzio araudiaren alde bozka egin zuen, mublatu turistikoak diren AirBnB gisako alokazioei aurre egiteko.

EHBai, etxebizitzaren problematikari aurre egiteko diren elkarte eta kolektiboak bezala, biziki poztu zen bozka honen emaitzaz. Euskal Elkargoko hautetsiek, azaroaren 20ean Baionan egin zen manifestazioaren biharamunean bozkatu duten lehen neurria izan da. Oroitu behar dugu, martxoaren 5an bozkatutako legea, ekainaren 1etik goiti jarri zela plantan. Honi esker, 20.000 etxebizitza urteko alokazioan jartzen ahalko ziren hemendik goiti.

Sistema horren baitan alokatzen duten jabeen kolektiboak bozka ez zuten begi onez ikusi eta helegitea pausatu zuten. Gaur egun defenditzen dugun interesen kontrako erabakia da jabeen kolektiboak egindakoa.

Helegite honen erabaki data behin pusatu ondoren, epaileek erabakiaren berri eman dute gaur. Honen ondorioz, araudia suspenditua da.

Haserre handia eragiten duen deliberoa da gaurkoa. Etxebizitza arloan, ezin dugu denbora gehiago galdu. Jabeen zein alokazio enpresek interes pribatuen pribilegioak ezagutzen dituzte eta hori dena, interes kolektiboaren kalterako: Monopolyan jolasten segitzen dute, ahalik eta diru gehien irabazteko gisan. Helegitea pausatzearekin, ipar Euskal Herriko biztanleek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen da.

Baina segur gira, bataila hau irabaziko dugula geroz eta gehiago baikira legeak aldatzearen beharra aldarrikatzen dugunok.

Bigarren etxebizitzen biderkatzearen aurka, herri mobilizazio antolatzen da. Gure aldetik, “Joko arauak alda ditzagun” kanpainaren garapenarekin segituko dugu. Horri esker, nahi ditugu pusatu instituzioak behar diren neurriak hartzera. Bestalde, espekulatzaileen kontra, gure etxebizitzak diru iturri gisa kontsideratzen dituztenen kontra hartzen diren iniziatiba guziak sustengatzen ditugu. Horien artean, ALDA kolektiboak publiko egin dituenak aste huntan. Lanean segitzen dugu ere beste 30 bat eragileekin “Herrian Bizi” plataformaren baitan. Honek etapa berri bat gauzatuko du bihar Hiriburu antolatua duen biltzar nagusi sortzailean eta foroan.

Paraleloan, hautetsi abertzaleek segituko dute defendiatzen Herriko Etxeetan baita Elkargoan herri mugimenduak plazaratzen dituen aldarrikapenak, lobby guzien gainetik. Etxebizitza eskubidearen aldeko borroka hautesontzietatik pasako da ere. Behar ditugu borondate handiko diputatuak lege berriak erdiesteko. Heldu den ekainaren 12an, EHBairen bozka papera da bakarra joko arauak aldatu nahi dituenak ! Gure Esku !

“Instituzioetatik heldu diren erantzunak ez baldin badira satisfagarriak, okupazio ekintzetara pasako gira.”

Asteartean, maiatzaren 24a, Baionako zerga bulegoan egon ginen, aberatsenak eta espkulatzaileak gure etxebizitzekin Monopoly-a egiteari uzteko dispositiborik ez dagoelako salatzeko.

 

Lerratze kapitalistaren aurrean, higiezinen merkatuaren erregulazioa, bigarren etxebizitzen gaineko anbizio handiko neurrien bidez gertatuko dela uste dugu. Baina, gaur egun, arazo horri aurre egiteko dagoen neurri bakarra etxebizitza zergaren handitzea da. Nahiz eta zerga % 60ko izan, neurri fiskal horrek ez du aski indarrik.

Joan den otsailaren 3an, etxebizitzaren problematika aurre egiteko hiru neurri zehatz helarazi genizkion Pirineo Atlantikoetako prefetari gutun bidez eta erantzun bat jaso genuen. Nahiz eta, erantzunaren zati batek, egun bizi dugun arazoaren inguruan kontzientizazio bat dagoen adierazten duen, gure iduriko, bigarren etxebizitzen arazoari aurre egiteko neurri handi eta indartsuak falta dira.

 

Hori dela eta, martxoaren 21ean, prentsaurreko bat eskaini genuen Bainako suprefetura aitzinean beste gutun bat helaraziz. Bertan, hasitako elkarrizketari segida ematea eskatzen genion eta etxebizitzaren arazo orokorrak kontuan hartuko dituen neurriak hartzea ere.

Egoera larri honen aitzinean eta erantzunik ez genuela ikusirik, Baionako zerga bulegora joan gira asteartean, hiru deialdi zabaltzeko asmoz:

  • Lehena, Prefetari. Zinezko engaiamendua eskatzen diogu hilabete bukaeran iragan behar den lurralde gidaritza batzordea aitzin.
  • Bigarrena, tokiko hautetsiei. Espekulazioari aurre egiteko dauden dispositiboak esku artean hartu ditzaten eskatzen dugu.
  • Hirugarrena herritarrei. Erantzun instituzionalak ez badira guk esperotakoak, okupazio ekimenetara gira.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu, “Se Loger Au Pays – Herrian Bizi” plataforman lanean segituko dugula eta heldu den ekainaren 4ean Hiriburun antolatuko den Foroan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, klik egin lotura honetan.

