53 urteko emazte bat hilik atzemana izan da bere etxean, gorputza ubelduraz josia. Donibane Lohizunen bestalde, 19 urteko neska bat erasotu dute.

Frantses estatu mailan, bere bikote kide edo bikote kide ohiaren eskutik hildako 129. emaztea da, hirugarrena ipar Euskal Herrian.

Frantziar estatu mailan, 2 egun t’erdi guziz, emazte bat hiltzen da bere bikote edota bikote ohiaren eskutik. Datu zinez beldurgarria eta onartezina. Emazte eta gizonen arteko berdintasunaren alde giren heinean, ez dugu onartzen jendarte patriarkalak garatzen duen eredua. Hitzetatik haratago, berdintasunera joko duten ekintzak itxoiten ditugu.

Hogei egunen buruan, azaroaren 25ean, iraganen da emazteen kontrako bortizkeriaren aurkako nazioarteko eguna. Emoziotik haratago, benetan neurri zehatzak hartzeko eta behar diren diru baliabideak dedikatzeko momentua dela adierazi nahi dugu. Mugimendu feministek formulatzen dituzten hainbat neurriekin bat egiten dugu, horien artean « Feminizidoa » Kode penalean juridikoki sartzea.

Macron-ek bere kanpainan, helburutzat finkatu zuen emazte eta gizonen arteko berdintasuna bere mandatuko gai nagusia izanen zela. Mandatu erdian gira eta ekintza konkretu eta ausartak oraindik itxoiten ditugu. Mandatu hasieratik 300 emazte baino gehiago izan dira feminizidoen biktimak. Ez dugu onartuko beste 300 gehiago izaitea ! Urgentzia hor da !