Darmanin legeari ez, Euskal herria, harrera herria!

Migratzaileen kriminalizazioak segitzen du
Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak bizirik dirauen honetan, frantses gobernuak bere bide orri antisozialari eusten dio Martxoaren 28an Senatuan iraganen den Asilo-immigrazio legearen azterketarekin.

Gérald Darmin, Frantses Estatuko poliziaburuak sustaturiko erreformak pertsona migratzaileen jazapena areagotzea eta haien harrera zailtzea du helburu. Frantziako barne ministroa gustora dago “gaizkile atzerritar gehiago kanporatzen ahalko direlako estakuru juridikorik gabe”. A zer nolako egitasmoa!

Lege honen neurri garrantzitsuenen artean, aipa ditzagun: Atxikitze administratiborako Zentroak biderkatzea, halabeharrez frantses lurraldea uzteko aginduen sistematizazioa, errekurtso juridikoen murrizketa (12tik 4era!) edo instrukzio epeen laburtzea.

Ustez barkaberak izanik, frantses gobernuak behin-behineko erregularizazioak onartuko dizkie “tentsioan” dauden sektoreetan lanpostua onartuko dutenei. Beste behin ere, argi geldituko da, pertsonen bizitzen balio kontuan hartu beharrean, langileen balio ekonomikoaren obsesionaturik dagoela frantses gobernua.

 

Immigrazioa, eskuinaren betiko leloa
Frantses lehendakariaren gehiengoak Les Républicainsek ordezkatzen duen eskuin gogorrari bermeak eman nahi dizkion testuinguru batean agertzen da erreforma. Gauza jakina da eskuina beti egon dela prest migrazio politiken gogortzearen aldeko legediak ezartzeko, kosta ala kosta. Erretreten erreforma dela-eta aste gorabeheratsuak izan ondotik, Macronen jarraitzaileak, eskuin gogorra eta eskuin muturra berbiltzeko parada izan liteke.

Oroitarazi behar dugu, exilioan diren pertsonei manera duinean harrera egiteko betebehar humanoa izateaz harago, immigrazioak beti duela eragin positiboa estatu bateko ekonomian.

 

Euskal Herria, harrera herria
Dramak ugari izan arren, mugek hetsirik diraute. 2020an Lapurdiko eta Baxe-Nafarroko hainbat mugako bide hetsi zirenez geroztik, Bidasoan, trenbidean edo autopistan migratzaileei gertaturiko dramen konplize bilakatu da frantses gobernua.

Zenbat hildako beharko dira bide hauetan agintariek azkenean paradigma alda dezaten?

Mugen hetsiera Covid-19aren zabalpenaren aurkako neurriekin edo borroka antiterroristarekin justifikatzera daramatza zinismoak.
Martxoaren 21an Urruñan, Bidasoa Etorkinekineko 3 kide atxilotu zituen poliziak haien etxeetan. Zer zen leporatzen zitzaiena? Ba, migratzaileak lagundu izana.

Sarekada honekin, elkartasun delituagatik errudun diren euskal herritarren zerrenda luzatu besterik ez da egin. Gurpil-zoro sekuritario honi bukaera eman behar zaio.

 

Elkartasuna bizi bedi gure herrian!
EHBaik baldintzarik gabeko babesa ematen die migrazio bideak urratzen ari diren pertsonei laguntza ekartzen dieten gizon-emazteei. Frantses Estatuak erreformaz erreforma inposatu nahi digun “bakoitza berearen alde” ideia oinarri duen jendarteaz bestelako eredu bat defendatzen dute aipaturiko pertsonek. Egun elkartasuna eraikitzea, biharko Euskal Herria eraikitzea ere bada: mundura irekia izanen den herria, tolerantzia eta kultur-aniztasuna oinarri izanen dituena.

