Laister, EH Bai mugimendu politikoak, bere Biltzar Nagusia eginen du. Abertzale mugimenduan, Biltzar Nagusiek beti une azkar bat markatu dute. Batzuetan ere, zatiketa garaietan, tirabira aldi bat izan da, alde bakoitzak bere zain-dobleak erakusteko gisan. Denborak aldatu dira eta hitzordu horietarako karra arindu da.

Gaur egun oraino, Biltzar handi horien alderako parioa egiten jarraitzen du EH Baik, erabaki eta norabide politikoak bere militanteengandik ahal bezain hurbil finkatzeko. Baina, beste edozein mugimendu politiko bezala, gurea ere ez dago desinteres edo berdin mesfidantza haizearen babespean, alderdi politikoen praktika mailan eta batzuetan haien izate beraren mailan.

Azken egun hauetan oroitarazten genuen, nola Jaka Horien mugimendua duela urte bat abiatu zen. Gaur egun, oroitaraz dezagun, mugimendu horrek agerian eman duela Estatuaren zilegitasunaren krisia, hala nola instituzioena eta gaurko eredu politikoarena.

Jaka Horien jazarpena eraiki da egituraketa ukatuz bidenabar. Ukatze printzipio horretan dauka bere indarra, baina ere nunbait bere ahulezia. Azkenean, mugimendu horren higatzera heldu da Boterea, polizial eta judizial errepresio ukaldika.

Eredu berri bati pentsatzen hasteko ordua da, jendeari bere leku osoa emanen dion ereduari; norberaren egunerokoari eta gerokoari buruzko erabakien berreskuratzea ahalbidetuko duen eredu bati. Asmakor izan beharko da. Baina, ereduaren osagaietan, nor bera bere nagusi izatea barneratuko ez duen ereduaren idurikatzea neke zait eta horren osagaietan, aldarrikapen ezberdinak eta jendarteari buruzko egitasmoen ordezkaritza politiko bat instituzioetan barne ez izatea. Politikan, agerbide edo ordezakaritza zuzenik gabe, egiazko askabiderik badea?

Hutsegitea liteke, herritarrek politika saila eskutan hartzea eta politika saileko goi arduradunek ematen diguten politikari mundua bere zentzugabekeria, ahalkegabekeria eta mespretxu multzoarekin nahastea.

EH Bairen xedea da, bi funtzio horiek gorpuzten dituen mugimendu baten sortzea: ihardukitzea, eztabaidatzea eta eraikitzea, instituzio berrituetatik abiatuz, gaurko eredu liberal, klimatizido eta sozialki bidegabeari alternatiba bat eraikitzea. Abertzale mugimenduak eta honetatik jalgi diren pertsona anitzek borroka aldiak antolatu izan dituzte eta hamarraldietan zehar Euskal Herriarentzat egitasmo egituratzaileak eraiki. Ordu da, holako iragan dinamiko bati adierazpide politiko sendo bat eman diezogun.