MARTXOAK 8 : Emazteentzat zapalketa handiagoa ekarriko duen erretreten erreformaren testuinguruan

Emazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezpera honetan, EHBaik azpimarratu nahi du egun horrek duen garrantzia, denentzat eta, bereziki, emazteentzat bidegabekoa izanen den erretreten erreformaren bortxazko onarpenaren testuinguruan. EHBaik bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin, erakunde feminista, sindikal, gizarte-mugimendu eta nazioarteko elkartasunarekin batera.

Erretreten erreformaren testuaren ulermenean eta azterterketan aitzinatu ahala, haren alderdi guztiz bidegabea azaleratzen da, eta gobernuak gero eta zailtasun gehiago ditu hura defendatzeko.
Bidegabea da langile guztientzat, eta bereziki emazteentzat!

Gaur egun, gizonek baino bi aldiz emakume gehiago behartuta daude 67 urte arte lan egitera deskonturik gabe erretreta hartzeko! 2027tik 43 urtera igarotzean, zalantzan jartzen da erretretaren kontzeptua bera (duina eta osasun onean). Hori are onartezinagoa da, prekaritateak galarazten baitigu, edozein adinetan, ezkontide bortitzetatik ihes egitea. Erretretadunak, zoritxarrez, ez dira salbuespena, emakumeen% 21 dira. Pentsio gero eta okerragoek egoera larriagotu eginen dute.
Horregatik, hilaren 7an eta 8an mobilizazioei berriro ekitea mugarria da bidegabeko erreforma horren aurkako borrokan, baina borroka feministekin bat egitearen garrantzia ere azpimarratzen du.

Erretreten erreformaren aurka, emazteak karrikara atera dira. Fronte guztietan, honako hauek aldarrikapen hauek adierazten dituzte: soldaten igoeraren alde, prekarioenak zigortuko dituzten langabeziari, etxebizitzari eta immigrazioari buruzko legeen aurka, indarkeria sexista eta sexuala salatuz, abortatzeko eskubidea bermatzea eta Frantses Konstituzioan jasotzea aldarrikatuz, beren orientazio sexualak eta identitateak askatasunez bizitzearen alde. Afganistanen, Kurdistanen, Ukrainian edo Hego Amerikan beren eskubideak baldintza zailenetan defendatzen dituzten emazteekiko zein erregimen autoritarioen aurka altxatuz, Iranen, Turkian, Errusian edo Palestinan errepresio handia pairatzen duten emazteekiko elkartasuna erakusten dute.

Fronteen aniztasuna ezagutzen dute Euskal Herriko emazteek ere. Haien ahizpak urrundurik dituzten ziegetaraino helduko da borroka horren oihartzuna.

EHBaik azpimarratu nahi du garrantzitsua dela erreforma horren aurkako borroka zabalago bat egitea, emakumeak, LGBTI pertsonak eta arrazializatuak prekarizatzen dituen sistemaren aurka.

Arrazoi horiek direla-eta eta aurten inoiz baino gehiago sistemari arrakalak sortzeko, EHBaik, bihar, mugimendu feministak arratsaldeko 15:00etan Baionako karriketan antolaturiko manifestazioan parte hartzeko deia egiten du zein, «M8 Asanblada Feminista Bidasoa» taldeak antolatzen duen mobilizazioan ere.

Konpentsazio neurria: Etxebizitza eskubidea bermatzeko lehen urratsa

Egun sartzen da indarrean Euskal Elkargoak 2022ko martxoaren 5ean bozkaturiko konpentsazio araudia. Honako hau etapa garrantzitsua da etxebizitza eskubidearen aldeko eta AirBnBren gisako etxebizitza turistikoen emendatzearen aurkako borrokan.

2017an abiaturiko egitasmoa
Euskal Elkargoari zor diogu araudi berri hau.
Herritarrek egunerokoan bizi duten errealitate honi zenbakiak jarri zitzaizkion Tokiko Bizitegien Planaren prestakuntza lanen baitan egindako diagnostiko zehatzean. Urbanismo Agentziaren (AUDAP) ikerketak batek zuen bereziki baieztatu epe motzeko alokatzeen kopurua emendatu zela. 16.000tik gorakoa zen kontatutako aldi laburreko alokatzeen kopururua, soilik AirBnB eta Abritel plataformetan, hots, %130eko igoera 5 urtean.

