Euskarak hizkuntza politika berria behar du

Agiri honen bidez, EHBaik Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan aurrekontua ez emendatzeari buruzko erabakiaren gaineko irakurketa plazaratu nahi du.

Euskarak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan pairatzen duen egoera larriak anbiziozko hizkuntza politika galdegiten duelarik, Ipar Euskal Herrian horretarako ardura nagusia duen egiturak euskara biziberritzeko baliabide gehiagorik ez ezartzea zinez damugarria da.

Lehenik eta behin, EHBaik bere sustengu osoa adierazi nahi die euskalgintzako elkarte eta egiturei egunerokoan daramaten jardun eta aldarrikapenetan. Ipar Euskal Herrian euskara bizi bada, bereziki urte luzetan eta egun ere euskalgintzak egin lanari esker da. Eta geroari buruz, euskalgintzako elkarteak ezinbestekoak izanen dira. Horregatik, EEPren aurrekontua ez emendatu izanaren aitzinean, guztiz logikoa iruditzen zaigu azalduriko haserrea. Euskarak eta euskalgintzak errespetua behar dute.

Hemen kaltetuena euskara da. Azken inkesta soziolinguistikoaren ondorioetako bat oroitarazi nahi dugu: euskal hiztunen kopuruari eustea lortzen dugu, baina demografiaren hazkundearen eraginez, proportzioan, jendartean gero eta gutiago gara euskal hiztunak, %20 inguru. Gure hizkuntzaren biziraupena jokoan den honetan, justuki kontrako norabidea hartu beharko luke hizkuntza politikaz arduratzen den erakundeak: euskalduntze prozesua azkartzeko anbizioa izanen duen hizkuntza politika integral baten adostea eta plantan ezartzea izan beharko luke aktore guzien helburu nagusia. Aldiz, egun, blokeo argi bat dagoela adierazi nahi dugu eta blokeo horren erantzule nagusiak Frantses Estatua, Akitania Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua dira.

Zentzu horretan, euskalgintzak galdegin bezala, aurrekontua emendatzeko Euskal Hirigune Elkargoko hautetsien eta bereziki EHBaiko eta ezkerreko abertzaleen aldetik izan den borondate politikoa eta ahalegina azpimarratu nahi dugu. Gure iritziz, Ipar Euskal Herrian euskalgintza eta hautetsien artean adostasunetara iristeko baldintzak daude, baina EEPren egitasmoan aitzinarazteko blokeoa ezartzen dutenak nagusiki beste partaideak dira.

Honek argiki adierazten du etorkizunari begira egiturazko arazo baten aitzinean garela. Izan ere, Estatuaren politika euskara eta gainerateko hizkuntza gutxiagotuen garapenaren kontrakoa da eta horrek ez du permititzen jauzi bat ematea.

Indar harreman berri bat

EHBairen iritziz, euskararen biziberritzean jauzi bat emateko hizkuntza politika berri baten alde gauden guzion artean sentitzen dugun kezka eta haserrea bideratzeko gai izan behar dugu. Euskarak pairatzen dituen eraso eta oztopoek salaketa eskatzen dutela argi izanik ere, euskalduntzean jauzi bat nola eginen dugun gogoetatu eta iniziatiba berriak plantan ezarri behar dira.

Horregatik, EHBaik uste du:

• Euskal Herrian hizkuntza politika berri baterako behar ditugun eskumen eta tresnen inguruko eztabaida ireki behar dela;
• Euskalduntze prozesuak behar duen jauzirako neurrien inguruko adostasunak eraiki eta Estatuaren aitzinean indar harreman berri bat eraiki behar dela;
• Euskarak behar duen bultzadarako jendartearen aktibazioa eta herri mobilizazio zabala beharrezkoak direla.

Duela hiru urte, Frantziar Kontseilu Konstituzionalak Molac Legea indargabetu zuelarik, Euskal Herrian murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio handi bat gertatu zen, non milaka herritar ez ezik, lurralde honetako sentsibilitate ezberdinetako hautetsi anitz ere murgiltzearen alde kokatu zen. Bestetik, inkestek argiki diote Ipar Euskal Herriko jendartean gero eta zabalagoa da euskararen aldekotasuna. Horregatik diogu, borondate guziak norabide berean aktibatu behar direla.

