EHBai eta EHBilduren agiria bateratua Frantziako Tourra dela eta

Datorren uztailaren 1etik uztailaren 3ra bitartean, Euskal Herriko errepideak munduko kirol ekitaldi garrantzitsuenetako baten lekuko izango dira. Tourra datorren larunbatean hasiko da Bilbon eta abenduaren 3ra arte begi asko Euskal Herrira eta errepideetara begira egongo dira.

Denok dakigu Tourra kirol ikuskizun hutsa izatetik haratago doala. Urtero-urtero Pirinioetara joaten diren euskal herritarrek oso baino hobeto dakite hori. Euskal marea Pirinioetara joaten da planetako txirrindularitza onena ikustera, gure txirrindulariak eta gainerako txirrindulariak animatzera. Baina Herri bat ere ordezkatzera joaten dira, Euskal Herria. Urtero Tourrean errepikatzen diren irudiak ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko.

Aurten ez da beharrezkoa izango Tourra eta munduko txirrindulari onenak ikusteko inora joatea. Etxean izango ditugu. Larunbatetik astelehenera arte, munduko lasterketarik jarraituena gure errepideetan ibiliko da. Milioika eta milioika pertsonak jarraituko dute gertaera hau. Lehen esan dugun bezala, lehen mailako kirol ikuskizuna da; baina gizarte ikuskizun bat ere bada, mugitzeko gai den guztiagatik.

Aukera paregabea dugu munduari erakusteko hemen bi estatutan banatutako Herri bat dagoela. Ez garela ez frantsesak ez espainiarrak. Euskaldunak garela, Euskal Herrikoak. Erakusleiho handi bat ireki zaigu Tourra jarraituko duten milioika pertsonari adierazteko hemen herri bat dagoela bere kultura eta hizkuntza propioarekin. Aukera bat aurkezten zaigu munduari esateko hemen herri bat dagoela, Euskal Herria, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duena.

Horregatik, EHBilduk eta EHBaik Tourrak hartuko dituen errepideen ondoan egotera animatzen ditugu euskal herritarrak. Herri bat garela eta bere etorkizuna erabaki nahi duela aldarrikatzeko egongo diren ekitaldietan aktiboki parte hartzera animatzen ditugu gure herrikideak. Telebista bidez edo bertatik bertara lasterketa jarraitzen ari diren guztiei Euskal Herria ikusten ari direla eta ez garela ez espainolak ez frantsesak erakustera animatzen ditugu euskal herritarrak.

Lurperatuko gintuztela uste zuten, baina ez zekiten haziak ginenik.

Frantziako barne Ministroak, Les Soulèvements de la Terre mugimenduaren disoluzioa iragarri du. EHBaik gogorki gaitzesten du beste behin ere mugimendu sozialak beldurtu eta kriminalizatu nahi dituen erabaki hori.
115.000 pertsonek baino gehiagok izenpetu dute sustengu petizioa. Frantziako barne ministroa “demokrazioa kaltetzen duten eko-terroristak” kontsideratzen ahal ditu? Frantses gobernuak -beste behin ere-, forma desberdinetako oposizio guziak isilarazi nahi ditu.

Sainte-Solinera hurbildu ziren militanteek jasandako bortizkeria salatu genuen. Gisa berean, orain dela aste batzuk, atxilotuak eta ondotik kargurik gabe aske gelditu ziren militanteak sustengatu genituen. Gerald Darmaninek neologismo ekologista-terrorismoa asmatzen duenean, Frantziako gobernuaren iraganeko politika mortiferoei oroitarazten digu. Aldiz, Lafarge enpresa Daeschekin konplizitatea izan zuela gogorazi nahi diogu. Bortizkeria, barne ministroa eta bere armadatik heldu da: Sainte Solinen erabilitako gerlarako armak, militante politikoen segimendu eta fitxaketa, gehiegizko atxiloketa aldiak…
Jasanezina den baloreen galera hau bukatu behar da behingoz.

