Bihar, irailaren 17a, frantses gobernuak indarrez jarri nahi dituen neurrien aurkako mobilizazio eguna izanen da.

Urte hasieran bizitako krisi sanitarioak eta biharamunek, betidanik ezagutu ditugun jendarte-desberdintasunak areagotu ditu. Mandatuz mandatu, frantses gobernuek eramandako austeritate-politikek, kalte handiak eragin ditu. Enpresa handien akziodunen nahikeriari lehentasuna emanez, frantses agintariek dute bizitzen dugun krisiaren ardura handiena.

Konfinamendu garaian, frantses gobernuak hainbat neurri hartu ditu krisiari aurre egin ahal izateko. Baina, onartezintzat jotzen dugu, egoera hontaz baliatu izana lan kodean zein eskubide sozialei murrizketa gehiago inposatzeko. 35 orduak berriz malgutzea, oporrak konfinamendu garaian hartzera bultzatzea udan hartu beharrean, asteko gutxieneko lan-iraupena luzatzea… Langileen kalterako neurriak izan dira. Konfinamenduaren biharamun honetan, erne ibili behar gira salbuespeneko neurri hauek ez daitezen betikoak bilakatu, krisia honen ondorio ekonomikoak konpontzeko aitzakiarekin. Indar berezi batzuk egitekoak badira ere egoera hobetzeko, sosdun handiek egin dezatela. Ez dituzte langile zein beharretan direnek pairatu behar buruzagi handien erabakien ondorioak.

Panorama aski iluna dugu biharamun honetan. Frantses estatuan, 750.000 lanpostu galdu dira, lanpostu horiek betetzen zituzten pertsonak langabezian aurkitu dira de facto. Horrez gain, langileen lan baldintzak okertu dira oraindik gehio, ordu gehigarriak inposatuz, hilabete sarien murrizketak aplikatuz eta orokorki beldurrean oinarritzen den xantaia biderkatuz. Paraleloan, frantses gobernua tematzen da bere erreforma atzerakoien defenditzen (erretreta sistema, seguritate soziala, langabezi sistema…). Beti berdinen mesedetara, beti berdinen kalterako!

Krisi larri honen fasea gainditurik, mobilizazio eta borroka tartea irekitzen dira urgentzia sozial eta ekologikoei erantzunen dieten bestelako norabideak inposatzeko. Sekulan baino beharrezkoa da gogoetatzea nola urrundu sistema kapitalistaren logikatik. Krisi honek agerian uzten du Euskal Herrian ditugun alternatiba ainitzek jendarte justuagoa osatzen dutela, gure eskura eta gure ingurumena errespetatuz. Kapitalismoaren kontrako zentzura doazen aterabideak dira horiek. Zirkuitu laburrak, ekonomiaren berlokalizazioa, osasun zerbitzu publikoaren defentsa, hezkuntza edota jendarte zerbitzuak dira, besteak beste, koronabirusak sortutako krisia gainditzeko beharrezko zutabeak, baina baita mundu jasangarriagoa, desiragarriagoa eta azkenik, iraunkorragoa eraikitzeko ere.

Milaka arrazoi ditugu beraz bihar Baionako karriketan, sindikatek deitzen duten manifestazioan parte hartzeko. Argi dugu ez dugula guk ordaindu behar beraiek eragindako krisia.