EHBaik atzoko atxiloketa salatzen du

Frantses polizia judizialak Patxiku Guimon atxilotu zuen atzo. Atxiloketa gogorki salatu eta onartzezinatzat jotzen dugu.
Bakearen kontrako gertakari honen aitzinean, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu Patxiku zein bere familia eta gertukoei.

Atxiloketa hau, joan den irailaren 22ean, Pariseko auzitegiak Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot askatzearen aldeko deliberoaren biharamunean kokatzen da. Honek, argiki erakusten digu, fiskaltza anti terrorista, Ion eta Jakes-en baldintzapeko askatasunen okazioa errepikaraztera eramaten zuen logika berean dagoela oraindik. Atzoko atxiloketak, gaur egun oraindik mendekuan oinarritutako politika indarrean dagoela erakusten digu.

Atxiloketa zein jokaera horiek jokoz kanpo dira. Bake iraunkor eta integrala lortzerako bidean, behar beharrezkoa da preso eta iheslariak etxeratzeko bide orria marraztu eta aplikatzea eta atxiloketekin bukatzea betirako.

2011az geroztik, Euskal Herriak, bakearen aldeko apostua egin du eta bere esku artean duen guzia egin du zentzu horretara doazen urratsak egiteko. Honen parean, errepresioan eta mendekua oinarritzat dituzten atxiloketa horiek ez dute izaterik.

Hori dela eta, gaur Ziburun arratsaldeko 19:00etan eginen den elgarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

EHBairen Kongresua: Bilkurak hasten ditugu

Uztailean iragarri genizuen bezala, heldu den azaroaren 26an, EHBaik bere lehen Kongresua antolatuko du Baionako Elkarteen etxean. Kongresu honen helburua, heldu diren lau urteetarako norabideak eta norabide horiei hobekien erantzungo dion egituraketa eta zuzendaritza berri bat martxan jartzea dira.

 

Aitzina Goaz.
EHBai, urtez urtez, hauteskundez hauteskunde eta erronkaz erronka hazten eta zabaltzen joan den mugimendu politikoa bilakatu da. Orain dela 15 urte, hiru alderdik sortutako koalizio elektorala, bere jarduera propioa duen mugimendua bilakatu da. 15 urteko ibilbide oparoari esker eta urte horietan zehar eramandako lanari esker, egun Ipar Euskal Herriko bigarren indar politiko izatera pasa gira. Hauteskundez hauteskunde, gure boz kopuruek gora egin dute. Gure proiektua, EHBairen proiektu ezkertiar, abertzalea, feminista eta ekologistak sustengu handia irabazten joan da. Gure hautetsi eta militanteen eguneroko lanari esker, gure proiektuak gero eta sinesgarritasun gehiago lortu du. Are gehiago, egun Ipar Euskal Herriko gehiengo handi batek partekatzen dituen ideiak defenditzen ditu EHBaik eta gehiago ere.

 

Un projet pour le Pays Basque.
Erran bezala, azpimarratu nahi dugu 15 urtetan lehen aldia dela gure mugimendu politikoak kongresu bat eginen duela. Erronka handi bat proposatzen dugu, krisi politiko, ekonomiko, sozial, ekologiko eta kultural baten erdian gaudelako, herritarrak egoerarekin kezkatuak direlako eta frantses Estatuak ez dielako Ipar Euskal Herriak dituen beharrei erantzuten. Konbentziturik gira Ipar Euskal Herriko jendarte osoarentzat proiektu erakargarri eta eraginkorra dugula. Gure proiektuak Euskal Herria eta euskal herritarrak ditu ardatz, bertan erabaki nahi dugulako gure geroa, eragile sozial eta politiko zein herritar guziekin batera. Horretaz guztiaz mintzatu nahi dugu kongresuan, jendeen iritziak entzunez, ekarpenak jasoz, guzion artean herriari eskaintza politiko berritu bat egiteko.