Hemen duzu, gure ekimenaren bideoa 

Etxebizitza Eskubidea Denontzat : herritarrak mobilizaturik !

Larunbat honetan, azaroaren 20a, 8000 ginen Baionako karriketan, “Vivre et se loger au Pays ! Espekulazioa ez!” lemapean. Ipar Euskal Herriko biztanleek masiboki erantzun diote mobilizazio-dei horri. Hexagono mailan sekulan ikusi ez den manifestaldirik handiena etxebizitza eskubidearen alde. Apostu ausarta izan zen antolatzaileentzat bainan benetako arrakasta !

Lehenik, eskerrak eman nahi dizkiegu manifestazio handi hau antolatzen parte hartu duten eta azken hilabeteetan atsedenik gabe lan egin duten guztiei. Egun honetako arrakastan parte hartu duten 251 laguntzaileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

Baina mobilizazio horren dimentsio masiboak, batez ere, Iparraldean etxebizitza duina eta eskuragarria atzemaiteko zailtasunaren maila nabarmendu du. Askotariko profila duten 8000 pertsona horien aitzinean, ezin dugu alde batera utzi Ipar Euskal Herriko biztanleen beharrei erantzun eraginkorrak aurkitzeko beharra eta premia. Pilota, orain, hautetsien eta botere publikoen teilatuan dago, ezin baitute herritarren aldarrikapen parean elkor egon.

Azaroaren 20a Iparraldeko biztanleen kontzientzia kolektiboa eta etxebizitzaren egoerari aurre egiteko mobilizazioa markatzen dituen data historikoa da. Une garrantzitsua da, halaber, 32 erakundek hartu baitute lehen hitzordu hori elkarlanean antolatzeko ardura.

Azaroaren 20an, Etxebizitza Eskubidea Denontzat Kanpainaren etapa garrantzitsua.

Merkatu libreari eta horren ondorioei aurre egiteko manera zabalean biltzeko premia dela eta, joan den apirilean EHBaik, sindikatuak, elkarteak eta mugimendu politikoak deitu zituen gaurko mobilizazio handi horren antolatzeko.

Joan den apirilaren 10ean, Elkargoaren aitzinean, EHBAIk dei bat luzatu zuen manifa handi baten ko antolatzeko

Oroitarazi nahi dugu, joan den apirilaren 10ean, Tokiko Etxebitza Programaren (PLH delakoa) aldeko botoa eman zenean Elkargoan, 200 pertsona bildu ziren Elkargoaren egoitzaren aurrean, Etxebizitza Eskubidea Denontzat! Kanpaina aurkezteko. Kanpaina iraunkor horrek lau ardatz ditu: Herritarren ekintzen jarraipena, Instituzioen lanaren jarraipena, Etxebizitzari buruzko herri-kontsulta bat egitea, eta, azkenik, fronte zabal bat eraikitzea, azaroaren 20ko manifestazioaren koantolaketarekin hasita.

Datozen asteetan, EHBAIk segituko du lanean beste eragileekin eta nahi duten herritarrekin elkarlan gune baten antolatzeko eta ondoko urratsak elgarrekin gogoetatzeko. Eztabaida publikoan eragitea eta garaipen konkretuak lortzeko asmoa dugu, erabaki politiko ausartak erdietsiz bai toki mailan bai hexagono mailan.

“Etxebizitza eskubidea denontzat” kanpainaren bidez lortu dugu etxebizitza eskubidearen gaia berriz ere lehen lerroan ezartzen.

Hurrengo hitzordu nagusia, 2022ko apirilaren 2a, larunbatarekin izanen dugu. Egun horretan EHBAIk irekitako urte bateko kanpainari amaiera emanen diogu, “Lurra eta Etxebizitza Ipar Euskal Herrian” foroarekin. Kanpainaren balantzea egingo dugu, eta Etxebizitzari buruzko Herri Kontsultaren emaitzak publiko eginen. Azkenik, kanpainaren segida aurkeztuko dugu espekulazioaren aurkako mobilizazioarekin eta etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidearen aldarrikapenarekin segitzeko.

Agiri amankomuna : 8000 pertsona Baionan etxebizitza krisiaren kontra

2021ko azaroaren 20eko manifestaldia ko antolatzaileen prentsa giria

Baiona, azaroaren 20a, larunbatarekin – 8000tik gora pertsona bildu dira gaur « Vivre et se loger au Pays, espekulazioari EZ ! » lemapean egindako manifestazioan, ipar Euskal Herrian bizi dugun etxebizitza problematika salatu eta etxebizitza arloko politika anbizioso eta ausartak aldarrikatzeko. Manifestazio honen jatorrian giren 32 eragileek, hitzordu hau hasiera gisa kokatzen dugu. Kari horretan, datozen egunetan, denei irekia izanen den lan esparru bat egituratzen hasiko gira. Gure helburua, lurra eta etxebizitzaren tokiko politiketan eragitea da, baina baita beharrezko lege aldaketak ere bultzatzea.

