Gernika-Palestina: Oroitu eta ekin

Apirilaren 26an beteko dira 87 urte, frankisten aginduz, nazien Kondor Legioak eta Italiar faxisten hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Altxamendu faxistaren ondorengo gerla zibilean, sarraski honek 2.000 hildako inguru utzi zituen, Bizkaiko herria osoki suntsituz. Geroztik, Euskal Herrian eta munduan sinbolo bilakatu da Gernika. Urtemuga hau mundu mailako testuinguru beliko bortitz batean heldu da aurten, horien artean bereziki azpimarragarria delarik Israel Palestinan egiten ari den genozidioa.

Hori dela eta, EHBaik “Gernika-Gaza: oroitu eta ekin” hitzaldia antolatu du apirilaren 26an, ostiralarekin, 19:00etan, La Perle gelan (Hiriburu). Gure artean izanen dugu Elias Sanbar historialari, poeta eta saiakeragilea, 2005 eta 2021 artean UNESCOn Palestinaren enbaxadore izan zena. Palestinan sortua, Eliasek 15 hilabeterekin joan behar izan zuen Libanora bere familiarekin, Israelgo estatuaren aldarrikapenaren ondotik. Gerora, Frantses Estatura joan zen. Beti izan du sorterria bihotzean eta orain dela 30 urte, Osloko bake prozesuan negoziatzaile gisa parte hartu zuen.

Elias Sanbarren presentzia eta begirada Euskal Herrian ukaitea garrantzitsua iruditzen zaigu Israel Palestinan azken hilabeteetan egiten ari den sarraskia eta oro har Palestinar Herriak pairatzen duen zapalkuntza ulertzeko. Gogora dezagun, joan den urrian Hamasek egin erasoaz geroztik, Benjamin Netanyahuren agintepean, 34.000 pertsona baino gehiago erail dituela Israelek, gehienak haurrak eta emazteak. Ospitaleak, eskolak eta oro har Gazako hiriaren suntsiketa izugarria ezagutzen ari gara bonbardaketa indiskriminatuen ondorioz. Gosetearen arriskuaz ohartarazi dute giza eskubideen aldeko erakundeek. EHBaik gogor gaitzetsi nahi du Gazan indarrean den genozidioa eta elkartasun osoa helarazi nahi dio Palestinar Herriari.

Gauzei beren egiazko izenez deitu gabe denbora aitzina egiten uzteak, konplize bihurtzen gaitu. Genozidio baten aitzinean gaudelako, apartheid sistematiko baten aitzinean. Horregatik, EHBaik uste du presioa beharrezkoa dela Israel egiten ari den sarraskia geldiarazteko eta behin betiko su-etena, okupazioaren amaiera eta Palestinaren askatasuna aldarrikatzen ditugu.

Mugerreko hezeguneak: EHBairen irakurketa

Europako Pleita Gunea (EPG) Mugerreko hezeguneetan zabaltzeko proiektuak talka egiten du lehentasunezko hezeguneen artifizializazioa salatzen duten elkarte ekologisten eta herritarren aurkakotasunarekin. Euskal Hirigune Elkargoak eta Mugerreko Herriko Etxeak, berriz, uste dute hedatze proiektu hori ezinbestekoa dela trenbidearen zamarentzat eta aktibitate ekonomikoarentzat. EHBairen iritziz, auzi hau enblematikoa da, heldu diren urteetan gero eta gehiago ukanen ditugun dilemei erreparatuz gero. Adierazpen honen bidez, gai honi buruz dugun gogoeta eta jarrera plazaratu nahi dugu.

Apustu hirukoitz bati egin behar diogu aurre:

1) Trantsizio ekologikoaren inguruan kolektiboki hartu ditugun engaiamenduekiko koherentziaren beharra, bereziki 2021ean Lurraldeko Klima Aire Energia Planaren (LKAEP) onarpena kontuan hartzen badugu.

