“Segurtasun pixka baten truke askatasun apur bat galtzeko prest den populuak, ez du ez bata ez bestea merezi, eta bien galtzera iristen da.” Benjamin Franklinen erranaldi hori Coronavirusaren aurkako borrokari legokio. Bigarren hetsialdia bideratuz geroztik, EH Iparraldea osagarri urgentzia egoeran sartua dago.

Birusaren aurka modu eraginkorrean borrokatzerakoan, Prefetaren eta gobernuaren inkoherentziaz betetako erabakiek, gehiago kakofonia inprobisatuaren itxura dute, tokiko eragileekin ekintza plan adostuarena baino. Aisialdirik ez, kirolik ez, ostatu edota jatetxerik ez. Zoazte lanera, ekoitzi ezazue eta hipermerkatuetan edota fast-foodetan kontsumitu. Horra Emmanuel Macronek luzatzen digun mezua.

Betidanik gaitzetsi dugun munduaren itxura du gero eta gehiago mundu berriak. Ostatuak eta jatetxeak hesten dira eta beti bezala lan dorpeak egiten dituzten langileak dira petzero. Klase borrokak sekulako gaurkotasuna badu oraino. Merkataritza guneetan, COVIDa ez da herri ttipi bateko ostatuaren edari mahaian bezain bizia, gure herrietan ostatua delarik batzuetan gizarte lokarriaren gune bakarra.

Anartean Frantses Legebiltzarrean diputatuek 2021eko aurrekontua eztabaidatzen dute. Izurrite betean, anitz hilabete iraunen duen osagarri egoeran, Gobernuak ospitale publikoaren aurrekontua 4 miliar euroz apaltzea erabakitzen du!

Agintari politiko frantsesek krisiaren kudeaketaz eta egin dituzten hautuetaz kontuak eman beharko dituzte. Gizabanakoaren askatasuna murriztea, oste handiko fitxaketa, neurri gabeko zapalkuntza, horiek guziak usaiak bilakatuak dira. Diskurtso nazionalista eta gerlako hiztegia egun guzietako bizian sartuak dira orain. Anartean planeta sutan dago, gizarte-eskubideak zangopilatuak eta jendeek hilabetea gero eta nekezago bururatzen dute.

Mediabask astekarian (frantsesez) publikatutako iritzi artikulua