Aberri Eguna 2024: Burujabetza Euskal Herriarentzat

zkerreko independentistok Uztaritzen eta Iruñean ospatuko dugu aurtengo Aberri Eguna. Batetik, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen batasuna eta aitortza politikoaren prozesuan fase berri bat irekitzeko anbizioa erakusteko hitzordua izanen dugu Lapurdin. Bestetik, Euskal Herria nazioa eta Euskal Errepublika behar dugula aldarrikatzeko elkartuko gara Euskal Herriko hiriburuan. Ezker independentismoa hazten ari da Euskal Herri osoan, eta, gero eta gehiago garenaren lekuko izanen da aurtengo Aberri Eguna.

Euskara, komunitatea egituratzeko

Korrikaren uberan heldu da Aberri Eguna. 10 egunez Euskal Herria alderik alde zeharkatu duen euskararen aldeko herri lasterketa erraldoiak erakutsi du herri-gogoa eta euskararen aldeko hauspoa oso indartsuak direla. Korrikak frogatzen du auzolanean gauza handiak egin ditzakeen herria dela gurea, eta, ororen buru, elkarrekin egiten dugunak batzen gaituela. Euskarak egiten gaitu herri. Hala, Euskal herritar guztiek izan behar dute euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea eta aukera. Oldarraldi judizialen edo euskarazko hezkuntzaren aurkako erasoen testuinguruan, non gibelera egiteko asmo politiko nabaria ikusten dugun,

euskara komunitatea egituratu eta kohesiorako hizkuntza gisa aldarrikatzen dugu EHBai eta EHBiduk. Are, euskalduntze prozesuan jauzi bat egiteko beharra eta hori gauzatzeko gure konpromisoa mahai gainean jartzen dugu.

Burujabetza, gure geroa erabakitzeko

Gure herriak sistema kapitalistak eragin krisi sozial, ekologiko, ekonomiko, politiko nahiz belikoak ezaugarrituriko testuinguruari egin behar dio aurre. Marraztu nahi duten mundu

Mundu gris honetan, alternatiba posible denaren eta itxaropenaren ideia lau haizetara hedatu nahi du ezker independentistak. Autoritarismoaren eta demokraziaren arteko lehiak ezaugarrituriko garaian, XXI. mendeko auziei erantzuteko herri-bulkada berri baten beharra mahai-gaineratzera gatoz aurtengo Aberri Egunean. Euskal Herriaren gaitasunak mobilizatzea eta antolatzea dagokigu, komunitate gisa, berdintasuna eta ongizatean oinarrituriko eraldaketa bultzatzeko. Burujabetza osoa behar dugu horretarako. Hots, gure herriaren antolaketa politiko, ekonomiko, kultural eta soziala erabakitzeko ahalmen gorena. Hala, nazio-aitortzaren eta Euskal Herriak bere geroa libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen aldeko engaiamendua berresten dugu aurtengo Aberri Egunean.

Euskal Herriarekin batera, itxaropena sortzen dute burujabetza eskuratzeko lanean ari diren estaturik gabeko nazioak eta mugimenduak. Europan inposatu nahi den agenda erreakzionarioaren aurrean, Irlandatik, Kataluniatik, Eskoziatik, Kanakyatik, Polinesiatik edota Korsikatik, herrien mesederako Errepublika demokratikoak eta progresistak eraikitzearen aldeko haizea dabil.

Nazio ikuspegiaren indarberritzea

Zorionez, Euskal Herrian ziklo politiko berri bat abian dela erran dezakegu. Nazio ikuspegia berritu eta euskal lurraldeen artikulaziorako aukerak parez pare zabal ditzakeen aro batean garela uste dugu. Hala, zatiketa administratiboaren gainetik, gure herria berrosatzeko egitasmo berriak sustatzeko borondatea agertzen du gaur ezker independentistak, eta baita eragile zein instituzioen arteko harremanak sendotzekoa ere.