Oroitaraz dezagun LKAEP 2021eko ekainaren 19an onartua izan zela, bozen %98 baino gehiagorekin: engaiamendu horiek betetzea, beraz, garapen proiektu berri orori begira bermatu behar da. EPGaren hedatze proiektuak ez du Klima Planean hartuak izan diren engaiamenduekiko bermerik segurtatzen:

• EPGaren hedatzeak bioaniztasunean duen eraginagatik SEPAk aurkeztu indargabetze eskaera, interes publiko handikotzat aitortua izan arren, Natura Babesteko Kontseilu Nazionalaren (NBKN) kontrako iritzia jaso du. Azken honen gomendioei emandako erantzunetan oinarriturik, Euskal Hirigune Elkargoak emanak, prefetak salbuespen hori eman du (NBKNri berriz galdetu gabe).

• Ez dakigu karbono biltegiratzeari buruz iragarri bidean gauden, ez eta ere EPGaren hedatze proiektuak nola eraginen lukeen.

• Ez dirudi ENOVIS enpresaren inplantaziorako alternatiba baten posibilitatea aztertu ote den (adibidez, Salines ondoko lekua, jadanik artifizializatua dena).

2) Garapen ekonomikoa, jasangarriago eta sozialki bidezkoagoa izanen den lurralde-trantsizioko proiektu zabalago batean integratzeko beharra, Euskal Herria etorkizuneko apustuetarako presta dezan, ahulago bihurtu beharrean.

EPGa ezarria den ZADaren perimetroa (gero ZAC gisa ezagutua) 1974an trazatua izan zen. EPGaren baimena ematen zuen «Uraren Legea» prefekturaren erabakia, berriz, 2000 urtekoa da. Zaila da horretan oinarritzea gure garaiko erronken araberako garapen ekonomikoaren politika defendatzeko.

• Akitania Berria Eskualdeak eskatu AcclimaTerra txosten zientifikoak uholde ordoki handiak plantan ezartzea iradokitzen du. EGParen hedatze proiektuak hezeguneak kentzea aurreikusten duela eta 2000ko «Uraren Legea» aginduan berotze globalaren ondorioak ez direla kontuan hartzen ikusirik, abian den eragin azterketaren emaitzak erabakigarriak izanen dira. Arduragabea da lanak ikerketa honen emaitzak aitzin hastea.

• Proiektuak gainazalen artifizializatzea dakar eta, beraz, Zero Artifizializazio Garbia (ZAN) helburuari lotuak diren artifizializazio kuotetan ondorioak ditu. Hiri garapena ez da gehiago lur aukeren arabera egin behar, lurraldeen arteko lehia logika batean. ZANen obratzeak, aldiz, lankidetza behar du eta izpiritu horrek gidatu behar du idazte bidean den SCOTa, barnealdearen aldeko berroreka ekonomikorako aukera hori baliatzeko. EHBairen ustez, EPGaren hedapena bezalako proiektu bat Euskal Herri mailan eztabaidatu behar da.

• Enovis-en ezartzeak enplegu iturri bat eta garapen ekonomiko bat suposatuko luke. Argudio sendoak dira, eta serioski kontuan hartu beharrekoak: kalitatezko enplegu bat garatzea apustu nagusia da, bistan da. Baina Enovisen instalazioa leku alternatibo batean kokatzea aztertu beharko litzateke. Era berean, aurreikusitako onura ekonomikoak eta humanoak zehaztu beharko lirateke, eta kanpokotasun negatiboen kostuei begira jarri, instalazioa hezegunean egiten bada. Izan ere, epe laburreko irabazi ekonomikoak epe laburrean amildegi finantzarioak izan daitezke kolektibitatearentzat eta biztanleentzat.