 

Hiru erronka nagusi
EH Baik Euskal Herri osoari begirako proiektu politikoa ukan du beti eta Ipar Euskal Herrian kokatu du bere eguneroko jarduera baita ekintza politikoaren garapenean ere. Lehen kongresu honekin, erronkaz beteriko ariketa berria dugu aitzinean. Hiru dira nagusiak:

  •  Ipar Euskal Herriak aitzinamendu berriak egiteko EH Baik jarraituko duen bide orri politikoa marraztea.
  • EH Bairen antolaketa berritzea eta gure mugimenduaren ateak gero eta jende gehiagori zabaltzea.
  • Kongresua ahalik eta parte hartzaileena izatea eta ariketa kolektibo handi bat lortzea.

Horregatik, EHBaiko kide izan edo ez, Ipar Euskal Herriko ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologista oro gomitatzen dugu kongresu honetan parte hartzera.

Herrietako bilkurak
Horretarako, ahalik eta herri eta eskualde desberdinetan antolatuko gira ondoko egunetan, parte hartu nahi duten guziei bidea errexteko.
Urria eta azaroan zehar ipar Euskal Herriko eskualde guzietako 30 bat herritan aurreikusten ditugu bilkurak. Ondoko egunetan ezagutarazten joanen gira hitzorduak.

Plataforma numerikoa
Zentzu berean eta parte hartzea sustatzeko, barneinfo.ehbai.eus plataforma numeriko berria plantan ezarri dugu. EH Baira edo Kongresura kidetuz gero, plataforma digital horretan sartzeko eskubidea izanen da.
Plataforma horretan ikusgai dira kongresuko araudia, eztabaidarako dokumentua eta bilkuren agenda.
Baliabide desberdinen biderkatzearen apustua egiten dugu, ahalik eta pertsona gehienek parte hartzeko parada ukan eta beren aportazioa egin dezaten.

Bozkatzeko eskubidea
Eztabaida eta bilkurak interesa duen orori irekiak izanen dira.
Aldiz, bozkan parte hartu ahal izateko, bi modalitate proposatzen ditugu:

  • Kongresuari 20 euro / euskoko ekarpena egitea. Honekin, Kongresuan eskubide osoko kide izaten ahal da eta bozkan parte hartzeko eskubidea izanen da.
  • Atxikimendu handiagoa adierazi nahi izanez gero, EHBaiko kide egiteko aukera irekia da ere. Horrek nola ez, bozka eskubidea ere bermatuko du.

Dokumentua
Prozesu honetan zehar herriz herri eta eskualdez eskualde anitzak izanen dira jorratuko ditugun gaiak. Horretarako, «Aitzina Goaz. Un projet pour le Pays Basque» dokumentua banatzen ari gira herri guzietan, eta eskuragarri dago ere plataforma numerikoan.

Dokumentu horrek egungo testuinguru orokor aldakor eta ez egonkorra aztertzen du lehenik. Horren baitan frantses Estatuak Euskal Herriarekiko erakusten duen mespretxua eta Ipar Euskal Herrian azken urteetan egin diren aitzinamenduak kokatzen dira.

EH Bairen identitate bikoitza garatzea dugu helburu. Karrikako ekintza zein lan instituzionala. Karrikako ekintzari dagokionez, gehiengo sozial eta politikoak biderkatzera goaz. Arloz arlo gehiengo sozial eta politikoen bitartez, ahots bakarrean mintzarazi nahi dugu Ipar Euskal Herria, baita Pariseren aitzinean ere. EH Baik garrantzia berezia ematen dio indar metaketa horri, burujabetza prozesuan aitzinatzeak gure indarretatik haragoko artikulazioa galdegiten duela konbentziturik baigaude.

