EHBAIk onartezinatzat jotzen du atzo epaileek Mikel Barriosi jarritako zigorra. Bost urteko espetxe zigorra eta 10 urteko debekua. Honen ondorioz, astelehenean berriz espetxera sartzeko agindua du.

Nola ulertu daiteke horrelako erabaki bat? Bake prozesuaren garapenari buruzko adostasun politikoa inoiz baino sendoagoa delarik, nola uler daiteke atzoko deliberoa? Epaileek, fiskaltza antiterrorista nazionalaren posizioarekin lerrokatuz, Euskal Herria iraganean eta bake prozesua logika mendekatzailean kateatzeko borondatea adierazten dute.
Macron jaunari zuzentzen gira beste behin ere eta euskal iheslarien eta presoen itzuleraren perspektibari bide eman behar diola esaten diogu. Kartzelak husteko garaia da eta ez betetzeko.

Atzoko berri txarrak, bihar iragan behar den dei auzira bidaltzen gaitu. Izan ere, bihar, Jakes Esnal euskal preso politikoak luzatutako bigarren baldintzapeko askatasunaren dei auzia iraganen da. Bere espetxealdiaren 31. urtea hasi du joan den apirilean. Pariseko dei gortea, orain arte bezala, terrorismoaren kontrako fiskaltza nazionalaren jarrera eta argudioekin lerrokatuz gero, Jakes heriotzeraino kondenatuko du.

Ulergaitza egiten zaigu, Euskal Herriko gizarte zibil eta politikoaren gehiengo zabal batek bake prozesuaren aldeko apostua egiten duenean, frantses estatutik heldu zaizkigun erantzunak, hain ilunak izatea. Justizia mendekatzaile honekin zein da Euskal Herriko gehiengoari helarazi nahi zaion mezua ?

Gaur, beste behin errepikatzen dugu, inoiz baino beharrezkoak direla bake prozesua eta euskal preso politikoen askatzearen alde egiten diren mobilizazioetan parte hartzea. Zentzu horretan, mezu bat helarazi nahi diogu euskal jendarteari eta larunbatean, Donibanen Loizunen antolatuko den giza katean masiboki parte hartzeko deia egiten diegu.