Eri egon diren edo dolu bat familian izan dutenez kanpo, azken hauentzat garai lazgarria izan delarik, beste guziek egoera berdina bizi dute 2020ko udaberri huntan : argibide kontraerrankor bezain antsiakorrez emokatuak, emozio ezkorrez gaindituak beldurretik errabiaraino, norabidea galdua duten agintari batzuek haurtuak, anitz astetako aktibitate ezak pobretuak edo pobreziaren bidean emanak, batzuk lan soberakinak akituak, familiaren kusku-traba guti edo aski jasan izanak, hetsialdi garai huntarik leher eginik ateratzen gara, gure udako besten, oporraldi programatuen edota lanbide, elkarte ala beste proiektu anitzen dolutan gogoz kontra jarriz, heldu zaizkigun aldaketen eta buruhausteen hedadura emeki-emeki asimilatuz.

Etsipenaren edota gure baitan hetsirik egotearen kontra elkarrekin borrokatzea dugu lehen urgentzia, eta helburu horretan baliabide bazterrezinak ditugu gogoetatzea, antolatzea eta ekintzak burutzea, denbora gelditua zaukaten aste horietan jendarteko elkartasun sailean anitzek jadanik egina duten gisan. Krisi sanitario horren analisiak sistema kapitalistaren krisi orokor gisa, honen erroak eta ondorio geopolitikoak, ekologikoak, ekonomikoak luze eta zabal aztertuak izan dira jende gehienek ulertzeko gisan. Heldu zaizkigun arazoen aitzinean mentura handiko ihes egiteari buruz izan diren alertak, («kolpearen estrategia ») , baita lehen bezala ez berriz hasteko deiak ere, ugaritzen hasiak dira. Baina eginbeharraren aitzinean, nola ez utzi ezintasun sentimendua gaina hartzen ? Kapitalismotik ateratu, gosta dena gostako irabazien logikak uzkaili, klase menperatzaileak belauniko jarri, eiki, baina nondik hasi behar dugu ? Sailkatze bat entsea dezagun.

Lehenik, epe labur, ertain eta luzeak bereizi behar ditugu. Ez delarik hau hain sinplea. Alabaina, holako krisi batek xede egingarri guziak agerian ematen ditu, eta martxo ondarrean ezinezkoa iduri zuena, erradikalegia zelakoan, gaur egun egingarri bilakatu da. Horrek ez du kentzen produkzioen bertokiratzeak, ekoizpen lerroen eta lotuak zaizkien milioika lanpostuen berregokitzeak, helburu sozial baliagarriekin baita ekologiari doakionez helburu onargarriekin, hori guziaren obratzeak anitz denbora hartuko duela eta aldaketaren alde diren indarren eragin erraldoia behartuko. Beste borroka erabakigarria : heldu zaigun garaian, trantsizio ekologikoa geroko ez uztea baina zalutzea. Kapitalismo herio-ekarlearen ordezkariak hortaz jadanik mintzatu dira ahalkerik gabe eta frantses gobernuak laguntzen dituen enpresei ez die egundaino baldintza bihirik inposatu ekartzen dizkien laguntzaren truk. Jokoan den hirugarren puntua: lurralde mailan, toki eta mundu mailaren arteko lotura agerian ematea baitezpada, eta arlo sozialean mikro eta makro mailen arteko lotura ere. AMAPak, Afrikara oilaskoen esportaziorako diru laguntzen bukatzea bezainbat.

Moneta osagarriak, bankoen sozialisazioa edo kredituaren kontrola bezainbat. Bertokiratze emankorra, lantoki bakoitzeko indar harremanak bezainbat, zer eta nola ekoitzi berrikusteko xedez.

Heldu zaizkigun urgentziak eta borroka fronteak. Osagarri arlokoa lehenik, hemen eta mundu guzian biziak salbatzeko. Maskak, testak, tratamenduak, txertoak : martxandisazioari bidea moztea, neurri publikoak herritarren zaintzapean inposatzea, baita nazioarteko lankidetza ere bortxaz bultzatzea farmaziaren saileko multinazionalen eta merkataritzako interes guzien aurka.

Txaloen orde, berehalako baliabideak artatzaileen kolektiboek kudeatuko dituzten osagarri arloko zerbitzu publikoentzat. Eskola, garraio edota lantoki mota guzietako langileek inposatuko dituzten segurtasun neurriak. Fronte sozialean, porrotean sartu enpresek eta heldu diren enplegu kentzeek eragin duten pobreziak behartzen gaitu zehaztekoa dugun errebenio segurtatuaren alde borrokatzera, baita oinarrizko gastuen tipitzearen alde ere (alokairuak, garraio gastuak….). Ekonomia mailan, dibidenduak banatzen dituzten enpresei laguntza mota guziak debekatzea, Estatuen zorrak BCEk berrerostea eta « monetisatzea ». Askatasunen gaian, eskubide demokratikoen zaintzea denentzat gure bizien kontrol areagotuaren aurrean, fitxaketa gero eta zorrotzagoaren aurrean, podere guziak dauzkan poliziaren aurrean, zeinean kolonisazio garaiko akats okerrenak indarberritzen ari diren. Erretentzio zentroen hestea, migratzaileen zaintzea eta erregulartzea. Presoen askatze zabalagoa. Azkenik, gainerateko guziaren baitezpadako baldintza gisa, podere publikoek neurri azkarrak har ditzaten presioa baino haratago, gure elkarteetan, borroka kolektiboetan, sindikatuetan edota erakunde politikoetan modu autonomoan antolatzea eta mobilizatzea instituzio zein Estatu erakundeen aurrean. Menturaz 2000ko hamarkadan antolatu zen munduko Foro sozialaz inspiratzen ahalko ginateke, hau maila guzietan berpiztuz : mundu, kontinente, nazio edota toki mailan bateratze gune gisa, ez baitezpada sistemaren krisi anizkoitzaz eztabaidatzeko (hartan gaude murgilduak), baina irabazi nahi ditugun helburu zehatzak definitzeko, koalizioak azkartzeko, indar harremanak eraikitzeko eta borrokak abiatzeko.