• Mugerreko auzapezak hezeguneak artifizializatzeari uko eginen balio, horrek eragin onuragarria ukanen luke Euskal Herriarentzat, baina herriarentzat irabazi gabeko zerbait litzateke. Izan ere, egungo sistemak artifizializaziora bultzatzen du. Horregatik, EHBaik Ipar Euskal Herriarentzat fiskalitate ekologikoa kudeatzeko eskumena aldarrikatzen du, lurralde eta sozial mailan oinarrituriko trantsizio ekologiko baten alde, konpentsazio eta birbanaketa neurriak plantan ezartzeko.

• Oro har, negutegi-efektuko gasen isurpena eta biodibertsitatea atxikitzeko engaiamenduak errespetatzen dituen politikaren onurak, epe ertain eta laburrera, itzelak dira ekintza ezaren politikaren aitzinean, batez ere egokitzeko manerarik izanen ez duten biztanle behartsuenentzat. Sektore batzuk ezinbestean pairatuko dute, ekonomiaren birbideratzearen ondorioz. Bideratze horren ondorioak aitzinatu behar dira, eta ukituak diren sektoreetako langileen laguntza absolutuki ezarri behar da. EHBaik ere beharrezkoak diren eskumenak aldarrikatzen ditu jokoan izanen den lurralde mailako trantsizioan formakuntzaren palanka osoki mobilizatu ahal izateko.

3) Gobernantzaren desafioa. EPGaren hedatze proiektuak planteatzen dituen auziak beste manera anitzetan aurkituko ditugu heldu diren urteetan: uraren inguruko erabilerari buruzko gatazkak, energia berriztagarrien hedapenaren ingurumen inpaktuak eta abar.

Gizartea gai horietan ez urratzea nahi badugu, aitzinamenduarekin jokatu behar diegu, eta batez ere interes kontrajarrien arteko arbitrajeak egiten ikasi. Maleruski, ez da horrela izan proiektu honetan.

• Euskal Hirigune Elkargoko Kontseilu exekutibo eta kontseilu iraunkorraren artean eztabaida eta deliberoak izan badira ere, ez da bilkura publikorik izan instituzioen iniziatibaz. Antolatzeko baimena «bide elektronikoko parte hartze publikoaren» prozedura baten ondotik egina izan da, baina ez du eztabaidarik ahalbidetu.

• Zaila da proiektu honi buruz iritzi argi bat uakitea, oso informazio guti baitugu. EHBairen ustez, jendarte zibilari aukera eman beharko litzaioke gai horien jarraipenean instituzioekin batera parte hartzeko.

Erreserba horiek kontuan harturik, honakoa da EHBairen posizioa:

• Gaur egun ditugun elementuak ikusirik, ez dugu proiektu osoa sustengatzen, lur artifizializazio bat suposatzen baitu, zati bat (Enovis) lehentasunezko hezegunean delarik.

Enovis beste gune batean ezartzeko aukerari buruzko ikerketa sakon bat eskatzen dugu.

• Garraioaren deskarbonizazioaren ezinbesteko xedea lukeen trenbideko pleita proiektua sustengatzen dugu, betiere uholde eta ingurumen azterketak bururatuz eta baimen administratibo baimenen lortzeko baldintzekin, bereziki bigarren faserako.

Gaiari buruzko eztabaida garden bat antolatu behar dela uste dugu, jendarte zibilak bere proposamenak garatzeko aukera izan dezan.

 

Irakurri irakurketa orokorra hemen.

Euskarak hizkuntza politika berria behar du

Agiri honen bidez, EHBaik Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan aurrekontua ez emendatzeari buruzko erabakiaren gaineko irakurketa plazaratu nahi du.

Euskarak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan pairatzen duen egoera larriak anbiziozko hizkuntza politika galdegiten duelarik, Ipar Euskal Herrian horretarako ardura nagusia duen egiturak euskara biziberritzeko baliabide gehiagorik ez ezartzea zinez damugarria da.

