Martxoaren 15ean eta 22an Herriko bozak iraganen dira. Hitzordu hori inportantea da Herriko Etxeak hurbilena dugun erabaki eremua delako. Baina horrez gain aurten herriko hautetsiak bozkatzearekin batean, Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoan izan diren ordezkariak hautatuko ditugu. Barnekaldearen ikuspundutikdesafio bikoitz honen aitzinean DENEK ELGARREKIN BADUGU ZER EGIN !!!
.
Hau da EH BAIk ondoko asteetan barnekaldean zabaldu nahiko duen mezua hiru problematiken inguruan:
  • Barnekaldeko herrien arteko ikuspegi bateratuaren beharra Herri Elkargoan.
  • Jaunttokeriaren aroaren gainditzea eta gobernantza demokratiko baten beharra.
  • Gazteen eta emazteen parte-hartzearen garrantzia.
.
Barnekaldeko herriek: Denek algarrekin badugu zer egin!
2017az geroztik, Ipar Euskal Herriko 158 herrien ordezkariak biltzen dituen Herri Elkargoa sortu da. Erabaki inportante batzuen heldu-lekua bilakatu da. Herri Elkargoaren biltzarrean, 232 ordezkari dira, eta horien artean, 106 barnekaldekoak dira. Beraz barnekaldea ongi ordezkatua da Herri Elkargoan. Honek baserri eremua eta hirigunearen errealitateen arteko osagarritasuna eta elkarlana eraikitzeko parada ezin hobea eskaintzen du, barnekaldeko herriak ikuspegi bateratuarekin ari izanez gero. Barnekaldeko herritarrak eta hautetsiak parada horri lot daitezela !
.
Jaunttokeriaren orria, behin betiko itzultzeko: Denek elgarrekin badugu zer egin!
Urte luzeetan, hautetsi “nagusi” batzuk Ipar Euskal Herriaren giro politikoa baldintzatu dute. Podere politikoa eskuetan atxikitzeaz gain, sare ekonomikoen hainbat hari mugitzen zituzten. Gehientsuenak panoramatik desagertuak badira, hauteskunde horiek balia ditzagun gelditzen diren azken jaunttoak baztertzeko. Halaber, Herri elkargoaren ibilmolde zentralizatuegiak jauntto berriak sor ditzakeelako, gobernantza demokratikoa eta deszentralizatua aldarrikatzen dugu : herritarren parte-hartze aktiboa, eta lekuan-lekuko poloen prerogatibo azkarrak.
.
Gazteriaren pindarraz eta emazteen kemenaz, herritarren parte hartzea inarrosten: Denek elgarrekin badugu zer egin!
Herritar ainitzek ez dute gehiago politikaz entzun nahi ! Ulertzen ahal ditugu… Baina, preseski, herriko bozak dira boikotatu behar ez diren hauteskundeak, herria baita hurbilen dugun podere gunea. Bereziki, gazteriak gure herriaren geroa bermatu behar baitu, barnekaldearentzat inportanteak diren herriko bozetan parte-hartu behar du. Horrezgain, emazteek politika eremuan leku osoa hartu behar dute. Hortaz, Herri Elkargoak parekidetasunaren aldeko Europar karta bere egin berri du. Engaiamendu horiek hitzetatik haratago gauza daitezen denen eginbeharra da !