Egun martxoaren 8an, emazteen eskubideen aldeko borroka egun honetan, emazteek pairatzen dituzten inegalitateak salatu eta berdintasunaren aldeko borrokak goraipatu nahi ditu EHBAIk.

Lan munduan edo espazio publikoan diren tratu desberdinak, etxeko lanen banaketan eta zaintza lanetan emazteen gain den lan karga, eta nolaz ez genero bortizkeriaren ondorioz urte guziz hiltzen diren emazteen kasua: denen ardura da; emazteena eta gizonena, gazte eta zaharrena, instituzio eta jendarte zibilarena, herritar bakoitzarena.

Egun elgarretaratze honekin, hauteskunde munizipalen bezpera honetan, mugimendu politiko bezala, foko berezia egin nahi ginuen emazteen leku murritzaz politikan, eta goraki aldarrikatu emazteek politika eremuan eta instituzioetan leku osoa hartu behar dutela.

Bada lan oraino!

Gaurregun Ipar Euskal Herrian, 158 herrietarik 17tan emazte bat da auzapez. Euskal elkargoko biltzarrean 233etarik 52 dira emazteak (%22) eta exekutiboan 25etarik 4 dira.

Herrietako hauteskundeetan aurten, 1000 biztanlez goiti duten herrietan, 100 zerrenda buruetarik 22 emazteak dira. Herri ttipietan, hautagaien heren bat emazteak dira (%36). Hauteskundeetan lehen lerroko rola hartzerat ausartzen diren emazteak oraino gutiegi dira. Gutiegi erdiz erdi emazteez eta gizonez osatua den herritargoaren errepresentatzeko!

Aldaketa ez da bakarrik eginen. Horren aldeko politikak beharko dira, guzi hau jendarte eredu, eta hain segur hezkuntza eredu baten ondorioa baita.

Euskal hirigune elkargoak duela guti parekidetasunaren aldeko Europar Xarta bere egin du. Baikorra da. Gobernantza paktu berriak parekidetasuna “ahal den neurrian” lortu behar dela azpimarratzen du ere, bainan ez du arau berezirik zehaztu horren segurtatzeko. Engaiamenduak hitzetatik ekintzetara gauza daitezen bermatu beharko da. Eta ez da dudarik. biharko EHBaiko hautetsiek arreta berezia emanen diotela gai honi.

Besterik gabe beraz Martxoaren 8 honetan, gora emazteen aldeko borroka !