Frantses estatuaren jarrera autoritarioak indarrean segitzen du. Intitate juridiko bat desegin dezake baina, ezin du bortizkeria erabili gabe, zentzurik gabeko proeiktuen aurka ari diren mugimenduak eten.
Frantses gobernuak, interes pribatuak defenditzen ditu biztanleria eta ingurugiroaren kalterako. Rassemblement Nationalen jokoan sartzen den autoritarismo bateruntz hurbiltzen ari gira. Badirudi Emmanuel Macronek bere gain hartzen duela mugimendu sozialen, ekologia politikoaren eta edozein adierazpen demokratiko disidentearen kriminalizazioa.

Industria handiek edo kolektibitateek klimatizidoak diren proiektuak gauzatu nahi izango dituzten oro, logika produktibista eta jendartearen ongi izatea nahi duten jendea atzemanen dute parean.
Segi dezagun gure lurrak babesten ekintza ez bortitzen bidez. Ez diezaiogun bide utzi, gutxi batzuen interesen alde eta gehiengoaren kalterako izanen diren proiektuei. Borrokak aitzina segitzen du Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.
Zentzu horretan, gaur arratsaldeko 19:00etan Baionako suprefeturan eginen den elgarretaratzera joateko deial zabaltzen dugu.

Herri Mugimenduaren aurkako errepresiorik ez, atxilotuak askatu!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Herri mugimenduetako  militante bat atxilotu zuten atzo Baionan, neurrigabeko polizia dispostiboarekin, goizeko 6etan bera zegoen etxeko atea bota ondotik. Baionako etxe hori miatu ondotik, Tolosan (Okzitania) duen apartamenduaren miaketara eraman zuten berehala atxiloturiko pertsona.

Atzo jakin ahal izan dugu, Frantses Estatuan 15 bat atxiloketa eragin duen operazioaren baitan kokatzen dela Baionako atxiloketa ere. Ematen duenez, enpresa kutsatzaileen aurkako ekintzak egotzita mugimendu ekologistaren aurka egindako sarekada da atzokoa.

Larrialdi sozial eta ekologikoari aurre egin beharrea, herri mugimenduen aurkako errepresioa sustatzen duen Frantses Gobernuaren jarrera larria iruditzen zaigu. Frantses Estatuaren lerratze autoritarioaren erakusgarria da disidentzia politikoen aurka legedia nahieran bihurritzeko egiten duen hautua. Elkartasuna adierazi nahi diegu Baionan atxiloturiko militantearen senide eta lagunei; halaber, sarekada honetan atxiloturiko pertsona guzien berehalak askatasuna aldarrikatzen dugu.

(📸 Mediabask)

Ura, zaindu beharreko ondarea

Ura, zaindu beharreko ondarea
Laister ezingo dugu gehiago esan Euskal Herriaren paisaiak berdeak direnik… Azken urteetan bizitako udek memoria kolektiboa markatu dute: Xiberta oihaneko suteak, iazko berote handiak eta gure ekosistemak jasaten dituen ondorio kezkagarriak. Horrek, gure ohiturak eta ura kudeatzeko era aldatu behar ditugula erratera eramaten gaitu.

 

Arazora iturburutik konpondu
Joan den martxoan Euskal Elkargoak eramandako azterketa bati esker, aldaketa klimatikoari aurre egiteko urratsa zeintzuk ziren zehaztu ahal izan ziren. Hemendik eta 2040era, ipar Euskal Herriak bere iturburuen %30a galduko duela aurreikusten da. Oroitarazi behar da, iaz, barnekaldeko herri ainitz ur gabe gelditu zirela eta ura banatzeko kamioiak behar izan zirela. Aldaketaren urgentzia hor dugu!

Eramandako azterketak, martxan jarri beharreko pista batzuk azaltzen dira:

  • igatuak diren odien konpontzea ( “60 milioi kontsumitzaile” elkartearen arabera, 5 litrotik 1 ez da txorrotara iristen);
  • deia erabilia izan den ura erabiltzea ureztatzearentzat;
  • sare desberdinak konektatu eta biltegi kopurua handitu;
  • metrokubikoaren prezio emendatu erabilera txarra ekiditzeko.

Ipar Euskal Herrian, biztanleek kontsumitzen dute uraren %75a. Beste %25a, industria eta laborantza sektorearen gain da.

Galdezkatzen gaituen idorte plana
2022a, inoiz ezagutu ez diren beroteak bizi izan ditugu. 2023an, egoera errepikatzearen harriskua dago. Alta, hau jakinik ere, Frantses gobernua ez da desafio klimatikoari aurre egiteko gaitasunean.