Egunotan gure ikurrak lau haizetara hedatzeko deia egiten dugu. Horrez gain, Euskal Herria Baterak Martxoaren 30ean Bilbon antolatuko duen ekitaldian presente izanen garela adierazten dugu. Azkenik, EHBilduren eskutik Iruñean eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak antolaturik Uztaritzen ospatu diren Aberri Egunetan parte hartzeko deia egiten diegu euskal herritarrei.

Burujabetza Euskal Herriarentzat!

Euskal Selekzioa-Uruguai: Nazioa gara

Gure herriak sarri erakutsi dio, ikusi nahi duen orori, zein den bere izana, izena eta izaera, nazioa dela eta bere etorkizuna libreki erabaki nahi duela. Denboran atzera gehiegi egin gabe, aurreko uztailean herri harrotasun erakustaldia egin zuen, Tourra Euskal Herriko errepideetatik barna ibili zenean. Joan den ostegunetik, gauza bera egiten ari da, Korrikari sustengua eta babesa erakutsiz. Horiek guztiak herri sentimenduaren, nazio taupada eta nazio anbizioaren erakustaldi aipagarriak izan dira.

Asteotan, eta igandera bitartean, Korrikak bere ibilbidea jarraituko du, euskararen aldeko aldarria Euskal Herriko txoko guztietara eramanez. EH Bildu eta EH Bai aktiboki parte hartzen ari gara euskararen aldeko lasterketan eta beraien poza, ilusio, euskararekiko atxikimendua eta herri honen izaera Korrikan ere erakusteko deia egiten die euskal herritarrei.

Baina ez da hori izango Euskal Herriaren aldarria egiteko euskal herritarrek izango den aukera bakarra. Larunbatean, Euskal Selekzioaren eta Uruguairen arteko futbol partida hartuko du Bilboko futbol zelaiak. Hemen bizirik den herri bat dagoela munduari erakusteko beste aukera paregabe bat. EH Bilduk eta EH Baik dei egiten diete euskal herritarrei Euskal Selekzioaren futbol partida jarraitzera, San Mames futbol zelaia milaka euskal herritarrekin betetzera eta mundu zabalari erakustera ukazio guztien gainetik Euskal Herria bizirik dagoela, euskal herritarrak izatearen harrotasuna eta bere etorkizuna libreki erabakitzea nahi duen nazio bizia dela.

Martxoak 8: Feminismoa, borroken elkargune

Martxoaren 8aren atarian, hemen bildu gara egun EHBaiko emazteak, eraldaketa feministaren aldeko gure engaiamendua azpimarratzeko. Ibilbide, adin, eskualde, engaiamendu esparru anitzetako emazteak elkartu gara, EHBairen batzordeetan, instituzioetan edo herri mugimenduan lehen lerrora jauzi egiteko eta militatzeko hautua egin dugunak. Hemen garen guziok zapalkuntza hirukoitza jasaten dugu: klase zapalkuntza, nazio eta kultura zapalkuntza eta sexu-generoaren araberako zapalkuntza; horregatik gara 3 aldiz errebeldeak, horregatik gara abertzale, ezkertiar eta feministak; horregatik ditugu borrokarako hamaika arrazoi. Ikuspegi intersekzionalari esker, dominazio-harremanen iturbura jotzen dugu eta haiek gainditzeko lanean ari gara.

Emazteen eskubideen aldeko borroka eguna den Martxoaren 8a, sistema aldaketa sakona aldarrikatzeko eguna da EHBairentzat. Burujabetza eta justizia soziala nahi ditugu Euskal Herriarentzat;. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzak gainditzeko, feminismoak zeharkatu behar ditu euskararen, etxebizitzaren, ekologiaren edo migrazioen arloan herri gisa eramaten ditugun borrokak. 