Elkargoaren lanek, konpentsazio araudi bat kolektiboki definitzeko parada eman diete tentsiopeko zonaldeko 24 herrietako hautetsiei, zeinari esker, herri horietan AirBnBren gisako etxebizitza bat alokatzeko, etxejabeak etxebizitza berri bat ekoiztu beharko duen, hedadura berekoa eta hau bai, urte osorako alokatua.

Bereziki Alda elkarteak sustaturiko herri mobilizazioak neurri honen aldeko gero-eta atxikimendu zabalagoa sortu du. 32 eragilez osaturiko Herrian Bizi-Se loger au Pays plataformak ere, 2021eko azaroan Baionan 8.000 pertsona bildu zituen mobilizazioaren ardatzean kokatu zuen aldarrikapena. Eskaera honek oihartzun baikorra izan du Euskal Elkargoko hautetsien artean, besteak beste, gai honen ardura duten Daniel Olcomendy eta Filipe Aramendi abertzale ezkertiarren partetik.

Irekitako borroka juridikoa
Bozkaren aitzineko asteetan, benetako ofentsiba plantan ezarri zuten turismorako etxebizitzen jabeen elkarteek; bai hedabideetan eta baita hautetsiei begira ere.
Amore ematetik urrun, AirBnB bizitegien jabeek borroka juridikoari ekin zioten. Hori dela-eta, beste behin ere, denbora debaldetan galdu da politika publikoak ere berantean diren problematika honetan; hori dena, etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko gero-eta arazo gehiago duten bertako herritarren kaltetan.
Borroka juridikoari dagokionez, berri onak jaso ditugu ordutik eta heldu den astelehenean iritsiko den erabakia jasotzea berantesten dugu.

Lau proposamen aitzinatzeko
Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoak larria izaten jarraitzen du eta baitezpadakoa da urrats berriak egitea. Horretarako, eztabaida berriak ideki behar dira eta honakoak dira EHBaik egiten dituen proposamenak :

  • Tentsiopeko lurraldearen hedatzea Ipar Euskal Herri osoari. Zonalde honi lotutako neurriak (bigarren etxebizitzen gain zerga, etxe hutsen zerga, konpentsazio neurria…) auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan ezartzeko.
  • Alokairuen mugatze zorrotza, urte osoko alokairuen parkera itzuliko diren etxebizitzak prezio eskuragarrian eskainiak izan daitezen. Elkargoak hautagaitza pausatu du eta dosierra aztertzen ari da. Baina neurri hau derogazio gisa baimendua da eta galdegiten dugu frantses estatuari manera iraunkorrean aplikatzea.
  • Fiskalitatearen erreforma sakon bat beharrezkoa da, higiezin irabazi ekonomikoen zerga emendatzeko, mublatu turistikoen bidez irabazten den diruari zerga gehiago aplikatzea eta bigarren etxebizitzen jabeek diru ekarpen handiago egin dezaten herriko etxeei eta elkargoari jakinez ez dutela bertako ekonomia sustatzen.
  • Egoiliar Estatusa plantan ezartzea, jabetzarako bidea mugatzeko soilik lurraldean manera iraunkorrean bizi nahi dutenei

EHBairen deia
Konpentsazioa plantan ezartzearekin, bertako hautetsiek erakutsi dute Elkargoak baduela existitzen diren tresnak erabiltzeko borondatea. EHBaik etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan segituko du bai herri mobilizazioetan, bai instituzioetan. Proposamenak egiten segituko dugu Ipar Euskal Herria Parisen parean ahots bateratuarekin mintza dadin eta beharrezko lege aldaketak erdietsi ditzagun. EHBaik hautetsi guziei deia luzatzen die neurri berriak plantan ezartzeko eztabaidan murgiltzeko eta, borondate osoa adierazten du adostasunaren bidetik jarraitzeko.

Egun, konpentsazio neurria indarrean sartzen dela ospatu eta herri mobilizazioaren eta ekintza instituzionalaren arteko osagarritasuna txalotu nahi dugu. Azken asteotan, Frantses Estatuak Ipar Euskal Herrian dituen ordezkariak aldatu dira. Prefetak eta suprefeta berriak haien kargua hartu duten honetan, arazoari neurria hartu eta konpondu gabeko dosierrei heltzeko egiten die EHBaik.