Iaz, laborari asko egon dira ur eskasian. Hori dela eta Pirineo Atlantikoak, laborantza idortearen zorigaitza estatutua izan du.
ELBk EHBairi jakinarazi dionez, zorigaitz honek kolpatu dituen laborari guziek ez dituzte kalte ordainak eskuratu. Jakin behar da, etxalde ainitz, laguntza horretatik bazterturik gelditu direla. Ipar Euskal Herriaren kasuan, %20 eta 30 etxalde bitarte dira eta gehienak, Iholdi-Oztibarre eta Garazi-Baigorri eskualdean kokatzen dira zein Xiberoan. Alta, ukaezina da laborantza sektoreak idortearen kalteak jasan dituela.

Frantses gobernuaren iniziatiba txarra ez den arren, metodologia arazoak dituzte. Kalte-ordainaren kalkulua ez da esplikatua izan, inguruko etxaldeen arteko ezberdintasunak sortuz, inpaktuak jasan dituzten pertsonen ulertezintasun eta frustrazio sentimendua are gehiago elikatzen dutenak.

Txalogarria den iniziatiba
Gamarteko auzapeza eta laboraria den Jean-Michel Bicain-ek, laborantza sektorea eta instituzioak batzeko iniziatiba hartu du. Argiki esateko, Pirineo Atlantikoetako prefeta interpelatu du. Gamarte, 11 laborarietarik 9k ez dute gorago aipatutako laguntza eskuratu.
Jean Michelek orduan, bere herriko laborari guziak bildu zituen elkarren arteko sustengua sustatzeko eta problematika arlo administratibora igoarazteko.
Garazi Baigorriko poloko 30 auzapezek izenpeturiko gutuna helarazio dio, kalte ordainak eskatzen dituen dosierrak ber aztertu ditzan, idorteak, laborari guziak gogorki kolpatua dituelako.

Gutun horrek bide egin du eta Euskal Elkargoko polo desberdinetara iritsi da. EHBaiko hautetsiek, gutun horren hedaketan lagundu dute. Honek, argian uzten du laborariak laguntzeko dagoen pundu amankomuna.

 

Eta orain?
Maiatzaren 15an, 70 hautetsik bat egin dute ELBk luzatutako deialdiarekin. Lurraldeetako eta Itsasoko Departamentuan (DDTM) baliabideak aurkezteak Frantziako administrazioaren aurrean ezer ez uzteko irakurritako langileen zehaztapena sinbolizatzen du.

Nekezia handiak dira Parisen hartutako erabakiak, Euskal Herrira iristeko. Bi hilabete pasa dira lehen mobilizazioa iragan zenetik eta oraindik gauzak aitzinatu gabe dira. Egoera honekin bukatu behar dugu.
Gure herriak burujabetza gehiago behar du. Horrek soilik ahalbidetuko du aterabide errealak fite gauzatzea. Tokiko laborantzak instituzio berezi bat behar du, politika publikoak pilotatuko dituena eta Europako edo hexagonoko politikak tokiko errealitatera egokituko dituena.

Euskal Herriak erabaki, Vivre et travailler dignement au Pays Basque

Erretreten erreformari ez, aberastasunaren banaketari bai

 

Nazioarteko Langileen Eguna ate joka dugun honetan, EHBaik bere irakurketa plazaratu nahi du agiri honen bidez. Mundu osoko langileriarekin bat eginez, Maiatzaren Lehena saihestezinezko hitzordua da ezkerreko abertzaleentzat.

Ipar Euskal Herrian testuinguru biziki gogorrean heldu da. Emmanuel Macronen Gobernua indarrez pasarazi nahian ari den erretreten erreforma langile klasearentzat bizi eta lan baldintzen okertze nabarmena litzateke. Sistema kapitalistari, enpresa handiei eta aberatsenei mesede baizik egiten ez dion egitasmo hori gehiengo sozialaren kontrako eraso bortitza da. Berdintasunaren eta justizia sozialaren kontrakoa. Justu, erretreta denbora bi urte gibelatu beharrean, 60 urtera jautsi beharko litzatekeela aldarrikatzen du EHBaik.