Lehenik eta behin, EHBaik bere sustengu osoa adierazi nahi die euskalgintzako elkarte eta egiturei egunerokoan daramaten jardun eta aldarrikapenetan. Ipar Euskal Herrian euskara bizi bada, bereziki urte luzetan eta egun ere euskalgintzak egin lanari esker da. Eta geroari buruz, euskalgintzako elkarteak ezinbestekoak izanen dira. Horregatik, EEPren aurrekontua ez emendatu izanaren aitzinean, guztiz logikoa iruditzen zaigu azalduriko haserrea. Euskarak eta euskalgintzak errespetua behar dute.

Hemen kaltetuena euskara da. Azken inkesta soziolinguistikoaren ondorioetako bat oroitarazi nahi dugu: euskal hiztunen kopuruari eustea lortzen dugu, baina demografiaren hazkundearen eraginez, proportzioan, jendartean gero eta gutiago gara euskal hiztunak, %20 inguru. Gure hizkuntzaren biziraupena jokoan den honetan, justuki kontrako norabidea hartu beharko luke hizkuntza politikaz arduratzen den erakundeak: euskalduntze prozesua azkartzeko anbizioa izanen duen hizkuntza politika integral baten adostea eta plantan ezartzea izan beharko luke aktore guzien helburu nagusia. Aldiz, egun, blokeo argi bat dagoela adierazi nahi dugu eta blokeo horren erantzule nagusiak Frantses Estatua, Akitania Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua dira.

Zentzu horretan, euskalgintzak galdegin bezala, aurrekontua emendatzeko Euskal Hirigune Elkargoko hautetsien eta bereziki EHBaiko eta ezkerreko abertzaleen aldetik izan den borondate politikoa eta ahalegina azpimarratu nahi dugu. Gure iritziz, Ipar Euskal Herrian euskalgintza eta hautetsien artean adostasunetara iristeko baldintzak daude, baina EEPren egitasmoan aitzinarazteko blokeoa ezartzen dutenak nagusiki beste partaideak dira.

Honek argiki adierazten du etorkizunari begira egiturazko arazo baten aitzinean garela. Izan ere, Estatuaren politika euskara eta gainerateko hizkuntza gutxiagotuen garapenaren kontrakoa da eta horrek ez du permititzen jauzi bat ematea.

Indar harreman berri bat

EHBairen iritziz, euskararen biziberritzean jauzi bat emateko hizkuntza politika berri baten alde gauden guzion artean sentitzen dugun kezka eta haserrea bideratzeko gai izan behar dugu. Euskarak pairatzen dituen eraso eta oztopoek salaketa eskatzen dutela argi izanik ere, euskalduntzean jauzi bat nola eginen dugun gogoetatu eta iniziatiba berriak plantan ezarri behar dira.

Horregatik, EHBaik uste du:

• Euskal Herrian hizkuntza politika berri baterako behar ditugun eskumen eta tresnen inguruko eztabaida ireki behar dela;
• Euskalduntze prozesuak behar duen jauzirako neurrien inguruko adostasunak eraiki eta Estatuaren aitzinean indar harreman berri bat eraiki behar dela;
• Euskarak behar duen bultzadarako jendartearen aktibazioa eta herri mobilizazio zabala beharrezkoak direla.

Duela hiru urte, Frantziar Kontseilu Konstituzionalak Molac Legea indargabetu zuelarik, Euskal Herrian murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio handi bat gertatu zen, non milaka herritar ez ezik, lurralde honetako sentsibilitate ezberdinetako hautetsi anitz ere murgiltzearen alde kokatu zen. Bestetik, inkestek argiki diote Ipar Euskal Herriko jendartean gero eta zabalagoa da euskararen aldekotasuna. Horregatik diogu, borondate guziak norabide berean aktibatu behar direla.

