Gaur iragan da herriko bozen bigarren itzulia. Abstentzio kopuru handia izan da bigarren itzuli honetan, %52a (%45 2014ean). Parte hartze apal hori damugarria da, zerrenda guziak afektatu baititu baina haratago, hauteskundeen ariketa demokratikoa bera. Emaitzei dagokionez, poz handiarekin esan dezakegu guk sustengaturiko zerrendek emaitza politak egin dituztela beste behin ere.

Aipamen berezi bat egin nahi dugu Ziburu, Uztaritze, Urruña eta Itsasuko herriei. 6 urteko lan serios eta politaren ostean, eta gaur lorturako boz kopuruen ondorioz, herriko etxeak irabazi dituzte. Txalo bero bat Ziburu Bizi, Uztaritze Bai, Elgarrekin Urruña eta HerriAri zerrendei.
Abertzaleek lideratzen dituzten zerrenda ainitz hauek hauteslegoaren atxikimendu haundia lortu dute. Horrek erakusten du lehiakide batzuek bi itzulien artean EHBAI erabiliz eramandako denigrazio kanpaina jokoz kanpo gelditzen dela gaurko egunean.

Bestalde, hainbat tokitan emaitza deigarriak lortu dituzte ezkerreko abertzaleek. Hala nola, Azkainen, Maulen, Hendaian, Senperen…

Gaurko emaitzak, urteetan zehar, abertzaleek tokian toki egindako lanaren uzta dira. Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartzen doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta gure proiektua indartuz.