Elisabeth Borne frantses lehen ministroak urtarrilean lege-proiektua aurkeztu zuenetik, sindikatuek bultzaturiko greba, mobilizazio eta ekintzak iraunkorrak izan dira eta apaldu ordez, indartu egin dira. Jendartearen haserrea eta kontrakotasuna agerikoa izan arren, frantses Gobernuak inposizioaren bidea atxiki du, legeak permitituko dizkion trikimailu guziak erabilita. Agerian geratu da Emmanuel Macronek sistema kapitalistaren interesak dituela lehenesten, baita bere heriotza politikoa jokoan jarri behar badu ere.

Hala ere, EHBaik argiki adierazten du, egungo Gobernuaren politika azken hamarkadan kolore ezberdinetako Gobernuek eramandakoen segida baizik ez dela. Izan Sarkozy, Hollande eta orain Macron, zerbitzu publikoen suntsitzea eta murrizketa sozialak izan dira exekutibo guzien politikaren ardatzak. Ildo horretan, ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezin hori elikatuz, azken urteetan langileen soldata eta lan baldintzak okertzen ari dira eta produktuen zein elikagaien prezioen inflazioak emendatzen jarraitzen duen honetan, langileak eros ahalmena galtzen ari dira.

Euskal Herrian erabaki
Krisiak bata bestearen gibeletik kateatzen ari dira honetan, EHBaik argiki dio sistema kapitalista ez dela jasangarria. Bizia eta planeta bera kolokan jartzeraino iritsi da. Ildo horretan, norabide aldaketa argi bat bultzatu behar da urgentziaz, aberastasunaren banaketan, politika publikoetan, feminismoan eta metamorfosi ekologikoan oinarrituriko eredu baterantz.

Bide horretan, EHBaik uste du Euskal Herriak burujabetza baitezpadakoa duela eredu berri baten eraikitzeko eta erabakiak bertako eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta politikoen artean hartu ahal izateko. Parisetik edota Pauetik baino, Euskal Herritik Euskal Herrira begirako politikak behar ditugu.
Horregatik, Euskal Elkargotik haragoko instituzioa behar du Ipar Euskal Herriak, konpetentziekin arlo sozial eta ekonomikoan. Ez dugu zalantzarik langile klasearentzat onuragarriagoa litzatekeela bertan negoziazio esparru propioa ukaitea, Parisen erabakitzen denaren zain izan beharrean.

Mobilizazioa, batasunetik
Larrialdi egoera honen aitzinean, langileen eskubideen defentsan mobilizatzea beti bezain garrantzitsua da gaur ere. Egun ditugun eskubideak borroka kolektiboei esker eskuratu ditu langile mugimenduak eta testuinguru honetan ere, batasunetik borrokatzea baitezpadakoa da eskubideak irabazteko.
Hori dela eta, EHBairentzat ez da ulergarria LAB sindikatu abertzalea intersindikalaren aldetik azken hilabeteetan jasaiten ari den bazterketa. Eta pentsatzen dugu langileriaren zati handi batek ere ez duela ulertzen. EHBaik uste du jokabide horrek abertzaleok beste garai batzuetan pairatu izan dugun bazterketaren antza duela, nahiz eta egun ez duen errealitatearekin bat egiten. Izan ere, ezkerreko abertzaleen ideiak inoiz baino hedatuagoak daude euskal jendarteko eremu guzietan, sindikalgintzan barne. Azken urteetan Ipar Euskal Herrian elkarlan eremuak emendatu diren testuinguru batean, eta LAB gainerateko eragileekin – sindikatuak barne – batera lanean ari denean, ez du logikarik intersindikalak elkarlanaren alde ez egiteak.

Horregatik, EHBaik uste du elkarrizketa eta elkarlana direla erretreten erreformak suposatzen duen erasoaldi gogorrari erantzuteko ezinbesteko osagaiak. Langileen batasuna da kapitalismoari aurre egiteko eta Euskal Herrian bestelako eredu bat eraikitzeko indarra. Ondorioz, EHBairentzat desiragarria litzateke intersindikalak bere jarrera aldatzea eta LAB intersindikalean integratzea, geroari buruz bestelako dinamika eraikitzaile bati ekiteko Ipar Euskal Herrian.

