Atzo, Landesetako militar ohi batek, atentatu bat egin du Baionako meskitaren aurka. EHBAIk, gogorki salatu nahi du ekintza arrazista hau. Ez da lehen aldia, Baionako meskitak eraso bat jasotzen duela baina oraingoan tiroz zuzenki erasotua izan da, bi pertsona zaurituz.

Mota desberdinetako azterketak egonen dira datozen egunetan hedabide desberdinetan. Frantziako politikariak -eta gobernuko kideak lehen lerroan- gertakari honen inguruko lehen erreakzioak ezagutaraziko dituzte eta sare sozialetan mota desberdinetako erreakzioak biderkatuko dira. Frente Nazionalak, betidanik diskurtso islamofobikoa baliatu du bere boz kopurua emendatzeko. Azken urteetan, ardurarik gabeko politikari batzuk, joko hortan sartuak dira eta giro gaiztoa sortzen dute. Nola ez aipa ere, hedabide batzuen hautu kritikagarriak, hizlari xenofoboak gonbidatzen dituztenean antolatzen dituzten eztabaida desberdinetara. 
Ez daitezen harritu, entretenitzen duten ikatz gorritik, sua pizten delarik.

Euskal Herria, harrera herria izan da betidanik. Indarrak biderkatu beharko ditugu bakoitzak bere sinesmenen arabera lasaiki bizitzeko aukera izan dezan. Xenofobia ororen aurkako borroka martxan jartzeko garaia da. Amalgama okerrena ekarriko duten lasterbideak kolokan jarri behar ditugu eta eskuin muturreko ideien aurka borrokatu behar gira. Erligio desberdinetako jendeak zein sinesmen berezirik ez duen jendeak bere lekua du Euskal Herrian. Euskal Herriaren aberastasunetariko bat da, hain zuzen ere, komunitate guztien arteko elkarbizitza baketsua. Kasu egin behar dugu Frente Nazionalaren gorakadari: Islamofobiaren aurkako borroka lehentasunetariko bat izan behar da.

Gure sustengua adierazi nahi diogu Baiona zein Euskal Herriko musulman komunitateari eta bereziki bi biktimei, ahal bezain laister senda daitezen espero dugu.