Atzo iragan zen herriko bozen lehen itzulia eta poz handiarekin esan dezakegu, zerrenda abertzale eta ezkertiarrek emaitza politak egin dituztela orohar. Urruñan, Hiriburu, Ziburun, Ortzaizen eta Uztaritzen lehen itzuliko lehen indarrak dira.

Bestalde, hainbat tokitan emaitza deigarriak lortu dituzte ezkerreko abertzaleek : Kanbo, Donibane Garazi, Baigorri, Hendaia, Donibane Lohizune, Itsasu eta Maule besteak beste.
Donapauleri dagokionez, ezkerreko abertzaleek Charles Massondorekin egindako aliantzak, herriko etxea irabaztea ahalbidetu du, Barthelemy Aguerre auzapezgotik kanpo utziz eta bide batez, ipar euskal herriaren egituratze instituzionalaren aurkari amorratu hau, tokiko ardura politikorik gabe utziz.
Atzoko emaitzak, urteetan zehar, abertzaleek tokian toki egindako lanaren uzta dira. Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartzen doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz.

Salbuespen egoera
Gaur egun bizi dugun egoera sanitarioa ikusirik, desegokitzat jotzen dugu gobernuak herriko bozak mantentzeko hartutako erabakia. Lehen itzulian izandako abstentzioak, argi uzten du Coronabirusaren krisiak eragin zuzena izan duela parte hartzean. Izan ere, lehentasuna herritarren osagarria da eta ezinbesteakoa da koronabirusa ez hedatzeko behar diren neurriak hartzea.