Zentzu horretan, urrats berri bat egiteko beharra proposatzen da ondoko urteei begira. EH Baik uste baitu estatus politikoaren aldaketa eta konpetentzia gehiagoren beharraren eztabaida lehen lerroan ezarri behar dela. Ibilbide hori Ipar Euskal Herriko aktore guzien artean eztabaidatu, adostu eta irabazi behar dela konbentziturik gira. Urte hauetan lan eskema horren baitan gai ezberdinetan urrats anitz egin dira Ipar Euskal Herrian. Azkena Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna izan da, beste lorpen kolektibo handi bat izan dena.

Lan instituzionalean ere, EH Baik gehiengoak artikulatzeko borondatea du. Hauteskunde garaipen berri batzuei atea irekitzeko momentuan momentuko kontestu politikoaren araberako elkarrizketak eramaten ahalko ditugu beste ezkerreko indar politikoekin. Noski, elgarrizketa horiek, gure proiektu politikoaren ildoaren baitan kokatuz. Lau urteko perspektiban, 2026ko herriko bozak izanen dira EH Bairen erronka elektoral nagusiak.

Bestalde, Europako beste herri batzuen esperientziek erakusten diguten bezala, Euskal Herrian ere autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenari indar berri bat emateko unea heldu zaigu. Zentzu horretan, gure nazioak dituen erronkak elkarrekin bultzatzeko, EH Bildurekin dugun akordio estrategikoa berritzeko eta indartzeko erronka dugu.

Horrekin batera eta bukatzeko, EH Bairen izaera eta funtzioak ere izanen ditugu aipagai.
Ez dira gai txikiak eta EH Baik gai horrekiko sustengu zabala jasotzea nahi badugu behar beharrezkoa iduritzen zaigu gogoeta hori, denen arteko eztabaida eta elkar trukaketaren bidez eginak izan daitezen.

Azaroaren 26ko Kongresuaren biharamunean, EH Bai indartsu eta berriago bat islatuko dugu. Datozen urteei begirako proiektu politikoa eta EH Bairen egituraketa eta zuzendaritza berria ezagutzera emanen ditugu.

Aitzina Goaz, Un projet pour le Pays Basque

 

 

 

AZKENEAN ASKE !

Azkenean! Gaur, urte luzeetako lanaren ostean, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot aske gelditzen dira. Poz handia eragiten digun berria da.

Orain dela bi urte, Xistor aske gelditzen zen eta gaurkoan, auzitegiak Jakes eta Ionen baldintzapeko askatasunak onartzearen alde egin du. Urtez urte Euskal Herriko gehiengo zibil eta politikoak egindako apostuaren emaitza da gaurkoa. Urtez urte eta mobilizazioz mobilizazio lortu dugu 32 urte preso daramaten Jakes Esnal eta Ion Parot askatzen.

Anitza izan dira 2011an, Aieten burututako Naizoarteko bake konferentziatik, Euskal Herriko jendarte zibil eta politikoak bake prozesuaren alde egindako urratsak. Bidea luzea eta korapilatsua izan da baina Herri honen determinazioari esker lortu dugu.

2017an, ETAk armagabetzea burutzea deliberatu zuen jendarte zibilaren eskutik eta horren ondotik, bere disoluzioa iragarri zuen. Honen aitzinean, Frantziar eta Espainiar estatuaren jarrera korapiltasua izan ditugu. Hasiera batean, presoen hurbilketak burutzen hasi baziren, Frantziar estatua berehala blokeo egoera batean jarri zen. Euskal Herritik ulertu eta onartzen ez zen blokeo egoera bat.

Bake prozesua, preso eta iheslari politikoen itzulera gabe ezin da burutu eta gaurkoan, bake prozesuaren aldeko urrats bat ezagutu dugu. Mobilizazioen emaitza zuzena dugu gaurkoa. Mobilizazioei esker lortu dugu eta horregatik, heldu den urriaren 8an SAREk Donostin antolatuko duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

Lortu dugu, Euskal Herriak lortu du Jakes eta Ion etxeratzen.

