Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo gauean jakinarazi zuen, konfinamendu fase berri batetara sartzen ginela berriz ere eta abendu hasiera arte bederen. Bestela esanda, salbuespen egoera bat inposatzen digu gure askatasun kolektibo eta indibidualak murriztuz, boteretsuen onerako den sistema bat mantenduz, txikiak zapalduz eta gure osasun-sistema hobetzeko neurririk hartu gabe.

Erabaki hau, gobernuak orain arte zuen diskurtsoaren kontra doa. Izan ere, orain dela egun batzuk arte, birusarekin batera bizitzen ikasi behar genuela esaten zuen. EHBaik, bart iragarritako neurrien berri hartzen du.

Bere hautu politikoen porroten aitzinean, Frantziar presidenteak, konfinamendu berri bat inposatzen digu. Konfinamendu “egokitu” bat, lan egitera joaten ahalko girelako. Udaberrian gertatu den konfinamendutik ez da irakaspenik ateratzen. Frantses gobernuak, nagusi handiek inposatutako neurriak aplikatzen ditu. Datozen asteetan lana egiteko baimena besterik ez dugu izanen. Bukatu dira aisialdiak, lagun arteko topaketak eta beste… Ekonomiari bai, bizi sozialari ez.

Emmanuel Macronek, konfinamendu honetan egon beharreko segimendu soziala aipatu ere ez du egin. Enpresa ertain-txikiak, komertsanteak eta artisauak ahaztuak dira. Liburutegiek ateak hesten dituzte baina Carrefour-ek liburuak saltzen segituko du. Tokiko jatetxe eta komertzioek itxi behar dute baina McDo-ren drive zerbitzua zein sare bidezko salmentak bermatuak dira. Frantziako presidenteak, prekarioenak osasun-krisi honen lehen biktimak direla onartu badu ere, egoera konpontzeko edo behintzat, ondorio kaltegarri eta katastrofiko horiek arintzen saiatzeko lehen neurri sozialak itxoiten ditugu oraindik.

Gaur, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu medikuei, erizainei, zaintzaileei, ospitale publikoko mantentze lanetako langileei, establezimendu pribatuei, zahar etxeko langileei edota etxeetan artatze lanetan ari diren guziei. Herritar asko izan dira joan den udaberrian, 56 egunez beren etxeko leihoetara atera direnak arratsaldeko 20:00etan txalotzera. Txaloak kontsolamendua izan daitezke baina, osasun arloan biderkatzen ahal diren baliabideak dituzte biziak salbatu eta lan baldintzak hobetuko.

Gobernuak anbizio handiko hautuak egin behar ditu sozial arloari, hezkuntzari, osasunari eta tokiko ekonomia-sareari beharrezko baliabideak emateko, justizia soziala berreskuratu behar dugu ahulenak COVIDaren biktimak izan ez daitezen. Herri-mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa izango da gure giza eskubideak defendatzeko.