Orain dela aste batzuk, deskonfinamendua maiatzaren 11tik goiti iraganen zela iragarri zuen frantses gobernuak. Deskonfinamendu horren baitan, eskolak maiatzaren 12tik goiti irekitzen hasiko zirela adierazi zuen ere.
Frantses gobernuak deskonfinamenduari buruz egindako adierazpen horietan, ez du aipatu Kontseilu zientifikoak eskolak maiatzean irekitzearen kontrako abisua eman zuenik. Azken honen aburuz, hoberena, eskolak irailean irekitzea da. Adierazpen zerrendarekin jarraituz, frantses gobernuak, langabezi partziala ekainaren 1etik goiti kenduko duela iragarri du. Zentzu horretan, egoera honen aitzinean haurrak eskolan ez jartzearen hautua egingo duten gurasoek, diru sartze hori gabe gelditzeko arriskua dute.

Ez dugu ahantzi behar zer helburu gordetzen den eskolen irekitzearen nahiaren atzean. Erabaki hori, nagusi handienen mesederako hartua izan da. Nola esplikatu daiteke, konfinamendu hasieran eskolak presaka itxi behar izana haurrak birusaren eramaile zirelako eta orain eskolak ireki nahi izana, Kontseilu zientifikoaren iritziaren kontra ? Argi eta garbi diogu, frantses gobernuak eskolak berriz ireki nahi dituela, gurasoak, enpresa handien eta akziodunen zerbitzura emateko.

Frantses gobernuak, eskolen irekitzearen ardura herriko etxeen gain utzi du. Hartutako erabaki horrekin, gai horrekiko erantzukizuna besteen esku utzi nahi du: eskolak ireki edo ez, auzapezen gain eta haurrak eskolara bidali edo ez, gurasoen gain.
Posizio honek, agerian uzten du berriz ere, gobernua prest dela haurren osasuna bermatzeko baldintzak betetzen ez badira ere, gurasoak horretara bultzatzea funts ekonomiko huts baten mesederako.

Onartezintzat jotzen dugu frantses gobernuaren jarrera. Hortaz, eskolak heldu den iraila arte itxiak egon beharko luketela diogu. Gure urgentzia bakarra haurren, irakasleen eta herriko langileen osasuna bermatzea da eta ez eskolak lehen bai lehen irekitzea. Eskolak ikasteko gune bat izaten segitu behar dute eta ez arrisku edo haurtzaindegi gune bat. Azken asteetan erakasle zein erakasleen ordezkariek, behin eta berriz adierazi dute erabaki honekin bat egiten ez dutela eta erabakia guztiz ulergaitza dela.
Iragan berri diren herriko bozen esperientzia ez da berriz errepikatu behar. Ez ditzagun berriz pairatu arduragabekeriaz hartutako erabakien ondorioak.

Nahiz eta eskolen irekitzearen kontra izan, badakigu erabakia jada hartua izan dela eta eskolen ateak irekitzen hasiko direla heldu den astetik goiti. Zentzu horretan, Parisetik inposatua zaigun egoera ahalik eta modu seguruenean iragan dadin hautetsiek, herriko langileek eta irakasleek izandako inplikazioa maila txalotu nahi ditugu.