Atzo jakitera eman zen, Pariseko instrukzio epaileak, Kalaka auzia deituriko dozierra hetsi zuela. Lehenik eta behin, EHBAIk, bere sustengu osoa adierazi nahi die egondako errepresaliatuei.

2007ko irailaren 24ean egondako polizia operazio baten ostean, 15 pertsona atxilotuak izan ziren. Frantses estatuaren eskutik egondako operazio polizial disproportzionatuak, harridura eta ez ulertzea eragiteaz gain, bertan bildu ziren frantses zein espainiar hedabideen presentziak egoera itogarri bilakarazi zuen.

Sarekada honen aitzakia, ustez, Ducasse sukaldariaren jatetxearen kontrako ekintzan oinarritua zen. Lehen momentutik salatu zen muntaia poliziala eta horrek atzetik zekarren guzia. Hau da, Garzonen nahia, Frantses polo antiterrorista garatzearen nahia. Sarekada honek, hurrengo hiru urteetan, ipar Euskal Herrian egonen diren hamarnaka atxiloketei eman zion hasiera -eta kasu batzuetan kartzeleratzeraino-: Kanttu, Xilko eta Tana ostatuen kontrako jazarpena, Batasunako sarekada, gazte askoren atxilotze ala konbokazioak, ADN fitxaketa masiboa…

Atzo, eta 12 urte geroago, gertakarien momentuan ehundaka herritarrek ozen eta fermuki salatzen zutenaren baieztapena etorri da. Baina honek, kalte eta ondorioak utzi ditu : 5 pertsona urte batez giltzapeturik, sakabanaturik eta bakarturik, beren bizia 12 urtez hipotekaturik eta beste hamarnaka herritar jazartuak.
Egun berriz diogu, Frantses estatuak, Euskal Herriak urte luzeetan zehar bizi duen gatazka politiko honetan izan duen ardura errekonozitu behar duela (GAL, BVE, montai polizialak, Popo, Jon Anza…). Sortu eta garatu duen polo antiterroristak, eragindako kaltea errekonozitu dezan exigitzen diogu.

Gatazka politiko honi irtenbide integrala emaiteko garaia da. Historia errepikatu ez dadin, Bakegileek-Orain presoak datorren urtarrilaren 11an Baionan eta Bilbon antolatzen duten manifestaldiari juntatzen gara eta bertan kopuru handian parte hartzeko deialdia luzatzen dugu. Guk ere makila eskuan, Baionako karriketan, Macroni Hitzetatik Ekintzetara pasa dadin aginduko diogu.

David Plaren euroangindua onartua
Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagorekin, atzo Pariseko Kasazio Auzitegiak David Pla espainaratzea onartu izana gogorki salatzen dugu. Orain dela aste batzuk esandakoa errepikatzera behartuak gira eta oroitarazten dugu euroagindu prozedura hau ez dela onargarria. Gure herrian bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eta ekintzak izan beharrean, bi estatuek nahiago dute konfrontazioan oinarritutako eszenatokia mantendu eta eraiki. Modu eta jarrera horiekin, gure herriko gehiengo sozial eta politiko handi bat nahietatik urruntzen da, euskal gizartearen gehien oso zabal batek askotan eta modu askotara adierazi duelako bakea eta elkarbizitza eraikitzea nahi dutela.