Gaur goizean, David Pla atxilotu dute. EHBAIk, agiri honen bitartez, gogorki salatu nahi du goizeko atxiloketa eta gure sustengu osoa adierazi Davidi, eta baita bere lagun eta senideei ere.

Gaur, berriz ere, gogoratu nahi dugu euroagindu prozedura hau ez dela onargarria. Izan ere, Plari leporatzen zaizkion egitateak, Frantziar Estatuan gertatutakoak dira eta ondorioz, ez du jurisdikziorik Espainiar Estatuan. Are gehiago, Frantziako Poliziak bere txostenean berak baieztatu zuen, David Pla ez zegoela euroagindua eskatzeko leporatzen zioten bilkura horretan. Euroaginduaren onarpenean erran bezala, erabaki hau logika juridikotik at dago! Erabaki politiko hutsa da!

Gure herrian bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eta ekintzak izan beharrean, bi estatuek nahiago dute konfrontazioan oinarritutako eszenatokia mantendu eta eraiki. Modu eta jarrera horiekin, gure herriko gehiengo sozial eta politiko handi baten nahietatik urruntzen dira, euskal gizartearen gehiengo oso zabal batek askotan eta modu askotara adierazi duelako bakea eta elkarbizitza eraikitzea nahi dituela.

Zoritxarrez azken hilabeteetan mendekuan oinarritutako erasoak biderkatu egin dira. Prokuradoreak, Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Lorentxa Beyrie edo Ibon Fernandez Iradiren kasuetan hartutako erabaki politiko judizialak honen adierazle dira, eta onartezinak dira.

Azkenik, gaur, Hendaiako Herriko Etxe aitzinean arratsaldeko 19:00etarako deitutako elgarretaratzean parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.