EHBairen iritzia Kanboko herriko kontseiluan izandako gertaerei buruz

Lehenik eta behin, EHBaik arduratsu jokatzeko deia egin nahi du. Uste dugu Marieniako laborantza lurren inguruko auzia konpondu gabe usteltzen uzten den heinean, tentsioa handitzen ari dela. Arduragabekeria da elkarrizketa guneak eraiki eta aterabideak atzeman ordez, gatazka hau mugagabeki luzatzen aritzea. Maleruski, Kanboko herriko etxean izan diren gertakari tamalgarrietara iritsi da egoera, inoiz gertatu behar ez zen horretara. Eta horrek ez dio inori mesederik egiten.

Egoera honetan, gertakariak bere lekutik ez ateratzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Kanbon iragan denak, hautetsien edo instituzioen kontra lehenago izan diren beste batzuekin lotzeko tentaldia baztertu behar da. Gauzak orokortu nahi izatea jendartean nahasketa sortu nahi izatea dela deritzogu. Izan ere, Marieniako laborantza lurren defentsa laborariek beren lanbidearen eta sektorearen etorkizunaren alde egiten duten borroka baita, ez hautetsi edo instituzioen kontrako borroka bat.

EHBaik berretsi egiten du Marieniako laborantza lurretan etxebizitzak eraikitzearen kontra dagoela eta beraz, bat egiten duela lur horien defentsarako aldarrikapenekin. Borroka hori bide baketsuetatik jarraitzearen alde egiten du argiki, orain arteko mobilizazio eta ekimenekin izan den bezala.

Azaroak 25: Ikusarazi, sinetsi, borrokatu!

Emazteenganako bortizkeriaren aurkako Nazioarteko eguna den Azaroaren 25aren kari, ezinbestekoa iruditzen zaigu bortizkeria sexistak eta sexu-bortizkeria egiturazkoak direla azpimarratzea. Sistema patriarkal, kapitalista eta ekozidak sortzen dituen dominazio eta zapalkuntza mekanismoek dute emazteenganako bortizkeria erreproduzitzen.

Euskal Herrian, mundu osoan bezala, bortizkeria matxistak hiltzen gaitu. Aurten, 4 emazte eta haur bat hil dira Euskal Herrian bortizkeria honen ondorioz. 2003an gisa honetako kontaketak hasi zirenez geroztik, 121 emazteren eta 12 haurren heriotzak osatzen dute gure herriko erailketa matxisten zerrenda.

Eraso matxisten kopuruak ere agerian uzten du bortxaketaren kultura sakon errotua dela gure jendartean. Heziketa sexistak bere horretan dirau, eta oraino ere, ohikoa da instituzioen prebentzio planek ardura erasotuaren gainean jartzea. Eguneroko bortizkeria hoetan, erasotuak erasotzailea ezagutzen du kasuen %80ean.

Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi, Euskal Herrian ere, klaseko apaleko emazteak eta emazte arrazializatuak direla bortizkeria matxista gordinen pairatzen dutenak. Mundu osoko krisi sozial, politiko eta ekologikoek eta gerlek emazteen aurkako bortizkeria areagotzen dute.

Barne-mailako funtzionamendu feminista eta erasoen aurkako protokoloa, mugimendu feministarekiko elkarlana zein instituzioetan politika boluntaristak plantan ezarriz, EHBaik bere egiten du bortizkeria matxista oro desagertaraztearen alde lanean aritzeko engaiamendua. Horregatik, Azaroaren 25ean, mugimendu femininistak Ipar Euskal Herriko hainbat herritan deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Zentral uhain indar-eragilea: atxik ditzagun zangoak lurrean

Euskal Elkargoak eta Akitania Berria eskualdeak zentral uhain indar-eragilearen proiektu anbiziotsua abiatu zuten Uztailaren 12an.

 

EHBairen ustez, txalogarria da energia uhain indar-eragilea sustengatua izatea. Izan ere, energia berriztagarri guziz egokia da Euskal Herriarentzat; esparru honetan ikusgarritasun handia eskuratu du jadanik gure herriak, 2011an irekitako Mutrikuko zentralarekin. Energia uhain indar-eragilearen bertute nagusienetakoa da bere efizientzia ez dela beste energia iturri batzuk bezain gorabeheratsua (gauez ekoiztu dezake, baita haizerik gabe ere).