Gero-eta iheslari klimatiko gehiago bideetara bultzatuko dituen aldaketa klimatikoaren aroan, immigrazioarekiko dugun harremanaz aldatzea dagokigu.
Horregatik, EHBaik bat egiten du Etorkinekin-Diakité eraturiko kolektiboarekin eta martxoaren 25ean, larunbatez, 16:00etan Baionako Herriko Etxean iraganen den Darmanin legearen aurkako elkarretaratzera deitzen du.

Anitz izan gaitezen!

Seaskako ikasleek Brebeta euskaraz pasatzen ahalko dute

Iragan ostiralean, aurten Brebetara aurkeztuko diren ikasleek Zientziako azterketan euskaraz idazteko parada izanen dutela iragarri zuen frantses hezkunde ministeritzak Antton Curutcharry EEPko lehendakariari igorritako gutun batean.

Garaipen hau Seaska ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntza komunitate osoaren mobilizazio azkarren ondorioa da.

Iragarpen honen ondotik, azterketan haien ikas-prozesuko hizkuntza nagusia erabiltzen ahalko duten ikasleak ditugu gogoan, baita, azterketetan onartuak ez izateko arriskuarekin, desobedientziaren bidez borroka hau eraman dutenak ere.

Bertako instituzioek babesten zuten aldarrikapen hau bete da azkenean. Beste behin ere, honek erakusten du Ipar Euskal Herria aho batez mintzo delarik garaipenak eskura ditzakegula.

Erabakiak pozten bagaitu ere, damugarria iruditzen zaigu gai honetan galduriko denbora. Manifestazio baketsuetan ikasleen gurasoak jasotako erantzun errepresiboa ere ez dugu ahanzten.

Baina bataila ez da guztiz irabazia oraindik. Izan ere, Ministroak hartutako deliberoan ez dira sartzen aurten Baxoa pasa behar duten ikasleak ez eta ere, arlo elebidunean diren ikasleak. Hortaz, hala nahi duten ikasleek azterketetan euskaraz erantzuteko eskubidea izan dezaten mobilizazioekin segitzeko engaiamendua berresten dugu.

Orokorrean, euskararen ofizialtasunaren aldeko borroka kolektiboki indartzea dagokigu, Euskal Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Baionan izanen gara apirilaren 22an, Azterketak Euskaraz Kolektiboarekin, irakaskuntza sailen elkarteekin (Seaska, Euskal Haziak, Biga Bai) eta Euskal Konfederazioa osatzen duten egiturekin (AEK, Uda Leku, Euskal Hedabideak…), « Azterketak Euskaraz ! Euskarari Trabarik ez » lelopean manifestazioan ateratzeko elkarrekin.

Bigarren etxebizitzak : INSEEko xifre berriak egoeraren larritasuna azaleratzen dute

Gaur, martxoaren 18a, EHBaiko militanteek bigarren etxebizitzen xifreak erakusten dituzten panelak banatu dituzte ipar Euskal Herriko herri sarrera guzietan. Ekimen honen xedea, hamarkada luzeetan zehar etxebizitza arloan bizi dugun egoeraren larritasuna azaleratzea izan da. Problematika hortaz jabeturik, EHBaik urteak darama arlo horretan lanean eta oraingoan, gure lan ardatzetako bat den bigarren etxebizitzen kopuruari eman nahi izan diogu fokua.

Gaurtik aitzina, hamarnaka militanteek herriz herri, herri sarreretan jarritako panelak ikusgai izanen dituzue, bigarren etxebizitzen kopuru zehatza eta ehunekoarekin.

Orain dela aste batzuk, INSEEk, ipar Euskal Herrian diren bigarren etxebizitzen kopurua barne biltzen duen dokumentua publikatu zuen. Xifre horiek 2019ko xifreak dira, justu pandemia aitzin. Ez dugu ahantzi behar, pandemiak etxebizitzaren problematika katalizatu duela. 2021ean, ekimen berdina egin genuen eta orduan, 2018ko datuak erabili genituen.

