Macronek, bere atzoko hitzartzean, erreferentzia historiko progresista ainitz erabili zituen: Frantziako Iraultzatik (« balio komuna gizarte-bereizketaren oinarri bakarra») Erresistentziaren Kontseilu Nazionalera arte («egun zoriontsuak»). Aberastasunen banaketa berria eta nazioarteko elkartasuna izan zituen aipagai, Afrikako zorren deuseztapen masiboarekin

Indar politikoen espektro osoari ere bermeak eman zizkion karbono-soiltasuna, plangintza, finantza-independentzia eta sektore ekonomikoen birlokalizazioak gogora ekarriz. Laburbilduz, egoerari aurre egiteko batasun nazionala sortzen ahalegindu da.

Baina ez gaitzala itsutu. Atzoko diskurtso horrekin benetazko erronkak isilarazi nahi izan ditu. Gobernuaren estrategia ekonomikoa zorraren bidez finantzatzea da. Hau da, makina ekonomikoa berrabiaraztea mailegua eta kredituen bitartez, kapitalismoaren funtzionamendu hilgarrian funtsezko eta egiturazko aldaketarik egin gabe.

Dagoeneko, zor hori estaltzeko indarrak egin beharko direla entzuten da handik eta hemendik, betiko errezetak aplikatu beharko ditugula esaten digute: austeritatea, kargak arintzea eta ondorioz Estatuko baliabideak murriztea, lan gehiago egitea lan eskubideak murriztuz… Trantsizio ekologikorako zuzendutako diruari dagokionez, geroago aztertuko dugula.

Hartu beharreko distantziazio neurriak aipatzen ditugunean, behar beharrezkoa eta urgentziazkoa da MEDEFren eta gobernuaren artean distantzia bat hartzea. Nagusi handien aginduei erantzunez, Macronek iragarri du eskolak pixkanaka berrirekiko dituela maiatzaren 11tik goiti. Orain dela hiru aste, eskolak hestea erabaki zuen, haurrak birusaren eramaileak direlakoan eta beraz, eritasunaren hedapen-faktoretzat jotzen baitira. Ama-eskolak eta lehen mailako eskolak ireki nahi ditu baina, unibertsitateak itxiak atxiki. Zein den erabaki horren logika ? Emmanuel Macronek planteatutako inegalitateen aurkako borroka bidezkoa da baina, inegalitateak badaude unibertsitateetan ere. Ororen buru, Frantziak eskolak berriro irekiko ditu, gurasoak enpresa handien eta akziodunen zerbitzura emateko. Aldi berean, enpresa biziki ttipi, ttipi eta ertainak itxiak egonen dira, azken hauek, ez dutelako beti beharrezko osasun baldintzak aplikatzeko bitartekorik.

Ez da kapitalismoaren bat bateko zuzenketarik izango: mugimendu sozial, sindikal eta politikoek proiektu alternatiboak nabarmentzeko duten gaitasunaren araberakoa izango da guztia. Krisi hontatik ateratzeko beste irtenbide bat proposatu beharko da, toki mailako alernatibak lehen lerroan ezarriz.

Premiazkoa da banku-sistemaren gaineko kontrol kolektiboa berreskuratzea eta horretarako, “finantza konfinatzea”: banku eta finantza sistema kontrol publiko eta demokratikoaren pean ezartzea ahalbidetuko du behin behinean inbertsio publikoak zuzenean finantzatzea ehuneko zeroko tasarekin. Honekin batera, eta soilik beharrekoa bada, Banku Zentralak dirua sortzen ahalko luke.

Erronka ez da “lehen bezalako” jarduera ekonomikora iristea, baizik eta, helburu berdinago eta ekologikoagoetara bideratzea. Hori krisialdian hartutako zorren zati bat ezabatuz bakarrik egin daiteke, diru-sarreren galera batzuk behin betikoak izanen baitira. Bestalde, enpresei ematen zaizkien laguntzak baldintzatu beharko dira, produkzioa oinarrizko beharrak asetzera bideratzeko. Premia horiek egunero neurtzen dira konfinamendu garai honetan, kapitalismoaren dinamika produktibistak sortutako behar artifizialen kontura. Era berean, laguntzak jaso dituzten enpresa pribatuak kooperatiba bihurtzea aztertu beharreko beste bide bat da. Enpresa multinazional handien berreskuratze soziala ere.

Zereginaren zamaz eta eraiki beharreko indar korrelazioaren garrantziaz ohartzen gira. Lehen lehenik -eta hitz polit horiek ez gaitzaten engainatu-, ulertu, taldean aztertu eta ideologikoki armatu behar gira. Honela, konfinaduaren ondorengo erronken inguruan koalizio eta mobilizazio handiak eraikiko ditugu. Hortan eragin nahi du EHBaiek, Euskal Herritik, eta gure ahalen heinean.