Badu egun batzuk jada, krisi sanitario handia bizitzen ari garela Euskal Herrian zein mundu osoan zehar.

Mandatuz mandatu, frantses gobernuan egondako famili politiko desberdinek eramandako austeritate-politikek, kalte handia eragin dute osasun sistema publikoan. Ondorioz, frantses gobernuak, egun bizi dugun krisiaren arduraren parte bat du. Zaintza ohe kopuruen apaltzea, lan baldintza txarrak, lan ordu gehiagarriak, material eskasa… osasun zerbitzu publikoak murrizketa ainitz ezagutu ditu azken urteetan. Gaur aldiz, eta inoiz baino gehiago, lehen lerroan dira krisi honen aurrean.

Osasun arloan lanean ari diren langileen inplikazioa txalotzen dugu. Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu ere, oraindik lanean ari diren beste langile guziei: zabor biltzaileak, garraiolariak, supermerkatuko langileak, okinak eta beste…

Aldiz, beharrezkoak ez diren bestelako aktibitateak etetea eskatzen dugu eta ondorioz komertzio edota enpresa horien hestea ere. Epidemia ez da garatu behar eta langileek ez dute arrisku hori hartu behar.

Jarritako neurriak errespetatu behar ditugu. Etxeetan gelditu behar gira. Zaindu behar gira eta besteak zaindu behar ditugu.

Konfinamenduak ez du eragin bera populazioen arabera. Bizi dugun egoera bereziak gizarte-desberdintasunak areagotzen ditu. Sanotasunik gabeko etxebizitzetan bizi diren pertsonek, egunero ongi elikatzeko baliabiderik ez duten familiek, migratzaileek edota kalean bizi diren pertsonek, modu gogorragoan bizi dute konfinamendua. Nola ez aipatu joak diren emakume eta haurren kasua. Konfinamendu garaian, etxeko indarkeriak, ohikoan bizi dutena baino zailago eta beldurgarriago bilakatzen dira.

Horren aurrean, elkartasun-sareak antolatzen hasi dira egitura antolatuen inguruan (CCAS, elkarteak…) edota imubleetan, auzoetan eta sare sozialen birtatez. Arreta handia izan behar dugu, bakarrik bizi diren adineko pertsona zein zailtasunetan bizi diren pertsonengan.

Bere aldetik, frantses gobernuak, osasun arloko larrialdi egoera izendatu du lege bidez. Krisiari aurre egiteko neurriak hartzea beharrezkoa da. Baina, onartezintzat jotzen dugu, egoera hontaz baliatu izana lan kodean zein eskubide sozialei murrizketa gehiago inposatzeko. 35 orduak berriz malgutzea, oporrak konfinamendu garaian hartzera bultzatzea udan hartu beharrean, asteko gutxieneko lan-iraupena luzatzea… Langileen kalterako izanen diren neurri batzuk dira horiek. Erne egon beharko dugu salbuespeneko neurri hauek ez daitezen betikoak bilaka krisia honen ondorio ekonomikoak konpontzeko aitzakiarekin. Indar berezi batzuk egin beharko direla onartzen badugu ere, onartezintzat jotzen dugu indar horiek betikoek egin ditzaten.

Koronabirusaren biharamuna bezperakotik desberdina izan beharko da. Krisi honetatik ateratzean, produktibismo eta neurriz kanpoko kontsumo « normalitatera » itzultzea ezinezkoa da. Indarrean den eredu ekonomiko ultra liberal eta globalizatuak frogatzen du zoin kolpaerrexa den alta berak eragin dituen ondorioen aurrean (krisia klimatikoa, ekonomiko,a sanitarioa). Gobernuak bidalitako lehen seinaleek ekonomia modu intentsiboan bultzatzeko borondatea adierazten dute, betiko logiziala gehiegi aldatu gabe.

Planeta hobeki arnasten ari da azken egun hauetan. Atseden labur hori ez da nahikoa izango, sakoneko aldaketa behar da.

Krisia larri honen fasea gainditurik mobilizazio eta borroka tartea irekiko da, urgentzia sozial eta ekologikoei erantzunen dieten bestelako norabideak inposatzeko. Sekulan baino beharrezko da gogoetatzea nola urrundu sistema kapitalistaren logikatik. Krisi honek agerian uzten du Euskal Herrian ditugun alternatiba ainitzek jendarte justuagoa osatzen dute, gure eskura eta gure ingurumena errespetatuz. Kapitalismoaren kontrako zentzura doazen aterabideak dira horiek. Zirkuitu laburrak, ekonomiaren berlokalizazioa, osasun zerbitzu publikoaren defentsa, hezkuntza, edota gizarte zerbitzuak dira, besteak beste, koronabirusak sortutako krisia gainditzeko beharrezko zutabeak, baina baita mundu jasangarriagoa, desiragarriagoa eta, azkenik, iraunkorragoa eraikitzeko ere.