2018 eta 2019 artean, bigarren etxebizitzen kopurua, 5617 etxebizitzen emendatzen da. Emendatze horren atzean dauden arrazoiak hauexek dira: erakitze berriak, etxebizitzen banaketa edo etxebizitza berrien eraikitzea beste erabilpen bat zuten eraikinetan. Urte batez, 498 bigarren etxebizitza gehiago sortu dira, gutxienez 8 hilabetez hutsik diren Ipar Euskal Herriko etxebizitzen kopurua 42743raino igoz. Eguneraketa honek urtebetean gertaturiko bilakaera ebaluatzeko balio du. Azpimarratu behar dugu biztanleriaren erroldan oinarritzen dela, hots pertsonen deklarazioetan eta 2020ko COVID krisiak ez duela eragin kopuru horietan.

Proportzioan, bigarren etxebizitzak, parkearen %20tik gora dira oraino. Horrek erran nahi du Ipar Euskal Herrian, bost bizitegitatik bat bigarren etxebizitza dela. Kopuru honek eguneroko errealitatea erakusten duen bitartean, ezin dugu ahantzi izugarria dela bizitegi sozialen eskasia (Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %76a horretarako hautatua izan daitekeelarik). Izan ere, hau da egia gordina: Ipar Euskal Herrian bizitegi sozialena baino bi aldiz handiagoa da bigarren etxebizitzena.

Getaria hautatu dugu, herri honetan, bigarren etxebizitzak lehen bizitegi baino gehiago direlako. Duela egun batzuk, “ongi bizitzeko herrien” artean lehen postuan jartzen zuen Getaria. Inguruko herrietara begiratzen badugu, Biarritzen edo Donibane-Lohizunen adibidez, %40tik gora dira bigarren etxebizitzak. SRU legearen kuadroan sartzen diren herri horietan, %25ekoa izan behar da bizitegi sozialen eskaintza (biztanleriaren %76a horretarako hautatua izan daitekeelarik), funtsezko kontraerran onartezin bat dago. Izan ere, bizitegi sozialen SRU helburuak herri bateko bizitegi printzipalen kopuruaren arabera kalkulatzen dira. Adibidez, SRU irizpideen arabera, %19koa da bizitegi sozialen kopurua Donibane-Lohizunen. Baina bigarren etxebizitzak kontuan hartuz, %10ekoa litzateke kopurua. Biarritzeren kasuan ez litzateke %11, %6 baizik; Hendaian berriz, %10 eta ez %16. Afitxaketan jukutria bat egiteaz harago, eragin negatiboa du horrek. Gaur egun, herri turistiko bateko auzapezak ez du bigarren etxebizitzen kopuruen inguruan zorrozki ekiteko interesik, etxebizitza sozialen tasa hobetzeko eta prefetaren zigorrak saihesteko baliatzen baitute egoera.

Etxebizitza eta lurralde antolaketa politiketan, aldaketa erradikal eta globala behar direla diogu. SCOT eta PLUIen elaborazioarekin, hautetsiek maila lokalean ekiteko parada dute laborantza lurrak zaindu eta bizitegi hutsen hedapena gelditzeko. Era berean, beharrezkoa da AHTren aurkako borroka egitea. Izan ere, halako proiektuak ezagutu dituzten lurraldeetan etxebizitzan izandako eraginak kaltegarriak izan dira azken urteetan. Bulegoen emendatzea etxebizitzen ordez, bigarren etxebizitzen biderkatzea eta pandemiaz geroztik orokortu den telelanaren fenomenoarekin, aste erdiz hutsik diren etxebizitzak ikusteko arriskua gero-eta handiagoa da.

Berehalako lege aldaketen beharra
Duela bi aste, bigarren etxebizitzen aurka borrokatzeko hainbat neurri jarri genituen mahai gainean, hemen oroitarazten ditugu:
Tentsiopeko lurraldearen hedatzea Ipar Euskal Herri osoari. Zonalde honi lotutako neurriak auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan ezartzeko.
Bigarren etxebizitzen gaineko zerga berezia ezartzea, hutsik geldituko den bizitegi bat erosten dutenek bertako fiskalitateari ekarpen handiagoa egin diezaioten.
Egoiliar Estatusaren egingarritasuna aztertzeko ikerketa bat abiatzea, jabetzarako irismena erregulatzeko.