Mobilizazio honek arrakasta handia ezagutu du : 8000 pertsonetik gora presente erantzun diote 30 elkartetik gorako antolakundeetako eta sektore desberdinetako (elkarteak, laborantza, sindikatuak, ekonomia soziala eta solidarioa, artea, kultura, politika, kirola …) ehun pertsonalitatek bultzaturiko deialdiari. Manifestazioa, Paul Bert plazatik abiatu da, “Vivre et se loger au pays. Espekulazioari ez! » izenburua zuen banderolarekin. Atzetik joan dira, joaldunak, musikariak eta hip hop eta kantarien kamioiak, jendeak ozen oihukatzen zituen lemen artean, ipar Euskal Herrian bizi dugun lurra eta etxebizitzaren problematika salatzeko.
Manifestazioak Paulmy etorbidetik segitu du eta gobernuaren ordezkaria den suprefekturaren heinean zenean zein Euskal Elkargoaren eraikinaren parean -non berriki TEPa adostu duen-, manifestariek, beren giltza-sortak atera dituzte ahalik eta harrabots gehien egiteko. Harrabots hori, bertan ziren guzien arrangura islatzea zuen helburu eta bertako podere publikoak interpelatzea ere. Manifestazioa, Lauga kirol aretoan bukatu da hitzartzea eta horren ostean antolatua zen bestarekin eta etxebizitzarekin lotuak ziren hainbat erakus-mahaiekin.

« Denak ukituak gira edo ikutuak izan gaitezke, baina aterabideak existitzen dira » esan dute Maialen Elosegi eta Jean Daniel Elichiry hizlariek eszena tokitik, gibelean manifestazioari loturiko pintaketa bat zuela : esku bat etxea babesten. Manifestazio honen aldarrikapenak berriz gogoratu dituzte : « Etxeen merkatuaren erregulazioa lurzoruaren kontrol publikoa mantentzea ahalbidetuko duten erabaki politikoetatik lortuko da, baina baita konpentsazioa gisako neurriei esker, zeinek AirBnB bezalako hornituriko etxebizitza turistikoen alokazioa oztopatzen ahalbidetuko dutenak. Horrelako aterabideak, tokiko instituzioen esku dira. Botere publikoek askoz ere parte hartze handiagoa izan behar dute merkatuan, bereziki epe luzeko lur erreserbak eratuz eta nekazaritzako lurra bermatuz. Etxebizitza bat izateko eskubideak, bi etxebizitza izatea baino lehentasun handiagoa duelako, bigarren etxebizitzen kontra borrokatzen segitu behar dugu. Etxebizitza horiek, bertan bizi nahi dutenei lapurtuak zaizkie.

Soldata edo lan-kontratu mugagabea izateak ez du ahalbidetzen Ipar Euskal Herrian etxebizitza aurkitzea. Alokairuak eta lurren prezioak lurraldean segurtatzen diren soldatekin ez dute zerikusirik. Orain arte babestua zela uste zuen biztanleriaren zati oso bat mehatxatua sentitzen da. Eta hori, bizitzako istripuak, bereizteak edo prekarioak, ikasleak, baztertuak eta estatusik gabekoak aipatu gabe. Neurri indartsurik gabe, biztanleriaren zati handi bat etxerik gabe geldi liteke edo duintasunik gabeko baldintzetan aloitua. Larrialdiko etxebizitzak, integrazioko etxebizitzak edota etxebizitza egokituak behar ditugu. Lurra zaintzeko, lurzoruak ez artifizializatzeko eta baliabideak babesteko eraikuntzak mugatu behar ditugu. Denentzako etxebizitza sortzeko ez da beharrezkoa gehiegizko eraikuntzetatik pasatzea. Horretarako, sistematikoki gure buruei galdezkatu behar diegu zertarako eta norentzako produzitzen dugun. »

Tokiko lurra eta etxebizitzaren politiketan eragina izateko eta beharrezko lege aldaketak abiarazteko, hala adierazi genuen: Gaurko manifestazioa prozesu baten hasiera besterik ez da. « Mobilizazioak segitu behar du, elkarlanak segitu behar du. Manifestazio honen antolakuntzan izan giren 32 erakunde sindikalek, politikoek, elkarteek, hasitako lan kolektiboarekin aitzina segitzeko konpromisoa hartzen
dugu. Beraz, datozen egunetatik hasiko gira elkarrekin lan egiteko gune bat egituratzen, egitura bakoitza errespetatuz eta parte hartu nahi duten herritar guziei ateak irekiz. Lan kolektibo hori, batasuna eta lankidetza besterik ez daude, merkatu libreari eta haren ondorioei aurre egiteko bakoitzak bere herrian bizitzeko eskubidea izan dezan ! » hitzekin eman diote bukaera bozeremaileek