Berri ona iritsi berri da… Parisko Dei Auzitegiak Xistor Haranburu euskal presoak galdegindako hirugarren baldintzapeko askatasun eskaera onartu du.

Azken urte luzeetan unilateralki eramana izan den eta frantziar zein espainiar estatuarekin -behin eta berriz- talkan egondako bake prozesuak, etapa garrantzitsu bat gainditzen lortu du. Bakearen aldeko hautua, bake iraunkor baten hautua, Euskal Herriko eragile guzien engaiamendua da, Euskal Herriko jendartearen gehiengoak sustengatzen duena eta berrikitan oraindik burutu diren mobilizazioek baieztatu duten bidea da.

Su etena, armagabetzea, disoluzioa… Azken urteotan izan diren etapa guztiak, Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko bidean egin dira, garaile eta galtzailerik gabe. Armagabetzea eta hurbilketa batzuk egon badira ere, orohar, Frantziar eta Espainiar estatuen zein haien justiziaren jarrera atzerakoia izan da.

Horregatik, Parisko Dei Auzitegiaren jarrera aldaketari ongi etorria egiten diogu. Xistor gure artean izanen dugu eta horrek berantesten gaitu. Emaitza hau, azken urteetan aitzina eramandako mobilizazioei esker lortu dugu eta hortan segitu behar dugu, azken preso politikoa gure artean izan arte.

Benetan espero dugu erabaki horrek aldaketa iraunkorra ekarriko duela kartzela politika zein magistratuen jarreran eta datozen berriak, zentzu berean joanen direla bereziki Jakes, Jon, Unai-en kasuetan eta gainontzeko euskal preso politiko guztientzat.

Lanean segitu behar dugu bake iraunkorra eta elkarkidea lortu arte. Baina euskal gatazkaren, haren ondorioen eta jatorriaren konponbide integralaren bidean, Xistor gure artean laster ikusteko aukera emango digun gaurko erabakia berri ona dela uste dugu.

Ongi Etorri Xistor!