Oraintxe bertan, Ipar Euskal Herriko 158 herrietako hautetsiak herrietako aurrekontuak osatzen ari dira.

Aurten indarrean sartu den bizitegi zergen erreformak hemendik goiti bigarren etxebizitzak soilik zergapetzea dakar. Egoera honetan, hautetsi batzuek herrietako bizitegi zergen tasa nabarmenki handitu nahi izan ditu. Haatik, bizitegi zergen emendatzea, eraikitako jabetzen gaineko zergaren maila berean jartzera behartzen ditu legeak. Bestela erranik, bigarren etxebizitzen jabeak gehiago zergapetu nahi baditugu, ber proportzioan emendatu beharko zaizkie zergak herriko lurren jabeei.

Mugimendu abertzaleak errepikatzen du beste behin ere, etxebizitza bat ukateko eskubideak bi ukateko eskubidearen gainetik egon behar duela.

Goizeko ekimena herritarren hitza entzun dadin deialdia egiten aukera ere bada. EHBaik aktiboki hartzen du parte, Apirilaren 1ean, europar mailako mobilizazio egun baten baitan, 15:00etan Baionako suprefeturatik abiatuko den etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaldi handia antolatuko duen Herrian Bizi plataforman. Ezinbestekoa da, herri presioa mantentzea, garaipen berrietarako bidea ideki dezaketen hitzorduak indartuz.

Behako bat martxoaren 4ko Elkargoko plenarioari

Euskal Elkargoko kontseiluaren bilkura berri bat iragan zen Martxoaren 4an, zeinetan 2023ko aurrekontuaren bozka eta igerileku planaren onarpena egon ziren mahai gainean.

Bilkura hasi aitzin, Elkargoko kontseilariek Herrian Bizi – Se loger au Pays plataformako militanteen harrera izan zuten atarian, hauen helburua Apirilaren 1eneko etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaldia dela-eta hautetsiak sentsibilizatzea zelarik. Bizi ere presente zen jantegietako “ongi jatearen” inguruan sentsibilizatzeko.

 

 

Ekonomia sozial eta solidariorako 2023-2026 bideorriaren aurkezpenarekin hasi zen Elkargoko kontseilua.

Gilles Haran Bil Gaiteneko kideak Elkargoak egindako anbizio handiko lana onetsi zuen. Euskal Herrian ekonomia bertutetsu honek duen garapen handia eta arlo honetan ari diren kooperatiba, fundazioa eta ellkarteen lana azpimarratu du. Dinamika honen zuzenki eragiten du bertako enplekuen sorreran, aberastasuna gure luralddean mantentzean eta ipar euskal herriaren burujabetzaren aldeko alternatiba konkretuen eraikuntzan.

Gillesek erabakia baliatu zuen Euskal Moneta elkarteak egindako lana goraipatzeko. Europako tokiko monetarik garrantzitsuena eta ekonomia positibo horren adibiderik behinena denak bere 10.urtebetetzea ospatuko du Apirilaren 15ean Ezpeletan.

Transizio ekologiko eta sozialaren aldeko parte hartzeko aktiboa izateko, bere lankideak haien ordainsariaren zati bat euskoz jasotzera gomitatzen zituen Uztaritzeko hautetsiak.

 

Aurrekontuaren inguruko bozkak hasi aitzin, aurrekontuaren elaborazioari buruz Bil Gaitenek dituen duden berri eman zuen Xabi Thicoipek. Izan ere, Xabik zioen komenigarria zatekeela lan talde bat plantan ezartzea aurrekontuari dagozkion gaien gaineko arbitrajeetan parte hartzeko. Aurkezturiko erabakietan neurritasunari eta elkartasunari garrantzia urriegia ematen zaiela ere adierazi zuen. Aipaturiko kontzertazioa faltak, Bil Gaiteneko kideen abstentzioa ekarri zuen hastapeneko aurrekontuaren zein aurrekontu nagusiaren bozketetan.