Azkenik, EHBaik bere izenean egiten dituen ekimenez harago, Herrian Bizi plataforman mobilizaturik eta Apirilaren 1eneko manifestaldi masiboaren antolaketan ekarpena egiten segitzen dugu. Egoera aldatu eta lurra zein etxebizitza bermatzeko neurriak azkartu daitezen, manifestaldian eta honen prestaketan parte hartzera deitzen dugu herritar oro.

Erretreten erreforma: EHBai parlamentariak interpelatzen ditu

Erretren erreformari buruz Frantses Asanblada Nazionalean egin den eztabaida bukatu eta testua Frantses Senatura iristear den honetan, Mathilde Hary eta Nikolas Blain EHBaiko bozeramaileak Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariei igorritako interpelazio gutuna atzemanen duzue beherean:

 

Jaun-andereak,

Asteak iragan dira frantses gobernuak, erretreten erreforma berria iragarri zuenetik prentsa aitzinean. Erreforma berri honek bazterrak anitz inarrosi ditu, jendartearen haserrea eragiteraino. Frantziako lehen ministroa den Élisabeth Bornek adierazpen publikoak egin eta egun gutxira iragan zen lehen mobilizazioa. Frantziar estatuan zein Ipar Euskal Herrian aspaldi ezagutu ez den mobilizazio jendetsua izan zen eta jendeak ez dio utzi greba egiteari.

Egun eta otsailaren 6az geroztik, eztabaida Frantses Asanblada Nazionalean eramana da eta hori dela eta zuregana zuzentzen gira. Izan ere, espero dugu, Ipar Euskal Herriko ordezkaria zaren heinean, hemengo herritarren ahotsa entzunaraziko duzuela. Izan ere, erreforma hau sistema kapitalistak egungo krisi sozial, ekonomiko eta politikoan berkokatzeko beharrezko duen neurria da. Azken urteetako politika neoliberalekin gertatzen ari denaren bidetik, langileen bizi baldintzen okertzearen kontura, ekoizpenaren eta irabazi gehiago metatzearen alde egiten du erretreten erreformaren lege proiektu honek. Bizi dugun zibilizazio krisiaren aitzinean, uste dugu logika aldaketa baitezpadakoa dela eta aberastasunaren banaketan oinarrituriko eredu justu baterantz jo behar dugula.

Exekutiboak erabilitako prozedura ere deitoragarria da. Eztabaida demokratikoari muzin egiten dio. Seguritate sozialaren finantza zuzentzaileko lege proiektu baten zein Konstituzioko 47.1 artikuluaren erabilpenak, Parlementuak izan beharreko papera zangopilatzen dute, berau ezeztatzeraino. Are gehiago, uste dugu jendearen bizia bera jokoan denean, halako erabakiak ezin direla manera horretan hartu.

Erreforma onartuko balitz, langile klasearen eta orohar herritarren eskubideen urraketa areagotuko litzateke. Erretreta adina 64 urteetara gibelatzeak, herritarren lanaldia luzatuko du, bereziki lanbide prekarioak eta akigarriak dituzten langileek pairatuko dituztelarik ondorioak. Lan ibilbide osagabea duten pertsonen eta oso bereziki egoera horretan diren emazteen baldintzak okertuko ditu. Baina oro har, edozein herritarrentzat, zailagoa izanen da erretreta oso baterako baldintzak betetzea, duintasunez bizitzea zailagoa bilakatuko den hein berean.

EHBaik, lege proiektu honen izaera antidemokratikoa ageria eman nahi du. Gure aburuz, euskal herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzea funtsezkoa da eta horregatik, eskatzen dizugu erretreten erreformaren aurka posizionatu eta bozkatu dezazun.
Emendakinak onartuak ez izateko arriskua dago eta hori gertatzen bada, testua den bezala bidalia izanen da Batzorde Mixtora, azkenean, indarrez aplikarazteko.

Egoera honen aitzinean, ipar Euskal Herriko jendarteak jakin behar du zer pentsatzen duten ipar Euskal Herriko ordezkariak diren hemengo Diputatu eta Senatariek. Espero dugu, egoerak galdegiten duen ardurarekin jokatu eta lege erreforma hau indarrez ez pasatzeko ahaleginak eginen dituzula, azken asteetan, mobilizazioen poderioz nagusitu den nahiaren aldera. Egiazko eztabaida denbora bat eskeini behar da, elkarrizketa soziala berrabiarazi elkartasunean oinarrituko den eta bizi baldintza duinak defendatuko dituen sistema bat lortze aldera.