Egungo jendarte kapitalista zis-heteropatriarkaletan emazteok pairatzen dugun zapalkuntza egiturazkoa den heinean, horri emandako erantzunek ere egiturazkoak izan behar dute. Lehenik eta behin, hilabete-sarien arraildurarekin bukatzeko, sistema ekonomikoaren berrantolaketa oso bat ematea da aterabide bakarra. Emazteak lan urteetan zein erretreta garaian prekaritatera kondenatzen dituen errealitate honekin bukatzeko neurri zehatzak behar ditugu. Halaber, zaintza lanen – hala nola, haurren edo adineko pertsonen zaintza – banaketa orekatuagoa egitea premiazkoa da; azken batean, jendarte osoaren ardura izan behar dute. Nola ez aipatu bortizkeria patriarkal guziak (bortizkeria matxista, hezkuntza sexista, emazteen eta LGBTQI+ kolektiboaren diskriminazioa…) lehenbailehen desagertaraztekoak direla gure jendartetik. Ipar Euskal Herriaren eskalan ere beharrezkoa da eragile ekonomiko, sozial zein politikoek eta instituzioek engaiamendu argiak hartzea eta berdintasunaren alde eskuz esku aritzea.

Azkenik, hiru engaiamendu argi hartzen ditu EHBaik. Lehena, ezkertiar, abertzale, ekologista eta feministen etxe komuna den EHBaik barne funtzionamendu feminista izateko behar diren aldaketa obratzea eta gure egituratik bortizkeria matxista oro desagertaztea. Bigarrena, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan Euskal Herriaren burujabetzarako perspektiba sustraitzea; hura indartu, hedatu eta lurraldeko indar mobilizatzaile nagusienetarik bat bilakatzeko lan egitea eta Hego Euskal Herriko mugimendu feministarekiko zubiak eraikitzea. Hirugarrena, instituzioetatik politika feminista eraldatzaileak sustatzea emazteen bizi-baldintzak hobetuz sistema aldaketa baten oinarriak jartzeko. 

Abortatzeko askatasuna Frantses Konstituzioan sartzea onartu zuen astelehenean Frantziako parlamentuak. Poztekoa da mugimendu feministaren hamarkadatako borrokari esker abortatzeko eskubidea bermatzeko urrats berri hau egin izana. Haatik, oinarrizkoak diren eskubideen aldeko borrokak funtsezkoa izaten segitzen du oraino. Ezinbestekoa iruditzen zaigu abortatzeko eskubidea oztopatua izan ez dadin, osasun sistemara beharrezko baliabideak bideratu behar direla oroitaraztea. Irabazitako eskubideak defendatu eta berriak eskuratzeko etengabeko lehian aritzeko prest gara militante abertzale, ezkertiar eta feministak. 

Aipaturiko guziagatik, karriketan mobilizatuko gara Martxoaren 8an, Baiona, Azkaine, Urruña, Hendaia… eta beste hainbat herritan. Emazte abertzale, ezkertiar eta feministok, borrokarako, eta eraldaketarako prest gara. Euskal Herria feminismotik eraikiko dugu! 

Europako parlamenturako bozak: EHBairen erabakia

Ekainaren 9an iraganen diren EuropaKO parlamenturako bozetan aktiboki ez parte hartzea erabaki du EHBaik barne bozka batean. EHBildurekin elkarlanean, hauteskunde hauek 7 herrialdez osaturiko Euskal Herriaren burujabetzaren aldarrikapena berresteko aukera bilakatzeko helburua finkatu dute ezkerreko abertzaleek. Horrez gain, autodeterminazio eskubidea babestuko lukeen herrien europaren alde, Régions et Peuple Solidaires federazioa osatzen duten indar politikoekin lanean segituko du EHBaik.

 

Programa xenofoboak eta eskuin-muturrekoak gorakada izaten ari dira Europa osoan. Testuinguru honetan, EHBaik ezinbestekotzat jotzen du ideologia arriskutsu hauen aurka mobilizatu eta eskubide berdintasunaren zein justizia sozialaren baloreak defendatzea. 

Sylvain Aimé eta Mathilde Hary laborantza herrikoiaz

Covidaren krisiak eta Ukrainiako gerlak mundu mailako merkatuen desorekatzea eragin dute azken urteetan. Hala, lehengaien inportazioarekiko dugun dependentzia agerian gelditu da. Prezioen inflazioak gogor kolpatu ditu herritarrak. Eros-ahalmen gero-eta murritzagoa izanik, bertako kalitatezko produktuak erosteko zailtasunak biderkatu dira jende anitzentzat. Areago, hainbat elikagairi uko egiteko hautua ohikoa da gaur egun. Lehendik nekezia handiak zituen laborantzaren sektorea krisi bete-betean murgildu da.

