EH Baik ez du onartzen, Edouard Philippe-ren gobernuaren erretreta erreforma eta egitasmoa kentzearen aldeko mugimendu soziala sostengatzen du.

EH Baik, osoki sustengatzen du erretreta erreformaren kontrako herri-mugimendua eta antolatu biltzarretan bultzatu diren manifestaldi eta ekintzetan numbrean parte hartzera deitzen du.

Erretreten inguruko borroka politikoa eta soziala oinarrizkoa da. 60 urte gorakoen diru sartzea, salbuespenik gabe, denak hunkitzen gaitu. Gizartean bizitzeko moldearen aldetik, oinarrizko hautuak egitera dakar : elkartasunari lehentasuna eman edo bakoitzak bere interesen alde jokatzea.

Frantses Estatuan indarrean den sistema, hautsi-mautsi sozial-demokrata baten fruitua da, jendartearen arteko elkartasunezko hitzarmen batean finkatua dena. Langileen eta enplegatzaileen kotizazioak erretretadunen pentsioen ordaintzeko erabiliak dira. Horren truke, gaurko langileek, beraien biharko pentsioak geroko langileek ordainduko dituztela segurtatua dute.

Sistema hori hamarnaka borroka, negoziazio, hautsi-mautsi urteren emaitza da, baina batzuetan, langileen porrotena ere. Alabaina, 90. hamarkada hasieran eta kapitalismo neo-liberal aldian sartzearekin batera, gobernu ezberdinek erreforma andana bat obratu zituzten honako helburu hauekin : elkartasuna hautsi indibidualismoa inposatzeko, kotizazioak murriztu engaiatu kapitalaren irabazia haunditzeko, irabazitako abantail sozialak ttipitu asurantzentzat eta pentsio funtsentzat merkatu eremu berriak irekitzeko. Azken 25 urte hauetan, pentsioen eta hilabete-sarien arteko lotura ttipituz joan da eta tasa oso baterako erretreta kotizazioaren iraupena gero eta ezin gauzatuzkoagoa bilakatu da, emazteentzat bereziki.

Gaur egun, sistemaren natura aldatuz, Macronek bere aitzinekoen obra bururatu nahi du. Ustezko « pribilegioen » kontra egiten du, kasu gehienetan nekagarritasunaz kontu hartzen duelarik. «Unibertsaltasunaren » izenean, puntukako sistemak pentsioen apaltze orokorra dakar: erretreta hartzea 64 urtetara luzatuz eta gizon-emazteen hilabete-sarien arteko ezberdintasuna kondutan hartu gabe. Gainera, langabezirako asurantzarentzat bezala, Macronek, hemendik aitzina, gobernuak eta finantza-bulegoek kudea dezaten nahi du eta ez nagusi eta sindikatuen arteko negoziazioen bitartez.

Frantses sistemak, -eramandako borrokei esker-, neo-liberalismoaren modeluari aurre egin ahal izan dio beste edozein estatuk baino hobekiago, nahiz eta ona izatetik aski urrun den oraindik. Sistema hori hobetu behar da, kotizazio sozialen murrizte politika auzitan jarriz. CAC 40ko enpresek, 2018an, 57.4 miliar euro dibidendu banatu zituzten akziodunen artean; beraz kotizazio sozialen oinarria finantza irabazietara hedatu behar da. Orokorkiago, zuzenkontrako eta ondoriorik gabeko zerga bilketa liberalak sakontzeko orde, zaindu eta bultzatu behar dena da : ekonomiaren aldaketa ekologikoan eta kalitatezko zerbitzu publikoetan enpleguen sortzea bultzatzea. Hala nola, hilabete-sariak goratu eta emazte-gizonen arteko lan-sarien berdintasunaren aldeko neurri behargarriak hartzea. Ondorioz, automatikoki, erretreta kutxentzat dirusartze berriak ekarriko lituzke.

EH BAIk bere helburutzat dauka, jendartearen arteko elkartasunezko gizarte baten bideratzea, non nehor ez den ezintasuneraino lan egitera behartuko. Hots, langabeziarekin eta ezegonkortasunarekin bukatuko duen gizarte baten bideratzea.