Erantzun bat jasoko dugulakoan, jaso ezazu gure agurra,
EHBai

Behako bat Euskal Elkargora

Joan den otsailaren 4ean iragan zen Euskal Elkargoaren urteko lehen plenarioa. Hauexek izan dira gai ordeneko aipagai nagusiak: Aurrekontuaren norabideei buruko eztabaida eta Antton Curutcharryk aurkeztutako proiektu kulturala.

 

Uztaritzeko axuanta den Françoise Galloisek, hitza hartu du gizon eta emazteen berdintasuneko urteko bildumaren inguruan. Euskal Elkargoak, gai honen inguruan egindako lana txalotu du. Izan ere, eramandako lanari esker, herriek erraztasun gehiago dituzte gaiaz jabetzeko zein berdintasun baterako bidean urratsak egiteko. Hitzartzearen bideoa hemen ikusgai.

Frantses Estatuko Berdintasuneraren Goi Kontseiluko bildumak aldiz, zenbaki beldurgarriak azaleratu ditu. Honek, tokiko kolektibitateak bertako eragile eta elkarteekin eraman beharreko lana indartu behar dela erratera eramaten gaitu.

 

Aurrekontuaren norabideei buruzko eztabaidak, hitzartze gazi gozoak eragin ditu. Hiriburuko auzapeza de Alain Iriartek, hitza hartu du Bil Gaiten talde politikoaren izenean. Ekintza publikoak arreta handiz segitzera deitzen du. Itsasbazterrak eta itsasbazter hurbilak duen erakargarritasunak, kostaldearen indartzea dakar barnekaldearen kalterako. Horretarako, Elkargoak tentu handiz segitu beharko ditu barnekalde zein kostaldean egiten diren inbertsioak. Alainek, barnekaldea lagunduko duten inbertsioak areagotzea eskatzen du.

 

Hitzartze honek, Jean-Claude Mailharinek, garaipen iraunkorraren inguruan egin adierazpenei oihartzun egiten zien. Amenduzeko hautetsia zein Bil Gaiten talde politikoko lehendakariordeak hautetsien txalo zaparrada jaso du, Elkargoko botereen deszentralizazioa eta lurralde osoko proiektu egituratzaileen banaketa bidezkoagoaren alde egin duenean.

Aurrekontuaren bozka heldu den martxoaren 4ean iraganen den plenarioan burutuko da.

 

Urteko lehen plenarioari amaiera emateko, kultura eta hizkuntza polikaren lehendari ordea den Antton Curutcharryk, Euskal Elkargoaren proiektu kulturala aurkeztu du. Azken bi urteetan, lurraldeko eragile kulturalekin batera eramandako lanaren emaitza izan da.

 

Dokumentu anbiziotsu honek lau ardatz barne biltzen ditu:

  • Kultura arloa sustatu gazteengan
  • Hurbileko eskaintza kulturala sustatu lurralde osoan
  • Bertako eragile kulturalak lagundu beren arloa,
  • Euskarazko eta okzitaniera-gaskoizko adierazpen artistikoa indartu

 

Hautuzkoa bada ere, Kultura eskumenak beste ibilbide-orri bat du. Azken hilabeteotan Kultura Batzordean egindako lana aho batez onartua izan da Elkargoan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Abian da Bagira prozesua, parte hartu!

Iragan larunbatean jarri zen abian Bagira prozesua Itsasun. EHBai hastapenetik izan da Mugimendu Abertzalearen Herri Topaketa hauen sustatzaile. Hilabeteak dira EHBaiko militanteak prozesuaren prestakuntza lanetan, Mugimendu Abertzaleko gainerateko eragile eta sektoreekin elkarlanean ari direla.

EHBaik bere sorreratik izan du Mugimendu Abertzalearen tresna politiko instituzionala izan eta abertzale, ezkertiar, ekologista eta feministak biltzeko borondatea. Bagira prozesua, Bakoitzaren lan ildoaren errespetutik, elkarren ekarpenaren aitortzatik eta borroken osagarritasunaren ikuspegitik egiten ariketa eraikitzaile bezain funtsezkoa dela uste dugu.

Testuinguru berezia bizi du Mugimendu Abertzaleak: ipar Euskal Herriko lehen instituzioa lortu dugu, bozka abertzalea hauteskunde hauteskunde emendatzen ari da, borroka armatuaren zikloari bukaera eman zaio. Joera globalek eta Frantses Estatuaren baitako aldaketek ere burujabetza eskuratzeko mehatxu eta aukera berriak eskaintzen dizkigute.

