EHBAIk bere ez ohiko Biltzar Nagusia burutu du atzo gauean Euskal Elkargoko lehendakaritza gaia aztertzeko. Biltzar Nagusian egondako barne eztabaidaren kalitatea azpimarratzekoa da.

Atzo EHBAIko kideek, Euskal Elkargoaren instantzien osaketan, kontuan hartu beharreko estrategia politikoa izan genuen aipagai. Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontutan harturik eta ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EHBAIko militanteek
kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an, abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko lehendakaritza kargurako.

Alain Iriartek bultzaturiko kandidatura abertzalea erabat zilegia litzateke eta argi dugu gaitasun guziak dituela Euskal Elkargoko lehendakari ona izateko. Aukera honen inguruko gogoeta amankumona eraman dugu azken egun hauetan Alain Iriartekin. Baina, egungo testuinguru politikoa eta konjunturaren azterketa izan dira gure erabakia hartzera bultzatu gaituztenak.

Hori erran eta, abertzaleak, Euskal Elkargoko gobernantza instantzia desberdinetan ordezkatuak izan behar gira. Politika publikoen garapenean aktiboki parte hartzeko engaiamendua hartzen dugu. Ipar Euskal Herriaz dugun ikuspegia partekatuko eta defendituko dugu datozen sei urteetan. Helburu hori betetzeko arlo instituzionaletik, azkarki ordezkatuak izan behar gira exekutiboan. Gure hautetsiak mobilizatuak segitzen dute, hauteskundeen emaitzen araberako ordezkaritza lortzeko lurralde batzordeetan.

Krisi ekonomiko eta sozialak, larrialdi klimatikoak, euskararen defentsak eta bake prozesuaren jarraipenak, goi mailako erantzun politiko eta instituzioanalak eskatzen dituzte. Prest gira erabaki guneetan parte hartzeko, ipar Euskal Herriko biztanleen mesedera. Era berean, Euskal Elkargoaren funtzionamendu hobea eta demokratikoago bat bultzatuko dugu, herritarren eta herriengandik hurbilago izateko.