 

Nicole Etxamendi, Bil Gaiteneko ko-lehendakariak berriz, lurralde honetan hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzten herritarren errealitea jarri du ekarri zuen argitara. Gero-eta familai gehiagok haien aurrekontua euroz euro zaintzen duten testuinguru honetan, garraioak, ura, eta saneamenduaren gisako zerbitzu publikoak kudeatzen dituen heinean, Elkargoak hainbat tarifaren prezioan eragin dezake. Bil Gaiteneko zerbitzu hauen tarifikatze soziala aldarrikatzen du. Egoera ekonomiko zailetan, familiek lehentasunez aisialdia eta kulturari uko egiten diotela oroitarazi zuen Nicolek. Elkargoak hainbat eginahal aurreikusi ditu jadanik eta kultura ororentzat eskuragarri izan dadin lanean segitu behar du.Zerbitzu guzien tarifikatze soziala (mediaeka, igerilekuak, zinemak, musika eskolak…) izan beharko litzateke herri-arteko proiektuaren iparrorratza.

Bil Gaiten taldearen izenean, erretreten erreformaren aurkako hurrengo mobilizazioei sustengua adieraziz bukatu zuen bere hitzartzea Itsasuko hautetsiak.

 

Euskal Herriko igerileku planari buruzko erabakiarekin bukatu zen bilkura. Bil Gaitenek argipenak eskaini zituen Filipe Aramendiren bidez. Azken honek baieztatu zuen bere taldea ez dagoela oztopatzeko jarrerra batean, egindako lanari ekarpenak egiteko borondatearekin baizik. Baina, beste behin ere, metodoa da zalantzagarria dena.

Urruñako auzapezak, Elkargo Mailako interesa lukeen eta uztailean bozkarturiko hitzamen fiskal eta fintzantzarioan jasota dagoen Errobi-Aturri eskualdeko igerilekuaren finantzamendu planari buruzko arrangurak adierazi zituen. Izan ere, proiektuaren finantzaketaren %20 eta 50%en artean hartu beharko duten haien gain poloko herriek. Filipen ustez, beharrezkoa da ahalmen ekonomiko urriena duten polo herriak arriskuan jar ditzakeen erabaki berrestekotan, Elkargoko kontseiluan eztabaida egitea.

Euskal Elkargoko lehendakariak hautetsiak jabaldu nahi izan zituen Igerileku Planren finantzaketari buruz. Hunkituriko herriek horren beharra izanez gero, Herri arteko elkartasuna apika daitekeela adierazi zuen. Elkargoko ekipamenduari buruzko lurralde mailako gogoetak egitearen beharra oroitaraziz bukatu zuen bere hitzartzea Jean René Etchegarayk.

 

 

Maiatzaren 13an iraganen da Elkargoaren hurrengo kontseilua.

MARTXOAK 8 : Emazteentzat zapalketa handiagoa ekarriko duen erretreten erreformaren testuinguruan

Emazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezpera honetan, EHBaik azpimarratu nahi du egun horrek duen garrantzia, denentzat eta, bereziki, emazteentzat bidegabekoa izanen den erretreten erreformaren bortxazko onarpenaren testuinguruan. EHBaik bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin, erakunde feminista, sindikal, gizarte-mugimendu eta nazioarteko elkartasunarekin batera.

Erretreten erreformaren testuaren ulermenean eta azterterketan aitzinatu ahala, haren alderdi guztiz bidegabea azaleratzen da, eta gobernuak gero eta zailtasun gehiago ditu hura defendatzeko.
Bidegabea da langile guztientzat, eta bereziki emazteentzat!