Borroka abertzalea gaurkotu eta erronka politikoei heltzeko, belaunaldi berrien beharra du mugimendu abertzaleak. Prozesu honen helburua ere bada gero-eta euskal herritar gehiago abertzaletzea. Bagirak, eragileen eta sektoreen arteko gogoeta partekatua eta elkartrukeak sustatuko ditu. Hala soilik lortuko dugu indarrak batu, indarrak biderkatu eta prozesu politikoari bultzada narbarmena ematea.

Oraindanik Apirilaren 8 eta 9an Itsasun ospatuko den Aberri Egunera arte, Mugimendu Abertzalearen 60 urteko ibilbidearen mugarrien eta Euskal Herriaren eraikuntzari egindako ekarpenaren kontakizuna eginen dute hitzaldi eta mahai-inguruek antolatuko dituzten eragileek.

Askotariko proposamenenk agerian uzten dute Mugimendu abertzalearen aniztasuna: EHBaiez gain, LAB, Zabalik elkarteak, Xuti Gaztek!, Iratzarrek, Bzik!, Eihartzeak, Enbatak eta MRA fundazioak antolatuko dituzte aste hauetako ekitaldiak. Informazio osoa eskuragarri duzue bagira.eus atarian.

EHBairen hitzaldia berriz, Martxoaren 17an 19:00etatik goiti iraganen da Hazparneko Elgar zentroan “Abertzaleek ezagupen instituzionalari egindako ekarpena” lelopean. Burujabetzaren ideia ardatz, eskumen handiagoko instituzioak erdiestearen garrantzia eta horren bidez borroka sektorialetan aitzina egiteko aukerak izanen ditugu bertan aipagai.

Bagira prozesuaren lehen urrats hauetan inplikatzeko deia egiten diegu EHBaiko kideei. EHBai ekitaldian edo/eta gainerakoetan parte hartuz, prozesuaren berri zabaldu edo Aberri Egunean parte hartuz adibidez.

Denek elkarrekin eginen dugu dudarik gabe Mugimendu Abertzalearentzat emankorra izanen den prozesu hau, zu ere bazira, parte hartu!

Menstruazio-prekaritatea: Frantzian hiru emaztetik bat jotzen duen oinarrizko zuzengabekeria.

Emazte batek bere bizi osoan, milaka euro gastatzen ditu edozein motako babes higienikoak erosteko zein hilerokoak sortzen dituen minak kontrolatzeko medikamentuentzat. Emazte eta gizonen arteko berdintasunaz arduratzen den ministerioaren azken txostenak ematen duen kopuru horrek agerian uzten du zein garrantzitsua den sail hortan xahutzen den diru zama kontuan hartzea.

Berdintasunik gabeko alderdi ekonomikoaz haratago eta jakinik Frantzian, emazteak direla gehien prekaritatean bizi (4,9 milioi emazte eta 4,3 milioi gizon), hilerokoaren inguruko tabua da batez ere, arau patriarkalek (sozialak, kulturalak edo erlijiosoak) elikatzen duten genero-desberdintasunaren benetako arragoa, eta horrek indartu egiten du neskek eta emakumeek pairatzen duten gutxiagotasun-sentimendu hori.

Hilabete batzuk dira orain, esperimentazio bat eramaten ari dela departamenduko 6 kolegio desberdinetan, gai honekiko tabuarekin bukatzeko. Eramaten ari den lan pedagoki honi esker, neska eta mutil gazteak informatu eta sentsibilizatu nahi dira.

Hendaiako Irandatz kolegioak eta departamenduko beste 5 ikastetxek, esperimentazioa bideratua dute 2022ko maiatzetik. 2 urtez eta 16.000 euroko aitzinkontuarekin, babes higieniko biologikoak eskaintzen dituen kit bat emanen da eskuragarri neska gazte guzientzat. Honekin batera, segimendua eginen duen erizain bat egonen da ere.

Gure aldarrikapen feminista eta sozialen zentralitatean kokatzen da ere, menstruazio-prekaritatearen kontrako borroka. Annie Poveda, Hendia – Urruña – Biriatu kantonamenduko kontseilari gisa, hezkuntza eta kolegioen lehendakari ordea den Isabelle Lehoren ondoan izan zen, esperimentazio honen berri eman zenean.