Aste batzuk iragan dira laborantzaren mundua bere haserre zilegia plazaratzen hasi zenetik. Laborantza eta elikaduraren merkatuen erabateko liberazioaren garaiotan, egindako lanetik bizi ezin duten laborarien ezinegona gero-eta nabariagoa da. Frantses gobernuak laborarien haserrea baretzeko egindako iragarpenek epe laburreko ikuspegi produktibista dute oinarri, eta laborariei ordainsari duina bermatzeko ziurtasunak eskaintzetik urrun gelditu dira.

EHBairen ustez, ezinbestekoa da kostu prezioaren azpitik egiten diren ordainketak debekatzea. EGALIM legea bete behar da. Izan ere, arazoa ez dira ingurumena, eskubide sozialak edo osasuna babesteko legediak, agro-industriak metatzen dituen neurrigabe etekinak baizik. Elikatzen gaituztenen lana behar den heinean baloratua eta ordaindua izan dadin, merkatua arautzea da gakoa. Zentzu horretan, laborariei erretreta duina bermatzeko neurrriak ere premiazkoak dira.

Lehia basatiari buru egin ezin dioten laborarien bizi-baldintzak kaltetzen dituzten merkataritza librerako hitzarmenak zentzugabekeria hutsa dira. Halaber, argi dago trantsizio ekologikoa gauzatzeko ditugun erronkekin bateraezinak direla.

Europar Batasunaren diru-laguntzen irizpideek produktibismoa jarduera ekonomiko bideragarri bakartzat sustatzen duten honetan, elkartasuna adierazten diegu hauen ordainketaren beranta pairatzen duten etxaldeei. Diru-laguntzak eskuratzeko izapide administratiboak sinplikatzea ere beharrezkoa dela azpimarratzen dugu.

Eredu alternatibo baten eraikuntza Ipar Euskal Herrian

Barnealdeko eremu batzuetan lanpostuen %15 eta %20aren artean barnebiltzen dituen sektorea izanik, Ipar Euskal Herriko lan-jarduera nagusienetariko bat izaten segitzen du laborantzak. Burujabea eta erresilientea izan nahi duen herri baten zutabea den laborantza herrikoia sustengatzea dagokigu. Hamaika dira Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan bizirik diren alternatibak : zirkuitu-laburrak, ekonomiaren birtokiratzea, sor-marken sorrera… Ipar Euskal Herriko ekoizle eta kontsumitzaileen beharrei erantzunen dien laborantza eredu baten oinarriak finkatzen ari diren egitasmoak dira denak. Alternatibez gain, bertako tresna eta egiturak ere sustatzekoak dira (kinka larrian den Mauleko hilegia, adibidez).

Laborarien erdiak 2030erako erretreta hartuko duen heinean, lehentasuna da belaunaldi aldaketa obratzea. Horretarako, berrartzeko errazagoak diren giza eskalako etxaldeak atxikitzea funtsezkoak da. Lurrak eskuratzeko eta Europako diru-laguntzen zati handiagoa jasotzeko parada izan behar dute plantatu berri diren gazteek. Gure lurraldean ahal bezain mozkin anitzak ekoiztuak izan daitezen, baratzezainen plantatzea ere bada erronka.

Azkenik, Laborantzaren erakunde publiko baten sorreraren alde egiten du EHBaik. Gaur egungo desafio klimatiko, ekonomiko eta sozialen testuinguruan, hemen erabaki nahi dugu ea zeintzuk diren gure lurraldeko laborantza biziarazteko eta bertako herritarren elikadura segurantza bermatzeko eskura izan nahi ditugun tresnak. Ipar Euskal Herriko instituzioek burujabetza handiagoa behar dute elikadura iraunkorraren eta laborantza lurren defentsan engaiamendu sendoak hartzeko.

Sylvain Aimé, laboraria eta EHBaiko kidea.

Mathilde Hary, EHBaiko bozeramalea.