– Aipaturiko berriaren iragarpenak oihartzun mediatiko handia izan du, baita Frantses Estatuko prentsan ere, zeinetan, zentralak 2030rako Ipar Euskal Herriko urte bateko elektrizitate kontsumoaren %30a (500GWh) ekoiztuko lukeenaren ideia hedatu den. Interpretazio hau erabat okerra da eta urgentziaz obratu behar dugun trantsizio energetikoa kaltetu lezake.

– Urteko 500GWhko ekoizpena, zentralaren ekoizpen maximo teorikoa da, seguraski, nehoiz beteko ez dena, are gutxiago 2030rako. Dimentsioaz jabetze aldera, erran dezagun urtean 500 GWh ekoizteko 230 Mwko potentzia nominala beharko litzatekeela (0,25eko karga faktorearekin). Haatik, Nazioarteko Energia agentziaren 2022ko datuen arabera, martxan diren edo eraikitzeko bidean diren instalazio uhain indar-eragileen potentzia, mundu mailan, 10MW baino gutxiagokoa da. Mutriko zentralak berriz, 0,3 MWko potentzia baino ez du.

– Uhain indar-eragileen bilakatzeen eredu teknologikoa oraino zehaztu gabe dago. Euskal Elkargoak 2030rako uhain indar-eragilearen esparruaren garapena iragarri izanak, ez du nehondik inora ere erran nahi zentralaren gehienezko potentzia maximoa 2030rako ekoiztuko denik. Arlo honetan mundu mailan liderra den Eskoziak, 1MVko potentzia lukeen zentral bat aurreikusten du, proba gisa. Ipar Euskal Herrian aurkeztu den uhain indar-eragilearen baserria plantan ezartzea zailagoa izanen da, hertsapenak ugariak baitira (marea azkarrak, urperaturiko sistema), are gehiago, zein teknologia baliatuko lukeen zehaztu gabe egonik.

– Uhain indar-eragilearen aterabidea epe luzekoa da. Ezinbestekoa da honen garapena aurreikustea eta EHBaik halako proiektuak diruztatzearen alde egiten du. Energia-iturri honek; 2050erako, Ipar Euskal Herriaren karbono neutraltasunean funtsezko rola izanen duela pentsa daiteke. Baina Ipar Euskal Herriko uhain-indar eragilearen baserriak ez du Euskal Elkargoaren behar energetikoen %30 estaliko 2030ean ! Beraz, funtsezkoa da, neurritasuna, eraginkortasuna eta gainerako energia berriztagarrien sustapena bermatzea europa mailako engaiamenduek 2030rako finkatu duten berotegi efektuko gasen %55eko jaitsieraren mailan egoteko. Ordurako, uhain indar-eragilea ez da aski garatua izanen.

– EHBaik azpimarratu nahi du ez dela nahikoa energia berriztarrien ekoizpenean soilik arreta jartzea, hauen eredu ekonomikoaz hausnartzea ere beharrezkoa da. Multinazionalei miliarka euroko etekinak izatea bermatzen dien energia fosilen ereduaren hausteko parada eman behar digu trantsizio ekologikoak. Aitzitik, herritarrei ekoizpenaren irabazien onurak jasotzeko aukera ematen dien eredu ekonomikoa da energia berriztagarriena. Trantsizio eta Sozialerako Fondoa martxan jartzearen aldekoa da EH Bai, zeinari ekarpena egin beharko liokeen energia berriztagarrien instalazio bakoitzak. Betiere, trantsizio ekologikoaren norabidean sektore pobretuenak laguntzeko helburuarekin. Enargia eta I-Enerek erakusten digute posible dela energia berriztagarriak zirkuitu laburretan eta filosofia honekin ekoiztea. Honako hau da EHBaik defendatzen duen eredua: energia ondare komuna izatea.