Bazterketarik gabe, batasunaren aldeko Maiatzaren Lehena defendatzen du EHBaik eta norabide hori elikatuko duten mobilizazioetan masiboki parte hartzeko deia luzatzen die langile guziei.

Aberri Eguna 2023: EHBai – EHBildu adierazpen bateratua

Amaiur oroituz ospatu genuen iazko Aberri Eguna. 500 urte geroago Nafar Askatasunaren, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko ikur legez gogoratu ere, memoria biziaren lekuko baina batik bat etorkizunari so egiten dion herriaren senaz. Aurten, Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalearen oinarri izan den Itsasuko Agiriaren 60. urteurrenak ezinbestean aipatu beharreko beste efemeride bat dakarkigu. Biak ala biak, Euskal Herriaren historia luzea marraztu duten beste hamaika gertakizunekin batera, oraindik askatasunaren ortzi-muga parez- pare zabalik duen herri-ibilbidearen testigu.

60 urteotan Euskal Herriak aurreratu badu, eta ezin ukatu hala izan denik ipar zein hego, urte horietan ezagututako pizkundearen uberan egin du. Frankismoaren nagusitasun betean, abiapuntu sendoa ezarri zuen, gerora hamarkada luzeetan egin dugun ibilbidearentzat. Adar eta hari anitz aireratu ziren Euskal Herriaren luze- zabalean, ekimen, mugimendu ugari baina guztiak ere Herri nortasunaren abaroan ernalduak.

Berpizkunde berri bat, XXI. mendeko auziei so egingo dien herri-bulkada berri batez galdegin nahi diegu
Aberri Egun honetan euskal herritarrei. Galdera berriei nola erantzun ukatua eta zatitua izaten jarraitzen duen herriaren kondiziotik, beste norbaitek beste nonbaiten hartzen dituzten erabakien menpe dagoen herriarenetik. Europa atarian gerra pizteraino heldu den mundu mailako krisi klimatiko, energetiko eta sozialaren agertokian, demokrazia eta autoritarismoaren lehia bizia goraka doan honetan, gure beharrizanen araberako erabaki propioak hartzeko eskubidea jarri behar dugu erdigunean. Horregatik Aberri Egun honetan EH Bilduk eta EHBaik Demokrazia eta Soberaniaren aldarria zabaldu nahi dugu. Garen komunitate bezala, garai gris hauetan itxaropen ezean murgildu nahi gaituztenen aurrean erantzunak eskaini parez-pare ditugun erronkei eta aldi berean ezker independentismoak ilusioaren eta itxaropenaren banderak aireratzeko duen bokazio eta konpromiso irmoa adierazi.

Euskal Estatua egitasmo politiko garaikidea da. Euskal Herriak duen gaitasuna, bere herritarren eta antolakunde ekonomiko, sozial eta politikoen elkarlanetik eratortzen da. Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena. Halaber, Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugun guztion eguna dela adierazi nahi dugu. Guretzat muga, beste zenbaitentzat oraindik harresi; ez muga, ez harresirik gabeko Aberria amesten dugunona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, beranduago hala sentitu dutenena edota hemen bizi arren beste identitate batzuekin gehiago bat egiten dutenena.

Gure Aberria askotarikoa da; bere paisaiak bezalaxe, kulturalki zer esanik ez, jatorriei dagokienez gero eta gehiago, okzitanieraz, gazteleraz, frantsesez ere hitz egiten duena baina Herri, euskarak egiten gaituela dakiena. Aniztasun horretaz eginak gara eta Aberri Egunak ere aniztasun hori irudikatu behar duelakoan gaude.

Hortaz, 2023ko Aberri Egunaren kariaz, EH Bilduk eta EH Baik euskal herritar guztiei, ospakizunerako deia egiten die, ospakizunaz batera aldarria ere presente mantentzera. Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo diren ospakizun ezberdinetan legez, apirilaren 8an Donostiako Miramarren Euskal Herria Baterak burutuko duenean, Itsasun apirilaren 8 eta 9an Bagiraren eskutik izango diren ekitaldietan eta apirilaren 9an Iruñean EH Bilduk burutuko dituenetan parte hartzera dei egiten dugu.
Demokrazia eta Burujabetza Euskal Herriarentzat