Gaur egun, gizonek baino bi aldiz emakume gehiago behartuta daude 67 urte arte lan egitera deskonturik gabe erretreta hartzeko! 2027tik 43 urtera igarotzean, zalantzan jartzen da erretretaren kontzeptua bera (duina eta osasun onean). Hori are onartezinagoa da, prekaritateak galarazten baitigu, edozein adinetan, ezkontide bortitzetatik ihes egitea. Erretretadunak, zoritxarrez, ez dira salbuespena, emakumeen% 21 dira. Pentsio gero eta okerragoek egoera larriagotu eginen dute.
Horregatik, hilaren 7an eta 8an mobilizazioei berriro ekitea mugarria da bidegabeko erreforma horren aurkako borrokan, baina borroka feministekin bat egitearen garrantzia ere azpimarratzen du.

Erretreten erreformaren aurka, emazteak karrikara atera dira. Fronte guztietan, honako hauek aldarrikapen hauek adierazten dituzte: soldaten igoeraren alde, prekarioenak zigortuko dituzten langabeziari, etxebizitzari eta immigrazioari buruzko legeen aurka, indarkeria sexista eta sexuala salatuz, abortatzeko eskubidea bermatzea eta Frantses Konstituzioan jasotzea aldarrikatuz, beren orientazio sexualak eta identitateak askatasunez bizitzearen alde. Afganistanen, Kurdistanen, Ukrainian edo Hego Amerikan beren eskubideak baldintza zailenetan defendatzen dituzten emazteekiko zein erregimen autoritarioen aurka altxatuz, Iranen, Turkian, Errusian edo Palestinan errepresio handia pairatzen duten emazteekiko elkartasuna erakusten dute.

Fronteen aniztasuna ezagutzen dute Euskal Herriko emazteek ere. Haien ahizpak urrundurik dituzten ziegetaraino helduko da borroka horren oihartzuna.

EHBaik azpimarratu nahi du garrantzitsua dela erreforma horren aurkako borroka zabalago bat egitea, emakumeak, LGBTI pertsonak eta arrazializatuak prekarizatzen dituen sistemaren aurka.

Arrazoi horiek direla-eta eta aurten inoiz baino gehiago sistemari arrakalak sortzeko, EHBaik, bihar, mugimendu feministak arratsaldeko 15:00etan Baionako karriketan antolaturiko manifestazioan parte hartzeko deia egiten du zein, «M8 Asanblada Feminista Bidasoa» taldeak antolatzen duen mobilizazioan ere.

Konpentsazio neurria: Etxebizitza eskubidea bermatzeko lehen urratsa

Egun sartzen da indarrean Euskal Elkargoak 2022ko martxoaren 5ean bozkaturiko konpentsazio araudia. Honako hau etapa garrantzitsua da etxebizitza eskubidearen aldeko eta AirBnBren gisako etxebizitza turistikoen emendatzearen aurkako borrokan.

2017an abiaturiko egitasmoa
Euskal Elkargoari zor diogu araudi berri hau.
Herritarrek egunerokoan bizi duten errealitate honi zenbakiak jarri zitzaizkion Tokiko Bizitegien Planaren prestakuntza lanen baitan egindako diagnostiko zehatzean. Urbanismo Agentziaren (AUDAP) ikerketak batek zuen bereziki baieztatu epe motzeko alokatzeen kopurua emendatu zela. 16.000tik gorakoa zen kontatutako aldi laburreko alokatzeen kopururua, soilik AirBnB eta Abritel plataformetan, hots, %130eko igoera 5 urtean.

Elkargoaren lanek, konpentsazio araudi bat kolektiboki definitzeko parada eman diete tentsiopeko zonaldeko 24 herrietako hautetsiei, zeinari esker, herri horietan AirBnBren gisako etxebizitza bat alokatzeko, etxejabeak etxebizitza berri bat ekoiztu beharko duen, hedadura berekoa eta hau bai, urte osorako alokatua.

Bereziki Alda elkarteak sustaturiko herri mobilizazioak neurri honen aldeko gero-eta atxikimendu zabalagoa sortu du. 32 eragilez osaturiko Herrian Bizi-Se loger au Pays plataformak ere, 2021eko azaroan Baionan 8.000 pertsona bildu zituen mobilizazioaren ardatzean kokatu zuen aldarrikapena. Eskaera honek oihartzun baikorra izan du Euskal Elkargoko hautetsien artean, besteak beste, gai honen ardura duten Daniel Olcomendy eta Filipe Aramendi abertzale ezkertiarren partetik.