Ongi etorri zuen herrira, besarkada estu bat beren lagun eta senideei.

Azterketak euskaraz orain!

Azterketak euskaraz pasatzeko aldarria ez da zerbait berria. Aldarri berria ez den arren, azken urtean zentzu gehiago hartu du. Urte luzez, Seaskako irakasle, ikasle eta guresoek aitzina eramandako lanari esker gai batzuk euskaraz pasatzeko eskubidea lortu zen. Azterketak bere osotasunean euskaraz pasatzen ahal ez baziren ere, urrats bat zen. Hobetzera joanen zen eskubide bat izanen zela espero genuen. Ipar Euskal Herriko gehiengoak, euskara eta bere ikaspenaren alde egiten du beraz ezin pentsatua zen, atzera eginen genuenik. Baina maleruski, pentsa ezina zena gertatu da eta lortutako aitzin pausua guztiz urratu da. Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea oraindik gehiago urratua izan da eta Seaskatik pasatzen diren ikasle guziek azterketak frantsesez pasatzera behartuak dira.

 

Ez da euskarak bizi izan duen kolpe bakarra. Anitzak izan dira murgiltze sistema oztopatzeko jasandako oztopoak. Frantziar asanblada naizonalean bozka bidez onartu zen Molac legea datorkigu burura. Behin onartu eta, Kontseilu Konstituzionalak helegitea jarri zuen. Haserre handia sortu zuen berria izan zen. Haserrearen hein bereko mobilizazioak bultzatu zuen Hezkuntza ministeritza zirkular bat ateratzera non hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza ontzat jotzen zuen, frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» bermatzen baziren.

 

Mobilizazioaren arrakasta eta garrantzia azpimarratu behar ditugu. Azterketak euskaraz kolektiboak iaz hasitako bide mobilizatzailea txalotzeakoa da. Urratsez urrats mobilizazio desbedinak egin dituzte ikasleen eskubidea babesteko. Manifestaziotik, okupaziora arte hartutako bideak bere fruituak ekarri ditu.

Joan den asteazkenean, Baionako ikuskaritza zentroa okupatzera joan ziren, ikasle, irakasle eta gurasoak. Mobilizazio arrakastatsua. Baina honen aitzinean, gobernuak izandako jarrera deitoratzen dugu. Polizioak, bertara hurbildu zirenen kontra erabilitako bortizkeria onartezina da.

 

Frantses gobernuaren inmobilismoaren parean, tokiko instituzioek beren ardurak hartu dituzte eta aldarria babesteko urratsa eman dute. Euskal Elkargoak, Seaskako ikasleek euskaraz erredaktatuko dituzten azterketak berreskuratuko ditu eta zuzenduak izateko dispositoboak emanen ditu.

 

Azken honek, tokiko instituzioen beharra eta garrantzia azaleratzen ditu. Herritarrengandik hurbilen diren instituzioek dute hobekien erantzungo bertako arazo eta problematikei. Zentzu horretan -eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten bidean-, deia existitzen den Euskal Elkargoari kopetentzia gehiago ematearen beharra azpimarratzen dugu.

 

Mobilizazioak emaitza positiboak ekartzen ditu eta horretan segituko dugu gure eskubideak errespetatuak izan arte. 2022. urtean ezin pentsatua da oraindik ere euskara eta bere erakaspenaren kontrako erasoak pairatzen segitzea. Euskara legez babestu behar da euskaraz bizi ahal izateko. Guk bide hori segituko dugu eta horren alde eramanen diren dinamika eta mobilizazioen ondoan izanen gira.

