Egun bizi dugun egoera berezi honek, betidanik ezagutu ditugun gizarte-desberdintasunak areagotzen ditu. Sanotasunik gabeko etxebizitzetan bizi diren pertsonek, egunero ongi elikatzeko baliabiderik ez duten familiek, migratzaileek edota kalean bizi diren
pertsonek, modu gogorragoan bizi dute konfinamendua. Nola ez aipatu joak diren emakume eta haurren kasua. Konfinamendu garaian, etxeko indarkeriak, ohikoan bizi dutena baino zailago eta beldurgarriago bilakatzen dira.

Krisia denek pairatzen dugun arren, ez dugu denek modu berdinean bizitzen. Izan ere, konfinamendu garaian lanbide eta enpresa askok beren jarduera eten behar izan badute ere, batzuek lanean segitu behar izan dute « premiazkoak » diren zerbitzuak eskaintzen zituztelakoan. Baina nortzuk daude lan horien atzean ? Sistema neoliberalistak gogorki kolpatzen dituenak eta lan baldintza makurretan lanean ari diren horiek : laborariak, zabor biltzaileak, garraiolariak, okinak, supermerkatuko langileak eta beste… Hemen berriz ere, gehienetan, emazteek dituzte lan baldintza prekarioak jasaten eta soldata murritzak hunkitzen.

Egoera honen aitzinean, frantses gobernuak, osasun arloko larrialdi egoera izendatu du lege bidez eta krisiari aurre egiteko neurriak hartu ditu. Baina, onartezintzat jotzen dugu, egoera hontaz baliatu izana lan kodean zein eskubide sozialei murrizketa gehiago inposatzeko. 35 orduak berriz malgutzea, oporrak konfinamendu garaian hartzera bultzatzea udan hartu beharrean, asteko gutxieneko lan-iraupena luzatzea… Langileen kalterako izanen diren neurri batzuk dira horiek. Erne egon beharko dugu salbuespeneko neurri hauek ez daitezen betikoak bilaka krisia honen ondorio ekonomikoak konpontzeko aitzakiarekin. Indar berezi batzuk egin beharko direla onartzen badugu ere, onartezintzat jotzen dugu indar horiek betikoek egin ditzaten.
Koronabirusaren biharamuna, bezperakotik desberdina izan beharko du. Krisi honetatik ateratzean, produktibismo eta neurriz kanpoko kontsumo « normalitatera » itzultzea ezinezkoa da. Indarrean den eredu ekonomiko ultra liberal eta globalizatuak frogatzen du zoin kolpaerrexa den alta berak eragin dituen ondorioen aurrean (krisia klimatikoa, ekonomiko,a sanitarioa). Gobernuak bidalitako lehen seinaleek ekonomia modu intentsiboan bultzatzeko borondatea adierazten dute, betiko logiziala gehiegi aldatu gabe.

Krisia larri honen fasea gainditurik mobilizazio eta borroka tartea irekiko da, urgentzia sozial eta ekologikoei erantzunen dieten bestelako norabideak inposatzeko. Sekulan baino beharrezkoa da gogoetatzea nola urrundu sistema kapitalistaren logikatik. Krisi honek agerian uzten du, Euskal Herrian ditugun alternatiba ainitzek jendarte justuagoa osatzen dutela, gure eskura eta gure ingurumena errespetatuz. Kapitalismoaren kontrako zentzura doazen aterabideak dira horiek. Zirkuitu laburrak, ekonomiaren berlokalizazioa, osasun zerbitzu publikoaren defentsa, hezkuntza, edota gizarte zerbitzuak dira, besteak beste, koronabirusak sortutako krisia gainditzeko beharrezko zutabeak, baina baita mundu jasangarriagoa, desiragarriagoa eta azkenik, iraunkorragoa eraikitzeko ere.
Hamarkada luzeetan zehar aitzina eramandako eta burujabetzan oinarritutako proiektu abertzale eta ezkertiarrak, biharko mundua eraikitzeko egokiak direla uste dugu (elikaduran, energian, politika arloan…). Logika kapitalista eta produktiboan oinarritzen ez den mundu bat, nun edonork bere lekua atzematen ahal duen. Bakoitzaren eta lurraren errespetuan.

Bukatzeko, aurtengo maiatzaren 1a etxean ospatzera behartuak baldin bagira ere, LAB, CGT, EBA, Aitzina eta Bizi-k! luzatutako deialdiarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu. Guk ere, gure lehioak aldarrikapenez jantziko ditugu eta 11 :50etan gure lehioetan izanen gira.