Irekitako borroka juridikoa
Bozkaren aitzineko asteetan, benetako ofentsiba plantan ezarri zuten turismorako etxebizitzen jabeen elkarteek; bai hedabideetan eta baita hautetsiei begira ere.
Amore ematetik urrun, AirBnB bizitegien jabeek borroka juridikoari ekin zioten. Hori dela-eta, beste behin ere, denbora debaldetan galdu da politika publikoak ere berantean diren problematika honetan; hori dena, etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko gero-eta arazo gehiago duten bertako herritarren kaltetan.
Borroka juridikoari dagokionez, berri onak jaso ditugu ordutik eta heldu den astelehenean iritsiko den erabakia jasotzea berantesten dugu.

Lau proposamen aitzinatzeko
Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoak larria izaten jarraitzen du eta baitezpadakoa da urrats berriak egitea. Horretarako, eztabaida berriak ideki behar dira eta honakoak dira EHBaik egiten dituen proposamenak :

  • Tentsiopeko lurraldearen hedatzea Ipar Euskal Herri osoari. Zonalde honi lotutako neurriak (bigarren etxebizitzen gain zerga, etxe hutsen zerga, konpentsazio neurria…) auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan ezartzeko.
  • Alokairuen mugatze zorrotza, urte osoko alokairuen parkera itzuliko diren etxebizitzak prezio eskuragarrian eskainiak izan daitezen. Elkargoak hautagaitza pausatu du eta dosierra aztertzen ari da. Baina neurri hau derogazio gisa baimendua da eta galdegiten dugu frantses estatuari manera iraunkorrean aplikatzea.
  • Fiskalitatearen erreforma sakon bat beharrezkoa da, higiezin irabazi ekonomikoen zerga emendatzeko, mublatu turistikoen bidez irabazten den diruari zerga gehiago aplikatzea eta bigarren etxebizitzen jabeek diru ekarpen handiago egin dezaten herriko etxeei eta elkargoari jakinez ez dutela bertako ekonomia sustatzen.
  • Egoiliar Estatusa plantan ezartzea, jabetzarako bidea mugatzeko soilik lurraldean manera iraunkorrean bizi nahi dutenei

EHBairen deia
Konpentsazioa plantan ezartzearekin, bertako hautetsiek erakutsi dute Elkargoak baduela existitzen diren tresnak erabiltzeko borondatea. EHBaik etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan segituko du bai herri mobilizazioetan, bai instituzioetan. Proposamenak egiten segituko dugu Ipar Euskal Herria Parisen parean ahots bateratuarekin mintza dadin eta beharrezko lege aldaketak erdietsi ditzagun. EHBaik hautetsi guziei deia luzatzen die neurri berriak plantan ezartzeko eztabaidan murgiltzeko eta, borondate osoa adierazten du adostasunaren bidetik jarraitzeko.

Egun, konpentsazio neurria indarrean sartzen dela ospatu eta herri mobilizazioaren eta ekintza instituzionalaren arteko osagarritasuna txalotu nahi dugu. Azken asteotan, Frantses Estatuak Ipar Euskal Herrian dituen ordezkariak aldatu dira. Prefetak eta suprefeta berriak haien kargua hartu duten honetan, arazoari neurria hartu eta konpondu gabeko dosierrei heltzeko egiten die EHBaik.

Azkenik, EHBaik bere izenean egiten dituen ekimenez harago, Herrian Bizi plataforman mobilizaturik eta Apirilaren 1eneko manifestaldi masiboaren antolaketan ekarpena egiten segitzen dugu. Egoera aldatu eta lurra zein etxebizitza bermatzeko neurriak azkartu daitezen, manifestaldian eta honen prestaketan parte hartzera deitzen dugu herritar oro.