Gazteriaren kriminalizazioari ez!
Gaur goizean, jendarmeriak lau gazte atxilotu ditu Senperen, higiezin agentzietan margoketak egin izanaren akusaziopean.
Atxiloketa hauek salatzez gain, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu atxilotutako lau gazteei eta haien hurbilekoei. Berehala askatuak izan daitezen aldarrikatzen dugu. Gogoratzen dugu jada apirilean beste lau gazte atxilotu zituztela eta ondoren askatu zituztela kargurik gabe.
Frantses justiziak erabilitako metodoek badute helburu nagusi bat: gazteria beldurtu eta kriminalizatzea.
Frantses Estatuak, iraganeko errezetekin segitzen du: Euskal Herritarren gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu eta errepresioan tematzen da.
Senpereko herritarrek atxiloketa hauek salatzeko antolatu duten mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu Ipar Euskal Herriko jendartea:
Gaur, Senperen 19:00etan herriko etxe aitzinean.

Hauteskunde legegileen emaitzak ezagutu ditugu igandean

Frantziako lehendakaria den Emmanuel Macronek, ez du gehiengo osoa izanen Frantziako Asanblada Nazionalean datozen bost urteetan. Guk, ezkerreko mugimendu gisa, Macronek gehiengorik ez izateak sortzen digun poza ezin dugu ukatu. Izan ere, azken bost urteetan etengabeko haustura sozial eta ekologikoaren ildotik eramandako bide berdina ezingo du segitu. Argi eta garbi diogu berriz ere, EHBai Frantses lehendakariaren gehiengoaren parean kokatzen dela.

Hala eta guztiz ere, eskuin muturraren gorakadak sortzen digun kezka aipatu behar dugu. Asanblada Nazionalean indarrez sartu dira. Honek gure indarrak biderkatzera eramanen gaitu eskuin muturrak defenditzen eta aitzina eramaten dituen ideiak oztopatzeko. Hemendik goiti, eta jasoko duten diru publikoari esker, beren mugimendua sendotzeko aukera izanen dute. Ezkerreko beste alderdiekin batera lanean jarriko gira beraiek defenditzen duten bidearen parean beste alternatiba bat existitzen dela argiki erakusteko. Baina horretarako eskuina zein zentroa ere gogor aritu beharko dira eta beraien ideiak inposatzeko bide txikiena ere ez diete utzi beharko. Ez dugu eskuin muturraren jendarte zatikatzaile eta estigmatizaturik nahi.

Bestalde, zoriontzekoa da “Libertés et Territoires” taldeko diputatuak berriz hautatuak atera izana. Bretainia eta Korsikatik izendatuak izan diren diputatuei esker, lurraldeen autonomia, tokiko hizkuntzak edota etxebizitza bezalako gaiak Parisera eramaten ahalko ditugu, elkarlanean. Bide beretik, DOM-TOMetatik ateratako diputatuak zoriontzen ditugu. Ahots berri bat gehiago Parisen! EHBairi dagokionez, Régions et Peuples Solidaires (R&PS) federazioarekin hartutako engaiamendua berresten dugu eta estaturik gabeko herrien artean lanean segituko dugula azpimarratzen dugu.

Ipar Euskal Herriko emaitzei dagokionez, Iñaki Echaniz, Florence Lasserre eta Vincent Bru-ren garaipenen aitzinean gira. Gure mugimenduak bigarren itzuliari buruzko konsignarik ez eman arren, NUPES mugimendua osatzen duten hautagaiak desberdintzen genituela nabarmendu genuen. Ezkerreko alternatiba, ezin da EHBai aintzat hartu gabe egin, ez eta ere gure proiektua definitzen duten gaiak kontutan hartu gabe: abertzalea, ezkertiarra, feminista eta ekologista den proiektua kondutan hartu gabe.

Orain, gehiengoak eraiki behar ditugu karrikan, gure lorpen sozialak defendatzeko eta tokian tokiko alternatiba burujabeak eraikitzen segitzeko. Kanpainan zehar erabili dugun “Gure esku” lemak gaurkotasunean segitzen du. Hitzordu garratzitsuak izanen ditugu Ipar Euskal Herriko agenda politikoan eta aktiboki parte hartuko dugu!